2024-12-22
HomeEkintza SozialaAdinekoen nazioarteko egunean, LABek justizia eta duintasuna aldarrikatzen ditu pentsioen sistema publiko...

Adinekoen nazioarteko egunean, LABek justizia eta duintasuna aldarrikatzen ditu pentsioen sistema publiko eta propio baten bidez

Gaur, urriak 1, Adinekoen Nazioarteko Eguna da, eta LABetik gogorarazi nahi dugu gure kide horiek aspaldidanik bizi eta lan baldintza justuen alde daramaten ezinbesteko borroka. Kolektibo anitza, konpromiso nekaezina duena eta klase-elkartasunaren eta ekintza batasunaren eredu dena. Adinekoen eskubideak ukatzen dituzten botere publikoen eta ordezkari politiko eta sindikalen aurrean, berriro diogu ez dugula atzera egingo Euskal Herrian zahartzaro duina izateko eskubidea gauzatu arte.

Norabide horretan aurrera joateko, LABek arlo zehatz batean antolatzen ditu lan-bizitza amaitu duten pertsonak, eta hilabete honen amaieran egingo da LAB Helduak-en hurrengo batzar nazionala. Gure analisiak eta ekarpen propioak egiten ditugu pentsioen arloan, eta sintonian gaude Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren (EHPM) aldarrikapenekin.

Borroka izugarria egin arren, ezin dugu ahaztu gero eta adineko eta pentsiodun gehiago direla ez daukatenak aukerarik bizitza duina izateko beharrezko zenbait baliabide eskuratzeko, hala nola etxebizitza duin bat, neguan energia nahikoa, elikadura egokia eta kalitatezko zaintzako zerbitzu publiko eta komunitarioak, besteren esplotaziorik sortzen ez dutenak. Oinarrizko ondasunen pribatizazio eta prekarizazio gero eta handiagoaz gain, hori gertatzen da pertsona askok, bizitza osoan lan egin badute ere, ez dutelako lortzen pentsio propio duina jasotzea.

Hego Euskal Herrian 200.000 pentsiodun baino gehiago ez dira 1.080 euroko pentsiora iristen, eta horien artean %68,8 emakumeak* dira. Gainera, Espainiako estatuak ematen dituen pentsioak urriak direnez, pentsio propioa eskuratzeko gutxieneko kotizazioa betetzeko oztopoak gainditu arren, hilaren amaierara iristeko EAEn Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta bezalako prestazio sozialekin edo Nafarroan kenkari fiskalen bidez osatu behar duten pertsonak ere badaude. Oso larria da bizi-gutxienekora iristeko pentsioa osatu behar duten 80 mila pertsonatik %76 emakumeak* izatea.

Alarguntasun-pentsioak eta kotizazio gabekoak dira Gizarte Segurantzako egungo sistemen alderdirik gaiztoena, enplegu duina izateko eskubidearen urraketa sistematikoa ezkutatzen baitute. Errealitate horrek batez ere emakumeei* eragiten die. Alde batetik, bizitzaren zaintzaren arduradun nagusiak izan dira eta dira oraindik ere, aintzatespenik eta ordainsaririk gabeko lanak eginez, eta, beste alde batetik, ezkutuko ekonomiaren zatirik garrantzitsuena ordezkatzen duen kolektiboa izan da, arautu gabeko, fiskalizatu gabeko eta ikusezin bihurtutako lanak eginez.

LABen defendatzen dugu pentsioak eta soldatak ezin direla bereizi. Horregatik, azpimarratu behar da oso garrantzitsua dela gutxieneko pentsioaren zenbatekoak hemengo LGS-aren (Lanbidearteko Gutxieneko Soldata) erreferentzia izatea. Horrela, EHPMk 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko premia handia dago; izan ere, aipatutako LGSaren erreferentziaren arabera, pentsio horrek are handiagoa izan beharko luke. Hori dela eta, irailaren 26an MPEHk aurkeztutako Herri Ekimen Legegilearekin bat egiten dugu.

Adinekoen Nazioarteko Egunean agerian jartzen dugu bizi dugun pobretzearen eta prekarietatearen hedapenak modu espezifikoan eragiten digula bizitzako une ezberdinetan. Funtsezkoa da gogoeta egitea, gizarte gisa, ikusteko ea nola antolatu nahi dugun gure etorkizuna eta adinekoen oraina. Horrek eskatzen digu eredu kapitalista, etnozida eta patriarkalaren muga kontzeptual batzuk haustea pentsio-sistemak birdefinitzeko.

Horregatik guztiagatik, LABen uste dugu garaia iritsi dela pentsio-sistema publikoa, solidarioa, kontribuziozkoa eta banaketakoa eraikitzeko premiari heltzeko, lan-harremanen eta babes sozialaren berezko esparrua garatuz. Hori lortzeko apustu irmoa egiteko unea da, Euskal Herriko langileei bidezkoa eta birbanatzailea izango den sistema bat bermatzeko, adineko emakumeekiko zor patriarkala ordainduko duena eta hemen bizi garen pertsonen errealitate espezifikoari kasu egingo diona. Borrokak merezi du! Pentsionistak aurrera!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...