Grafikagintzako hitzarmenaren negoziazio mahaia apirilean blokeatu eta hainbat mobilizazioren ondoren abenduan sindikatuok mahaia berriz deitu genuen mugimendu garrantzitsuak eginez gure plataforman. Adegiren erantzuna ez zen nahi bezalakoa izan ordea, puntu atzerakoiak mantenduz erantzun baitzion gure mugimenduari.
Hala ere, eta akordio batera iristeko asmoz, LAB eta ELA sindikatuok sinadurarako gure proposamena argi azaldu dugu mahaian. Hitzarmenaren mantentzeari garrantzia emanez sektoreko langileok urteetan lorturiko eskubideei eustea ezinbestekotzat jo dugu, eta horregatik, patronalak hitzarmenaren aldeko apustua egiten badu ezezkoa eman ezin dion proposamena egin dugu mahaiean. Indarraldia, soldaten igoera eta oporrei dagokienez ondorengoa da:
Indarraldia: 2010, 2011 eta 2012.
Soldaten igoera: KPI + 0.5
Oporrak: Auzitegi Gorenaren epaia barneratzea. Ezgaitasun Iragankorren kasuan oporrak izan ezkero opor horiek aurrerago gozatzeko aukera.
Argi dugu patronalak onartu dezakeen eskaintza dela mahaian botatakoa.
Adegik ez badio baiezkoa erantzuten eskaintza honi, langileak mobilizazioetara deituko ditugu. Ezezkoa jasoz gero, benetan eskuragarria den proposamen honen alde kalera ateratzeko deia egingo diegu sektoreko langileei, mobilizazio desberdinak deituz, baita greba egunak ere.
Donostian, 2011ko martxoaren 11n
LAB eta ELA sindikatuak