2024-11-25
HomeIrakaskuntzaUnibertsitateaLan Ikuskaritzari eskatu diogu UPV/EHUko Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren jarduera presentzialera...

Lan Ikuskaritzari eskatu diogu UPV/EHUko Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren jarduera presentzialera itzultzea gelditzeko

LABek UPV/EHUn duen atal sindikalak salaketa aurkeztu zuen atzo goizean Bizkaiko Lan Ikuskaritzan. Bertan, eskatzen dugu unibertsitatearen Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren (AZP) jarduera presentzialera itzultzea geldiaraztea, harik eta salatutako eskubide-urraketak konpontzen diren arte eta langileen osasunerako eta segurtasunerako eskubidea modu eraginkorrean bermatzen den arte.

Salaketan, SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemiaren ondorioz hartutako hainbat erabaki gogoratzen ditugu, eta hartutako erabaki gehienak sindikatu eta lan-osasun ordezkarien zein Lan-Segurtasun eta Osasun Batzordeen aldez aurretiko parte hartzerik eta ezagutzarik gabe jarri direla indarrean salatzen dugu.

Era berean, gerentziari eskatutako hainbat informazio ere ukatu egin zaigula adierazten dugu eta, bide batez, salatu egiten dugu administrazioak sortarazitako nahasmena langileen artean, batzuk maiatzaren 11tik bertatik lanera joateko deituak izan baitziren, lanik ez zegoenean antolatuta.

Ildo beretik, UPV/EHUk talde kalteberen langileekin izaten ari den jokabidea salatzen dugu, besteak beste, errektoreak berak onartutako lehen Itzulera Planean jasotakoa ez baita betetzen ari, hots, aurrez aurreko lanera itzultzekotan, talde horietako langileak izango zirela azken txandan bertaratuko zirenak eta telelanean jarraitzeko lehentasuna izango zutenak. Hori bera salatu genuen astelehenean ere gerentearekin izandako bilera “ez formalean”.

Aipatzekoa da, iragan asteleheneko bilera goizeko 11:30ean hasi zela eta gerentearen azken erabaki-proposamena 8:49an jaso genuela sindikatuetako kideok. Deialdia bera ere, ez zuen bete horrelako bilerak deitzeko gorde behar den aldez aurreko denbora-tartea.

Bilkuran, LABek bere ezinegona adierazi zuen guzti horregatik, eta duela gutxi publiko egin ditugun aldarrikapen nagusiak defendatu genituen. Sindikatuoi ez zitzaigun eman ezta, aurreko baten bezala, 24 orduko epea proposamenak egiteko. Eta berriro bildu gabe, atzo argitaratu du UPV/EHUk gerentearen azken erabakia, AZPko langileak aurrez aurreko jardunera itzultzeko plana “eguneratzeko” dena.

Bilerak, hala ere, bizpahiru gauza argi geratzeko balio izan zuen: Lehenik eta behin, UPV/EHUko errektoreak ez duela ezelako asmorik langileon osasun egoera testeatzeko, ez premiazko zerbitzuetan egondakoak, ez kalteberak diren taldeetakoak, ez aurrez aurreko jardunera itzuli beharko direnak. Gerentearen esanetan, “behartzen ez gaituztenera arte”, behinik behin.

Bigarrenik, ikastegi, zerbitzu, sail eta unitate ezberdinetako berezko itzulera planak ez direla aldez aurretik jarriko lan-osasun ordezkarien esku, ezta Lan-segurtasun eta Osasun Batzordeen esku ere. Eta plan horiek balioztatu eta onartzea, gerentearen beraren esku geratuko da. Beste behin ere, langileoi eta lan-osasun ordezkariei zein batzordeei dagozkien eskumenak kontuan hartu gabe.

Hirugarrenik, SARS-CoV-2 birusarekiko kalteberak diren langileak gaur, lehen txandan, sartuko direla lanera baieztatzeko balio izan zuen, eta hori onartezina iruditzen zaigu, besteak beste, aurretik esandakoa gezurtatzen duelako eta ez delako kontuan hartzen haien lanpostuetan dituzten baldintzak eta zereginek osasunean eragin dezaketen kaltea.

Ez dugu aipatu gabe utzi nahi UPV-EHUk haien jardunerako lan-arropa erabiltzen duten langileek (mantentze zerbitzuko langileak, kasurako) bere etxera eraman dezatela garbitzera nahi du, hots, birusa etxera eramateko aukerari ateak parez pare zabaltzen dizkio, horiek garbitu eta desinfektatzea enpresaren ardura izan behar denean, noiz eta arrisku biologiko baten aurrean gaudenean. Zur eta lur geratzeko moduko “prebentzio” neurria, alajaina.

Halaber, ez gatoz bat administrazioak telelanaren eta kontziliazioaren aurrean duen jarrerarekin; izan ere, adierazi duenez, "nahitaezko betebeharrengatiko baimena" lehen hiru egunetarako baino ez zuen eman. Hiru egun horietatik aurrera haien defentsarako bide posibleak aztertzen ari gara. Era berean, ulertezina da unibertsitateko langile batzuek ikasturtea amaitu arte UPV/EHUn telelana egin ahal izatea eta beste batzuek bigarren hezkuntzako ikasturtea amaitu arte soilik egin ahal izatea. Dirudienez, UPV/EHUk aitona-amonek haurrak zaintzea nahi du.

Espero dugu Lan Ikuskaritzak, UPV/EHUren lan-arriskuei buruzko legezko eta erregelamenduzko ez betetzeak kontuan hartuta, gure eskubideak defendatzearen aldeko hautua egitea. Edonola ere, LABen ez dugu baztertzen gure eskubideak eta aldarrikapenak defendatzeko biderik.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.