2025-04-14
HomeEkintza SozialaGazteen langabezia modu kezkagarrian hazi da

Gazteen langabezia modu kezkagarrian hazi da

Hego Euskal Herrian 13.507 langabe gehiago zenbatu dituzte apirilean. COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren testuinguruan, jarduera ekonomikoaren hondoratzearen ondorioz 179.085 langabe daude lau lurraldeetan; hau da, aurreko hilean baino %8,2 gehiago eta duela urtebete baino %21 gehiago. Dena den, pandemiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko hartutako neurriek ez dute eragotzi enplegu asko suntsitzea. Eta horren eragina bereziki larria izaten ari da gazteen artean: langabezia %12,3 igo da hilabete bakar batean, eta iaz baino %34,7 handiagoa da.

Emakumeen artean, erregistratutako langabezia %6,9 igo zen joan den hilean, eta %15,8 aurreko urtearekin alderatuta. Intzidentzia handiagoa da gizonen artean: %9,7 eta %27,7, hurrenez hurren.

Nolanahi ere, bada suntsitutako enpleguaren benetako magnitudetik hurbilago dagoen beste datu bat. Apirilean, Gizarte Segurantzako batez besteko afiliazioa 23.194 pertsonatan jaitsi zen, eta azken bi hilabeteetan 30.800 afiliazio baino gehiago galdu da.

Bestalde, egungo egoeraren ikuspegi osoa izateko, garrantzitsua da aipatzea 260.000 pertsona baino gehiago daudela Aldi Baterako Enplegu-Erregulazioko Espedienteen eraginpean. Eta, kasu askotan, ziurgabetasun handia dago enplegu horien jarraitutasunaren edo behin betiko iraungitzearen inguruan.

Eta hori guztia langabezia-tasa altuak, behin-behinekotasun handia eta langabeziababes txikia ezaugarri dituen lan-merkatuan gertatzen da.

Epe ertain eta luzera, ezinbestekoa da eredu ekonomiko eta soziala birbideratzea ekoizpen-egitura eraldatzeko. Bizitza eta pertsonak erdigunean jarriko dituen eredu bat behar dugu, kapitalak gaur egun duen zentraltasunetik urrun.

Zailtasun bereziko une hauetan, garrantzitsua da susperraldiari ekiteko oinarriak ezartzea, inor bidean utzi gabe, prekarietateari, azpienpleguari eta murrizketa sozialei bidea itxiz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru Nafarroarako gutxieneko soldataren alde CENen, UGTen eta CCOOen aurrean mobilizatu dira

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek salatu dute CEN, UGT eta CCOOek uko egin diotela Nafarroarako gutxieneko soldata negoziatzeari, nahiz eta milaka langileren bizi-baldintzak hobetzea ekarriko lukeen, eta milaka sinadura biltzen hasiko dira gutxieneko soldata propioren alde.

15 langileren kaleratzearekin, akordiorik gabe amaitu da Ekide enpresako kontsulta epea

Gaur amaitzen da Arrasateko Ekide enpresako EEE negoziatzeko epea. Enpresak jakitera eman duenez, 15 langile kaleratuko ditu, besteak beste, ekonomia, antolaketa eta ekoizpen arrazoiengatik.

“Nazioa gara. Euskal langileak gara”, Aberri Eguneko adierazpena

Jarraian irakur dezakezue LAB sindikatuaren 2025eko Aberri Egunerako adierazpena: