2025-03-01
HomeEkintza SindikalaAberastu ondoren, SDA Factory-k eta B&B Trends-ek langile guztiak kaleratu nahi dituzte

Aberastu ondoren, SDA Factory-k eta B&B Trends-ek langile guztiak kaleratu nahi dituzte

Salerosketa iluna izateko zantzuak dituen operazio batean, BSH-BOSCH multinazional alemaniarrak milioika euro ordaindu ditu B&B Trends-SDA Factory erosleak, Alemaniako enpresarekin ados jarrita, Europako puntako lantoki bat suntsitu dezan.

2019an, BSH multinazional alemaniarrak Kataluniako B&B Trends taldeari saldu zion lantokia, eta talde honek orain SDA Factory izenez ezagutzen duguna sortu zuen. Garai hartan, 250 langile inguru zituen enpresak, eta Europa mailan erreferentea zen ekoizpen-zentroa zen. Orain, ia 50 urteko historiarekin, putre batzuek beren onura propioa bakarrik bilatu dute, eta industria-proiektu honi amaiera eman nahi diote. Horrela, abenduan Hartzekodunen Borondatezko Konkurtsoan sartu ondoren, ostiral honetan Epaitegitik jakinarazi digute enpresak eskatu duela langile guztiak kaleratzeko EEE baten kontsulta-aldia hasteko.

Enpresa bideragarria zen eta bada, esku egokietan egonez gero. Baina SDAk eta B& B Trendsek ez dute hau inoiz bilatu. Hasieratik bidea zehaztuta zuten: fabrika ahalik eta gehien zukutu eta gero desegin. Enpresa honetan egin diren inbertsio bakarrak kaleratzeengatiko kalte-ordainak izan dira. Proiektuak eta materialak kanpora eraman dituzte, Gasteizen eraiki behar ziren ekipoak Bartzelonara edo Europako beste toki batzuetara eraman dituzte, I+G atal osoa kaleratu dute Bartzelonako pabiloi berrian ingeniariak kontratatzen zituzten bitartean , azken belaunaldiko injektoreak izan arren zerbitzu horiek kanpoan kontratatu dituzte, etab. Hasieran ia 250 pertsonak osatzen zuten plantillari dagokionez, 5 Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente eta 4 urteko luzapenaren ondoren soilik produktiboa zen ustezko justifikazio batengatik, orain 55 pertsona baino ez dira geratzen, eta enpresak gaizki tratatu ditu azkenera arte. Ia langabezia-prestaziorik gabe, batez besteko adin altuarekin (30 pertsona 52 urtetik gorakoak), abenduko nomina, Gabonetako ordainsaria eta urtarrileko nomina kobratu gabe. Enpresak ez du batzordearekin lortutako akordio bat bera ere bete, eta gaur gaurkoz ez da betetzen ari.

LAB sindikatutik azken asteetan aurkeztu den dokumentazio guztia ikertzeko lan sakona egin dugu, eta orain gizarte osoarekin partekatu nahi ditugu horren ondorioak:

• BSHk B&B Trends enpresari ekoizpen-unitatea, pabiloia eta hura kokatuta dagoen lursailak euro baten truke saldu zizkion.

• Salerosketaren egun berean (2019ko urtarrilaren 30ean), BSHk 300.000 € baino gehiago ordaindu zizkion SDAri “lan-kostuen” kontzeptuan.

• Ez hori bakarrik, BSHk 4.800.000 € baino gehiago ordaindu zizkion SDAri.

• Gainera, hornidura-kontratu bat sinatu zuten, zeinaren bidez BSHk lan-karga emango zion SDA Factoryri 2 urte eta erdiz. Horrekin, fabrikazio-kostua bere gain hartzeaz gain, BSHk beste 16 milioi € jarri zituen marjina gisa.

• 2019 eta 2021 urteen artean, SDA eta B&B Trends artean banatutako dibidenduak 14,5 milioi eurotik gorakoak izan ziren.

Hau da, enpresa saltzaileak gutxienez 20 milioi euro ordaindu zizkion erosleari.

Horren ondoren, SDA enpresak 10.000.000 euroko mailegu-kontratua sinatzen zuen B&B Trends taldearekin. Hau da, fabrika kudeatzeko sortutako enpresak bere jabe eta administratzaile bakarrari, B&B Trends enpresari, fabrika sortu zuen enpresa berari, zenbateko bat mailegatuko zion, aipatutako kontzeptu guztiengatik BSHtik jasoko zuenaren erdia, alegia. Era berean, SDAk diru horren zati bat hilero itzuliko zion B & B Trends-i, “zerbitzu orokorrengatiko” faktura gisa.

Laburbilduz, BSHk bere irudia babestu eta lasai-lasai alde egiteko asmoa zuen, eta horretarako, enpresa talde bati saldu zion berau desegiteko, gutxienez 20 milioi euro ordainduta. Denbora horretan, SDA ekonomikoki hustu dute, hartzekodunen konkurtsora eraman arte. Zirkulu makabro hori itxiz, konkurtso honetan, enpresaren hartzekodun handiena B&B Trends da, eta SDAk milioi 1 euro zor izango lizkioke. Hau da, diruz hustu duten enpresa likidatu egingo da taldeko enpresa nagusi berarekin (B&B Trends) duen zorra arrazoitzat hartuta, milioika euro eman dizkionean, eta hori eskandalua da.

Gainera, argi utzi nahi dugu lantoki horren egoeraren erantzule bakarrak SDA eta B&B Trends direla, lan-zamarekin etengabe jolasean aritu direlako, Gasteizen aldeko apustua inoiz egin gabe. Denbora besterik ez zuten bilatzen enpresa hustutzeko.

Hori gutxi balitz, 2023an, enpresak Next Generation funtsekin finantzatutako panel fotovoltaikoak instalatu zituen, 50.000 € baino gehiagoko diru laguntzak jasoz. Plakak instalatzen dituen enpresa, nola ez, B&B Trends-en jabe diren pertsona berena da. Hau da, berriz ere beren buruari ordaintzen diote, oraingoan dirulaguntza publikoen kontura.

Informazio hori erakundeei helarazi diegu, zehazki, Lan eta Industria Sailei. Dei egiten diegu aktiboki inplika daitezen deslokalizazioaren adibide argi hau saihesteko, industria-ehuna eta hainbat hamarkadetan zehar lanean pilatutako ezagutza galduz, enplegua suntsituz.

Iruzurra hirukoitza izan da:

• Plantillaren etorkizunarekin jolastu da, zilegitasunaren inguruko zalantzak sortzen dituen salerosketa-operazioekin.

• Aberasteko funts publikoak baliatu dituzte.

• Plantilla osoaren langabezia-prestazioekin finantzatu dira, eta ehunka mila euro publiko aurreztu dituzte Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteen bidez, enpresa husten ari ziren bitartean.

Eta orain, zorraren zati bat funts publikoek FOGASAren bitartez ordain dezaten nahi dute, B&B Trends-ek poltsikoak beteta alde egiten duen bitartean.

Arabako langile klasearen aurkako bidegabekeria baten aurrean gaude. Ezin da zigorrik gabe geratu, eta zerbait esan edota egin dezaketen aktore guztiei eskatzen diegu egin dezatela. Bestalde, eta beti egin dugun bezala, LABek plantillaren eta bere lanpostuen interesak defendatzeko borrokan jarraituko du. Borrokaren adibide garbia izan dira eta dira, harro gaude bide honetan guztian eta aurretik geratzen den horretan bidelagun izatearena. Enpresa bideragarria da esku egokietan izanez gero, eta gaur egun SDA Factory-n jarraitzen duten pertsona guztien esperientziaren balioa kalkulaezina da. Ez dugu egoerarik baztertzen, eta amaieraraino joango gara, beti ere langileen eskutik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek FITXATU aplikazioa aurkeztu du, Bizkaiko ostalaritzan egiten diren lanaldiaren inguruko gehiegikeriak saihesteko

Otsailean jakin izan dugu komunikabideen bitartez Lan Ikuskaritzak Euskadiko lanaldiaren kontrolen %64an gehiegikeriak antzeman dituela. LABentzat hori ez da ezer berria.

CENeko enpresaburuek eta UGT eta CCOO sindikatuek bat egin dute Nafarroan gutxieneko soldata baten negoziazioari boikota egiteko

Gaur bilera egin behar zen Iruñean Nafarroako lurralde eremuan lan egiten duten langileentzako gutxieneko soldata edo ordainsariari buruzko lanbide arteko akordio bat lortzeko negoziazio mahaia eratzeko. Bigarren saiakera zen, CENeko enpresariek eta UGT eta CCOO sindikatuek lehen deialdian atzera egin ondoren. Azkenik, eragile horiek ukatu egin dute Nafarroako langileek beren bizi eta lan baldintzen araberako soldata izateko aukera. LABek Nafarroako Gobernuari eskatu dio eragile horiei eska diezaiela negoziatzeko eta langileei kalte egiteari uzteko, lan-harremanen gaineko monopolioa baitute, eta hori oztopo baita Nafarroako demokratizaziorako. LAB mobilizazioaren bidetik presioa handitzeko prest dago, helburu horrekin.

EAEko Hezkuntza Sailak bere sukaldarien ordezkapenak betetzeko enpresa pribatuetako sukaldariak kontratatu dituela salatzen du LABek

Hezkuntza Saileko sukaldarien ordezkapenak betetzeko arazoa aspalditik dator. Behin eta berriro zerrendak irekitzea eskatu eta ordezkoak falta direnerako protokolo baten beharra mahaigaineratu badugu ere, gure harridurarako, aste honetan enpresa pribatuetako langileak kontratatu dituzte publikokoak ordezkatzeko.