2024-11-22
HomeIndustriaMetalgintzaArcelor Mittaleko ABEEE salatuko dugu auzitegietan

Arcelor Mittaleko ABEEE salatuko dugu auzitegietan

Enpresak ABEEEren negoziazio mahaiaren beste bilera batera deitu bezperan, LABek iragarri nahi du ABEEE auzitegietara eramango duela, Lan Ministerioari oposizio txostena aurkeztu ondoren. LABek ez du ABEEE berri honen beharrik ikusten. Enpresak ez du inoiz egiaztatu COVID-19ak enpresaren egoeran izan duen eragina. Eta hori ez du LABek bakarrik esaten, sindikatu guztiok salatu dugu jendaurrean.

Komeni da gogoratzea azken urteetan enpresak lortutako irabazi handiak, hedapen politika mundu mailako enpresen erosketarekin, Ilva italiarra eta Essar Steel indiar enpresa kasu. Arcelor Mittal estatuko enpresa bakarra da ABEEE bat aplikatzen 11 urtez jarraian, gaur egun indargabetuta dagoen legedia bati esker. ABEEE iruzurrez erabili du, enpleguaren erdia baino gehiago suntsituz Euskal Herrian eta 4.000 lanpostu baino gehiago estatu osoan.

Duela gutxi, enpresak publikoki onartu behar izan du ezin dela ABEEE aplikatu Euskal Herriko zenbait lantokitan, normaltasunez lanean ari direlako, baina ABEEEn lantoki zein langile guztiak sartzen dituzte.

Beraz, arrazoi asko daude ABEEE berri honi ezetz esateko. Ez dezagun ahaztu baldintza okerragoak ekarriko dituela langileentzat. Eta horiei guztiei beste bat gehitu behar zaie, negoziaziorako fede txarra. Enpresak negoziazioa amaitutzat eman eta ABEEE aldebakarrez aplikatuko zuela iragarri ondoren, Asturiaseko komunikabideen bidez ezagutu dugu ABEEEren ustezko negoziazioa eta haren eduki zehatzak, negoziazio-batzordea alde batera utzita. Enpresaren jarduteko modu hori ez da berria, baina, hala ere, oso larria da. Enpresak estatu-esparrua erabiltzen du indar-korrelazioa aldatzeko eta euskal langileei ziurgabetasun eta prekarizazio handiagoa eragiten dieten erabakiak inposatzeko. Euskal lantokiak trukerako txanponak dira beti, eta euskal langileak dira sakrifikatuak. Enpresak “legezkotasun barniza” eman nahi dio fartsa horri, orain ABEEEren negoziazio-mahaira deituz, itxuraz beste esparru batzuetan negoziatu eta hartutako erabaki bat formalki jasotzeko.

LABek ez du gure eskubideak baztertzen eta urratzen dituen fartsa hori legitimatuko. Euskal lantokientzat esparru propioa behar dugu. Euskal langileen eskubideak defendatuko ditugu. Gure lantokien etorkizuna defendatuko dugu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.