2024-12-22
HomeEkintza SozialaPolitika publikoakAinhoa Etxaide: «Enplegu politiketan norabide aldaketa bat derrigorrezkoa da»

Ainhoa Etxaide: «Enplegu politiketan norabide aldaketa bat derrigorrezkoa da»

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailean eman den sailburu aldaketaren aurrean, LABek gaurdainoko kudeaketaren balorazioa eta aurrera begirako aldarrikapenak azaltzeko agerraldia eskaini du Bilbon. LABek derrigorezkotzat jotzen du enplegu politiketan norabide aldaketa bat eta hori gauza dadin hartu beharreko neurriak azaldu ditu Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusiak.

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailak aurpegi berriak iragarri ditu. Baina ikusita zer gertatu den azken bi urteotan enpleguarekin eta pobreziaren gorakadarekin aurpegi berriak baino zerbait gehiago beharko da. Derrigorrezkoa da norabidearen aldaketa.

Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailaren jarduera baloratzeko orduan bi ideia azpimarratuko ditugu: 

1. Azken bi urteotako enplegu politikak ez du ezer egin laneko pobrezia gelditzeko.
2. Babes soziala ez da garatu behar errealei aurre egiteko

1. LANEKO POBREZIAREN GORAKADA JAURLARITZAREN ENPLEGU POLITIKAREN PORROTA DA

Jaurlaritzaren eta Enplegu Sailaren lana: itxurazko politikak egiazko arazo larriei erantzun gabe

▪ Planak eta Planak: Azken bi urteotan ezagutu dugu planen inflazio bat: Enpleguaren Erreaktibaziorako Programa, Enplegu Plana 2013-2016, Enplegu Plana 2014-2016, Enplegu eta Erreaktibazio Ekonomikorako Programa Markoa ,… Horietan milaka lanpostu berriak iragarriz. Baina emaitzak ikusita, zenbat eta plan gehiago, emaitza gutxiago. Esan behar da enpleguaren egoera larria baldin bada ere, ez dela eman egoera horrek eskatzen duen jauzi kualitatiborik planen taxuketan. Krisia sortu aurreko betiko planak mantentzen dira, betiko inertziak eta eskemak: formazioan, kontratazioaren bonifikazioetan,…

▪ Marketina eta publizitatea gauza guztien gainetik. Plan guztietan neurri berberak aurkitzen ditugu. Bi urte galdu egin dira, eta okerrena, Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailaren politikek iseka egiten die langileei. Azken froga dugu Elkarrizketa Sozialaren azken bilera. Itxurazko politikaren adibide ezin negargarriagoa. Bertan gazteentzat eta 55 urtetik gorako langileentzat enegarrenez iragarritako neurriak beste behin ere adostu omen zituzten, 2016ko aurrekontuetan agertuko omen direnak, erreleboa kontratoa kasu. Lotsa handiagorik ezin da izan.

▪ Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailaren enplegu politika patronalaren gustokoa da. Sailetik ez du kolokan jarri lan erreforma, eta gutxi egin da erreforma horren eragin eta ondorio kaltegarriak apaltzeko. Saila enpresei aldi baterako kontratuak eta kontratu prekarioak egin ditzaten dirua ematera bakarrik mugatzen da, edo enpresek ematen dituzten soldata txikiak osatu ditzaten. Aldiz, enplegu departamenduaren aldetik ez dugu deus aditu lan banaketari buruz, 35 orduei buruz, enplegu publikoaren beharrari buruz,…
 

Jaurlaritzaren enplegu politikak ez du ezer egin laneko pobrezia gelditzeko azken bi urteotan. Gaur egun indarrean dagoena Enplegu Plana 2014-2016 da. Dagoeneko urtebete igaro da Plana martxan jarri zenetik baina lan merkatuko egoerak okerrera egin du: Langileen egoera gero eta kaxkarragoa da, bereziki gazteentzat, emakumeentzat, etorkinentzat eta 50 urtetik gorakoentzat.

Langabeziak gora egin du. EPAren datuen arabera, 2013. urte amaieran EAEn 173.300 langabe zeuden eta 2014. urte amaieran, aldiz, 174.100. Beraz, langabeziak %0,5 egin du gora. Gaur egun, langabezia tasa %16,6koa da.

Gazteei enpleguaren atea itxi egin zaie. Gazteen langabezia %43,2koa da. Hau da Sail honen suspentso erabatekoa. Jaurlaritzaren ezintasuna Erkoreka jaunak inork baino hobeto baloratu zuen: “zenbait enpresari erosoago daude bekadunekin enplegatuekin baino”.

▪ Etorkinen artean, langabezia tasa %40koa da. 

▪ Etorkizunik ez langabezian geratzen direnentzat. Bereziki larria da epe luzeko langabeziak izan duen bilakaera, ezin da kezkagarrigoa izan: 2 urte baino gehiago langabezian dauden pertsonak 62.900 izatetik 78.400 izatera pasa dira. Hau da, gaur egun EAEn dauden langabetuen %45ak 2 urte baino gehiago daramatza langabezian. 

▪ Sortu den enplegua oso kaxkarra izan da. 2.500 lanpostu sortu dira baina aztertu beharra dago zer motatako lanpostuak sortu diren:
 

• Lanaldi osoko 21.000 lanpostu suntsitu dira eta lanaldi partzialeko 23.500 lanpostu sortu. Hau da, enplegu berriak sortu dira baina kontratatutako lan orduek behera egin dute.

• Lanaldi partzialak batez ere emakumeen artean egin du gora; urtebetean 19.500 lanaldi partzialeko lanpostu sortu dira eta gaur egun lanaldi partzialeko lanpostuen %83 emakumeek betetzen dituzte.

• 2014. urtean EAEn sinatu diren kontratuen %93,1 aldi baterakoak izan dira, eta %6,9 soilik finkoak.

 

2. ENPLEGU ETA POLITIKA SOZIALETAKO SAILBURUAK EZ DU ULERTU BABES SOZIALA, HITZEZ HARATAGO, EKINTZEKIN DEFENDATU, INDARTU ETA ZABALDU BEHARRA DAGOELA

• RGI behar duten langileak gero eta gehiago dira. Dagoeneko 65.687 langile dira, pasa den urtean baino %4,5 gehiago.

• Hazkunde horren atzekaldean, enplegu politikaren porrota dugu. Azken bi urteotan hazi egin da pobreziaren errealean aurkitzen diren pertsonen proportzioa enplegurik gabe daudelako edo ez dutelako behar besteko diru-sarrerarik, gaizki ordaindutako enpleguaren ondorioz. Eustaten arabera, %52,4-tik (2008) %64,3-ra pasatu da 2014an.

• Departamenduak iragarritako neurriek ez dute balio izan egoera hau iraultzeko. Aitzitik, sakondu egin dute. Esaten digute hasia dela enplegu berria sortzen. Baina, aldi berean, igotzen ari da RGI eskatu behar dutenen langileen kopurua. 

Erabat salagarria izan da Aburtoren isiltasuna patronalaren aurrean. Ez dute lotsarik izan RGIren aldeko dokumentu bat elkarrekin sinatzeko (CCOO eta UGTrekin batera), behin eta berriz patronalak soldata baxuak eta kontratu prekarioak ekartzen dituen lan erreforma bat gupidarik gabe aplikatzen dituen bitartean. Laneko pobrezia sortzen duenak langile pobreak izaten bematu nahi ditu RGIaren kontura.

• Aburtok nahi izan du bere burua nabarmendu RGIren defentsan, baina argi esan behar da: murriztutako RGIren defentsa egin duela. Eta horretaz baliatu da RGI ez hobetzeko eta ez zabaltzeko, milaka lagun babesik gabe utziz:

Ez du atzera egin RGI-k jasandako murrizketa bakar batek ere: ez zenbatekoaren %7ko murrizketak, ezta erroldarren luzapenak ere.

Prestazioa jasotzeko baldintzak gogortu ditu barneko erregelamenduaren bidez, legearen irakurketarik zurrunena aplikatuz.

Lanbide bihurtu du prestazioak kontrolatu eta emateko bulego huts. Kudeaketa kaotikoa izan da, oso kaltegarria RGI-a eskatzen dutenentzat: langile nahikorik ez da izan kalitateko zerbitzua emateko. Gainera gehienak kontratu prekarioekin daude.

Aburtoren Enplegu Sailak parte hartu du ere susmoaren eta kriminalizazioaren kanpainan prestazio ekonomikoa eskatzen dutenen aurka. Nahikoa da gogoratzea zer gertatu zen milaka eskutitz bidali zituenean emandako laguntzak itzultzeko. Noiz eta RGIren kontrako ofentsiba xenofoboa eta eskubideen murriztatzailea puri-purian zegoenean. Horrela Departamenduak jarrera irmoa erakutsi nahi izan zuen iruzurraren kontra, egiatan administrazioaren huts galanta izan zenean. 

Aburtok RGI-ari buruzko diskurtso atsegina eta ulerkorra erabili du ahalik eta gehien kontrolatzeko eta apaltzeko jendearen sarrera babes sozialeko sisteman:
 

 
◦ kriminalizazioaren esparru labainkorra zapalduz
◦ prestazioak jasotzeko baldintzak gogortuz
◦ RGI zabaltzeko edozein ekimena itxiz, kolektibo ugari kanpoan utziz, emantzipazio bidea itxita duten gazteak esate baterako
 

3. BEHARREZKOA DA KALITATEZKO ENPLEGUA SORTZEA ETA, HORREN EZEAN, KALITATEZKO BABES SOZIALA DENONTZAT
Bizi dugun egoera larriari buelta eman ahal izateko orain arte aurrera eraman diren politiken norabide aldaketa behar dugu, hain justu orain arte egin denaren kontrakoa. Ezinbestekoa da kalitatezko enplegua sortzea, eta horrekin batera, dagoena banatzea, ez suntsitzea eta ez kaskartzea.
Sortzen den aberastasuna modu egokiagoan banatuz finkoak eta kalitatezkoak diren lanpostu berriak sortzeak izan behar du helburua. Horretarako:

• Lan mundua berrantolatzea ekarriko duen bidea egiteko akordioak egin behar dira.

Sektore publikoak enpleguaren sorreran inplikazio handiagoa izan behar du, krisiari aurre egiteko motore nagusia den heinean.

Lanaren banaketarekin loturiko neurriak hartu behar dira; lanaldia murriztuz 35 orduen bidean, aparteko orduak ezabatuz, jubilazio adina murriztuz, …

• Negoziazio kolektiboa berreskuratzeko adostasuna. Enpresa eta langileen arteko harremanak bideratzeko tresna nagusia delako. Lan munduan egin behar diren aldaketak burutzekok tresna eraginkorrena delako.

Enplegua kalitatezkoa izan dadin neurriak hartu behar dira; hitzarmenen ultraaktibitatea mantenduz, behin-behinekotasuna mugatuz, langileen eros-ahalmena bermatuz, …

Diru-sarreren Bermea guztiontzat: Diru-sarrera Bermatzeko Legea aldatu behar da, babesa irits dadin behar duen ororengana. Diru-sarrera Bermatzeko errentaren zenbatekoa kopurua handitu, inor ez dadin geratu pobrezia-atalase azpitik.

Benetako enplegu politika bat aurrera eraman ahal izateko enpleguarekin loturiko eskuduntza guztiak lortu behar dira; politika aktiboak, politika pasiboak eta lana arautzeko ahalmena. Lan harremanetako eta babes sozialeko berezko sistema izan behar dugu Euskal Herrian. 

• Enplegua babesteko, hobetzeko eta berria sortzeko estrategiaren eztabaida.

• Pobrezia izango bada lehentasuna badago nondik hasi:

– Zerbitzu sozialak hobetzeko eta indartzeko plana.
– Hasi gaitezen pobreziaren muga gure artean zein izango den adostuz eta hor dagoen pertsona guztien egoerari aurre egiteko plan oso bat definitzen.
• Behingoz heldu behar diogu, enplegu eta babes sozialeko gaiak erabakitzeko dugun ahalmen legegile faltari. Hemen erabaki behar da, zer nolako lan harreman eta babes sozial eredua nahi dugun, Madrilen injerentziarik gabe. Ez da nahikoa erreformaren aurka azaltzea eta gero erabaki politiko bakar bat ez hartzea erreforma auzitan jarriz, horrek patronalarekin aurrez aurre jartzea eskatzen duelako.

• Elkarrizketa sozialeko mahaiarekin ze asmo duen argitu behar du lehen bait lehen. Mahai hori ez da sortu lan munduan ditugun benetako arazoei irtenbidea emateko, sakoneko eztabaidei ekiteko. Elkarrizketa sozialeko mahaia, sortua dagoen moduan eta dituen zereginekin bertan behera utzi behar da, langileei beharrei bizkar eman eta gobernua eta patronala zilegiztatzeko baino ez delako.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...