2024-11-24
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaHautsi ditzagun konfinatutako identitateak! Etxe, kale eta lantokietako fobiak suntsitu!

Hautsi ditzagun konfinatutako identitateak! Etxe, kale eta lantokietako fobiak suntsitu!

Maiatzaren 17a lesbo-, homo-, trans- eta bifobiaren kontrako eguna da. Salbuespen egoera honek are gehiago konfinatuarazi gaitu asko, sexu aniztasuna askatasunez bizitzeko genituen apurrak desagertuta. Etxeak arrotz eta etsai, LGBTIQ+ pertsonentzako prozesuak paralizatuta, zerbitzu publikoetarako sarbidea etenda… heteroaraua erdigunean duen konfinamendu eredu honek LGBTIQ+fobia kasuak etxean, lanean eta kalean areagotzea besterik ez dakar.

Behin baino gehiagotan salatu dugu, covid-19ak ekarritako krisi hau ez dela berria, askatasunez bizitzeko aurretiaz genituen baldintza, aukera eta zerbitzuak oso mugatuak eta urriak zirela. Argi daukagu: gure gorputz eta identitateak behin eta berriz erasotzen, urratzen eta zapaltzen dituen sistema zisheteropatriarkala da birusa, eta beraz, ez, ez dugu normaltasunera itzultzeko asmorik. Eta ez dugu nahi ere estatu zapaltzaileen garbiketa bilatzen duten normaltasun berririk, kapitalismo arros, more, berde ez ortzadarrik.

Oso kezkatuta gaude lan eremuan hartutako neurriek, beste behin ere, kolektibo zaurgarrienak eta bazterrekoak kolpatzen dituztelako gehien. Halaxe ikusten ari gara: LGTBIQ+ pertsona askok lana galdu dute, sexu-langileenganako bazterkeria muturrekoa izaten ari da, eta oro har, lan munduaren ezegonkortasun eta segurtasun eza handiago denez zein beldurra erraietaraino sartu digutenez, lantokietan askatasunez bizitzera ez gara ausartzen, LGTBIQ+ pertsonek eta emakumeek pairatzen dugun soldata arrakala izugarri handitzea eragiten ari da, eta azkenik, aurrez trans pertsonen langabezia tasa altuaren datu kezkagarria are gehiago larriagotzen ari da.

Enpresek gure aniztasun sexualarekiko inongo diskriminaziorik eman ez dadin baldintzak bermatzeko derrigortasuna dute. Beraz, kaleratze gehiagorik ez, pertsona transen lanerako sarbidea bermatzeko eta soldata arrakalarekin amaitzeko politikak martxan jartzea exijitzen dugu, eta hala dela ziurtatzeko gainean izango gara. Ez dugu onartuko osasun krisiaren aitzakipean enpresen ezkutuko eraso Lesbo-Homo-Trans-Bifoborik!

Gainera, egoera hau larriagotuko duten neurriak iragartzen ari dira jada instituzio publikoetatik, aurrekontuetako gastu sozialak indartzea tokatzen den honetan, zerbitzu publikoak eta beraz, berdintasunerako eta LGBTIQ+ fobiaren aurkako politiketan murrizteari ekingo baitiote. Onartezina da. LABen argi dugu krisi anizkoitz honi erantzuteko eta betikook ordain ez dezagun, gaur ezinbestekoa dela ikuspegi intersekzional batetik antolattu eta erbakiak hartzea, eta etxe, kale eta lantokietan sexu eta genero askatasuna bermatuko duten neurriak martxan jartzea.

Era berean, sistema kapitalista heteropatriarkalaren beldurraren hedapen eta gorrotoaren sustapenaren birusaren aurrean, elkartasun sareak, elkarren zaintza, langile antolakuntza, ekintza kolektiboa, proiektu askatzaileak eta bizitza erdigunean jartzeko harremanen goxotasun beharra sentitzen dugulako lanean eta borrokan jarraituko dugu.

Lan munduan ere sexu aniztasuna askatasun osoz!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.