2024-12-22
HomeEkintza SindikalaAiaraldeko etorkizunaren alde mobilizatuko gara, enpleguaren eta lan duinaren defentsan

Aiaraldeko etorkizunaren alde mobilizatuko gara, enpleguaren eta lan duinaren defentsan

Hauxe da gaurko agerraldian irakurri dugun oharra:

Gaurko prentsaurreko honetan, Aiarako LABeko ordezkari eta delegatu ezberdinak gaude, industria-sektorekoak: Tubacex, Tubos Reunidos, Megatech, Inauxa, Amurrio Ferrocarril, Aiala Vidrio, Maderas…, bai eta Merkataritza, Osakidetza, Hezkuntza, jantokiak, etxez etxeko laguntza eta administrazio publikoko ordezkari sindikalak eta pentsiodunak ere, eskualdea bizi duen egoera ekonomikoaren irakurketa ezagutarazteko eta azaroan “AIARALDEKO ETORKIZUNAREN ALDE! ¡Por un empleo y una vida digna!” lemapean deitu ditugun mobilizazioen berri emateko. 


Aiara alarma gorrian dago, eta ez bakarrik COVIDen gaur egungo datuengatik, enpleguaren suntsipena eta lan-baldintzen eta soldaten jaitsieren mehatxua kezkagarriak direlako. Aipamen berezia merezi dute Tubacexen langileen kaleratzeko mehatxuarekin gertatzen ari dena, Tubos Reunidosen inguruan dagoen ziurgabetasun handia, osasun publikoko langileen eta zerbitzuen egoera, ostalaritzaren eta merkataritzaren sektorearen egoera, eta eskualdeko hainbat enpresa txiki edo autonomo pairatzen ari diren egoera… Zerrenda honekin luzaroan jarrai genezake, Aiaraldeko ekonomiaren panorama negargarria adierazten diguna.

Langabeziari buruzko zenbakiek berez hitz egiten dute, eta eskualdearen langabezia-tasa Euskadirena baino askoz handiagoa izan da aspalditik. 2020ko iraileko datuen arabera, Amurriok %15,4ko langabezia-tasa du, eta Laudiok, % 14koa, EAEkoa %10,3an dagoenean.

Langabeen kopuruari dagokionez, 2019ko urriko eta 2020ko datuak alderatuz gero, langabeen kopuruak % 16,3 egin du gora, eta gora egin du sektore guztietan. Igoera handienak industrian (%23 gehiago), eraikuntzan (% 16) eta zerbitzuetan (% 13 eta 195 langabe gehiago) izan dira. Amurrioko eta Laudioko udalerrietan igo da gehien langabeen kopurua. Urrian Arakaldon, Amurrion, Artziniegan, Aiaran, Laudion, Okondon, Orozkon eta Urduñan 2685 langile zeuden langabezian (%57 emakumeak eta %43 gizonak); eta zeudela esaten dugu oraindik ostalaritzaren itxiera dekretatu gabe zegoelako eta faktore horrek eta beste batzuen ondorioak oraindik jaso gabe daudelako. Gaur egungo datuak okerragoak direla esan dezakegu. 

Eta hau ez da COVIDek sortutako osasun-krisiaren ondorio soilik. Denok dakigunez, hau atzerago doan kontu bat da, azken hamarkadetan Aiaran bizi dugun egoera areagotu eta okertu du pandemiak. 

Krisiak krisi, ikusi dugun gauza bakarra izan da eskubideak eta lan-baldintzak galtzea eta enplegua suntsitzea, erreferentziazko enpresak ugari itxi dira, enpresa-proiektu berririk gabe, eta, kasurik onenean, eskualdetik kanpo lana bilatzera behartuta. Azken urteotan, ehunka gaztek eta ez hain gaztek alde egin behar izan dute gure eskualdetik, beste eskualde batzuetan edo Euskal Herritik kanpo lana eta bizimodua bilatzeko.

Argi esan behar dago, Aiaraldeko zerbitzuak eta sare ekonomiko eta soziala bultzatzeko udalez gaindiko administrazio publikoen inplikazioa ia hutsaren hurrengoa izan dela, eta eskualdea urte luzez alde batera utzi dutela. Eusko Legebiltzarrean Aiaraldeko egoera ekonomikoa suspertzeko ponentzia abian jarrita, espero dugu klase politikoaren inplikazioa errealagoa eta propaganda gutxiagokoa izatea, eta egoera hori aldatzen joatea. 

Baina, aurreko krisietan bezala, ezin dugu Aiarako egoera sozioekonomikoak hobera egingo duenaren zain egon; bada garaia aktibatzeko, aldarrikatzeko eta kalera ateratzeko, kalitatezko zerbitzu publikoen alde, enpleguaren defentsan, lan-baldintza eta gizarte-eskubideen alde… Azken batean, enplegu eta bizitza duinen alde, eta gure eskualdearen eta langileen etorkizunaren alde.

LABek parte hartu eta bat egin du eskualdeko hainbat enpresa-batzordek, jantokietako langileek, hezkuntzakoek, Osakidetzakoek, zahar-egoitzetakoek, pentsiodunek, Aiaraldeko Greba Batzordeak, ostalaritzako sektoreak… egindako mobilizazioekin. Horretan jarraituko dugu, baina eskualde gisa erantzuteko unea ere bada. Horregatik, gaur, prentsaurreko honekin, gure eskualderako etorkizunaren aldeko kanpaina bati hasiera emango diogu. Ostiral honetarako kotxe-karabana bat  antolatu dugu eta datorren ostiralerako, hilaren 27rako, mobilizazioa deituko dugu arratsaldeko 18:00etan Laudion.

Amaitzeko, hurrengo aste eta hilabeteetan gure eskualdearen etorkizunaren alde eta langileen eskubideen alde mobilizatzen jarraitzeko konpromisoa adierazi nahi dugu LAB Aiaratik, osasun-egoerak horretarako aukera ematen badigu. Aiaraldeko sektore ezberdinen arteko aliantzak bilatzeko konpromisoa ere hartzen dugu, gure eskualdeak bizi duen egoerari erantzuteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...