2024-11-19
HomeEkintza SindikalaAgropekuarioko hitzarmenerako akordioa #LortuDugu, Nafarroako landa eremurako lan-hobekuntza garrantzitsuak dituena, horien artean...

Agropekuarioko hitzarmenerako akordioa #LortuDugu, Nafarroako landa eremurako lan-hobekuntza garrantzitsuak dituena, horien artean bi eguneko atsedenaldia

Gaur, urtarrilaren 23an, akordioa lortu dugu Nafarroako sektore agropekuarioko lan baldintzak arautzen dituen hitzarmenerako, langileek aldeztu dituzten aldarrikapen nagusiak jasoko baititu. LAB sektoreko bigarren indarra da eta berarekin akordioa lortu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta UAGN, UCAN eta EHNE enpresek osatutako sektoreko patronalak. Hitzarmenak 2023, 2024 eta 2025 urteetako lan baldintzak arautuko ditu eta, bertzeak bertze, bi eguneko asteko atsedenaldia sartuko du; horren karietara mobilizatu zen LAB iragan igandean.

Azken hilabeteetan LABek adierazi izan duen bezala, sektore honetako hitzarmenak lan-baldintzak benetan hobetzeko balio behar zuen. Eta balio izanen du, akordio honetan jasotzen baitira LAB sindikatuak eta sektoreko langileek negoziazio-mahaian eta kalean defendatu dituzten aldarrikapen nagusiak.

Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintza lan zentroetako hitzarmenaren negoziazioaren hasieratik, LAB sindikatuak zenbait hobekuntza eskatu izan ditu, agropekuarioko langileentzako lan eta bizitza duina bermatzeko, eta gaur horietako gehienak sartzea lortu da.

Alde batetik, sektoreko soldatak KPIari lotuta igotzea lortu da, horrela kontsumo-prezioek egiten duten bezala igotzea bermatuz, eta igande eta jaiegunetako lanagatik ordainsari ekonomikoak hobetu dira. Lanaldia ere zortzi ordu murriztuko da, eta langileek denbora libre gehiago izanen dute beren bizitzarako eta atsedenerako.

Gainera, iruzurraren eta prekaritatearen aurkako neurriak jasotzen dira hitzarmenean, hala nola lanaldiaren kontrola modu digitalean 15 langile baino gehiagoko enpresa guztiendako, eta aldizkako kontratu finkoetarako baldintzak hobetzen dira, eta langileek lanik gabeko egunetan langabezia kobratzeko duten eskubidea bermatzen da.

Bertzalde, lortu dugu patronalak agropekuarioko langile gehienen jatorria kontuan hartzea, jatorrizko herrialdean egon daitezkeen senideen ospitaleratzeei edo heriotzei lotzeko baimenak hartzeko aukera izanen baitute.

Gainera, bi lantalde sortu dira, data eta helburu zehatzekin. Horietako bat hitzarmenaren kategoriak, horien erabilera eta igoera aztertzeko izanen da, bai eta peoi-biltzailearen kategoria kentzeko asmoz ere (patronalak, zerbitzu-enpresek eta ABLEek langileak esplotatzeko erabiltzen dutena). Bertzean, muturreko hotz eta bero egoeretarako protokoloak landuko dira, sektoreko enpresendako neurri eraginkorrak eta nahitaez bete beharrekoak arautzeko eta jazarpen egoerak prebenitzeko.

Eta bukatzeko, langileek igande honetan berean Iruñeko kaleetan defendatu zuten azken aldarrikapena onartu da: asteko bi atseden-egun, eta maiatzetik urrira lanaldi jarraitua luzatzea. Aurrerapen handia da atsedenerako eskubidean!

LAB sindikatuak oso balorazio positiboa egiten du gaur nekazaritza eta abeltzaintzako sektoreko patronalarekin lortutako akordioari buruz; izan ere, oinarri sendoak jarri ditu Nafarroako landa eremuan eta lan egiten duten pertsonen bizitzan lana duintzen jarraitzeko. Argi dago landa-eremuko langileen mobilizazioek lan-baldintzak benetan hobetzeko balio izan dutela, eta borrokarekin lortu dutela haien aldarrikapenak kontuan hartzea eta mila langileri baino gehiagori eragiten dien sektoreko hitzarmen batean jasotzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gizain fundazioko langileek lanuztea egin dute euren soldatak Foru Administraziokoekin parekatzea eskatzeko, eta 26an grebara joanen dira

Nafarroako gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Gizain fundazioaren Enpresa Batzordeak deituta, bertako langileek lanuztea egin dute gaur, 12:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, Nafarroako Gobernuak fundazioaren...

Garbiñe Aranburu: “Osakidetzak behar duen aldaketa eragiteko unea daeta LABentzat lehentasunezko borroka da”

Azaroaren 28an Osakidetzako hauteskundeetan LAB bozkatzea osasun sistema publiko sendo eta duin baten alde egitea izango da. Hala adierazi dute sindikatuko ordezkariek Bilbon egindako...

LABek Palestinako auziaren aldeko jardunaldi juridikoetan parte hartu du

Nazioarteko komunitateak Israelen zigorgabetasunarekin amaitzeko eta Palestinako herriaren segurtasuna, itxaropena eta eskubideak bermatzeko erakutsi duen ezintasunaren harira, Gernika-Palestina eta Yala Nafarroa herri ekimenek, European...