2024-07-22
HomeLAB SindikatuaLABEspainiako Gobernu Ordezkaritzak Nafarroan eskubide zibil eta politikoak bere nahien arabera urratzen...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzak Nafarroan eskubide zibil eta politikoak bere nahien arabera urratzen dituela salatzen dugu

Espainiako Gobernu Ordezkaritzak debekatu egin ditu LAB sindikatuak Maiatzaren Lehenerako Nafarroan zituen lau auto karabana. Mobilizazio horiek Iruñerrian, Estellerrian, Tafallaldean eta Sakanan egitekoak ziren, COVID-19 pandemiaren inguruko kudeaketa instituzionala salatu eta bizitzaren sostengarritasuna erdigunean kokatuko duen eredu ekonomiko eta sozial berria aldarrikatzeko. LABek helegitea jarri dio debekuari.

Aipatutako auto karabanek sindikatuaren lan osasunaren arloak zehaztutako protokolo zorrotzaren arabera zeuden antolatuak: gehienez 20 ibilgailu, gidari bat ibilgailu bakoitzeko, materialaren jasotze eta itzulera segurua, eta abar. Era berean, alarma egoerak ezarritako baldintzak aintzat hartuz antolatu dira karabanak: lan egiteko kalera ateratzea legezkoa da eta jarduera sindikala lantzat hartzen da.

Alabaina, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak lau auto karabanak debekatu ditu, modu erabat arbitrarioan, abusuzkoan eta antidemokratikoan. Apirilaren 30ean milaka lagun bere autoekin lantokira joan eta kasu askotan 8 orduz beharrezkoak diren segurtasun neurririk gabe lanean egongo diren bitartean, Maiatzaren Lehenean 20 autok segurtasun neurriak betez karabana bat egin dezaten debekatzea ulertezina da. Botere-abusu argi bat da, lanean segurtasun eta osasun neurriak ez betetzeagatik lantokirik batere zigortu ez den bitartean, segurtasun neurriak betetzen dituen jarduera bat debekatzen baita. Eta, alarma egoeran egonda ere, indarrean jarraitzen duten eskubide demokratikoen aurka egindako eraso larria da.

Aipatutako hauek ez dira debekatutako ekitaldi bakarrak: ezagutzera eman duten bezala, CGT, ESK, Solidari eta STEILAS sindikatuek egun berean Iruñeko Errekoleten plazan antolatutako ekitaldi sinbolikoa ere debekatu du Gobernu Ordezkaritzak. Kasu horretan, sei lagun baino gutxiago elkartzea debekatu dute, nahiz eta beste jarduera batzuetarako eskatzen diren segurtasun neurri guztiak bete.

Era berean, gogoratu behar da pasa den astean Huerta de Peraltako langileek deitutako elkarretaratze bat debekatu zuela Gobernu Ordezkaritzak, aipatutako agintekeria berberarekin: lantokiaren barruan lan egin bai, baina lantokiaren sarreran protesta egin ez, nahiz eta segurtasun-neurriak bete.

Debeku hauek guztiak onartezinak dira eta ez dute zerikusirik osasun irizpideekin. Covid-19ari aurre egiteko aitzakian, zentralismoa, autoritarismoa eta kontrol soziala inposatzen ari dela nabarmena da.

Auzitegien aurrean helegitea jarri dugu, auto karabanen debekua bertan behera gera dadin eskatuz. Era berean, Nafarroako eragile sozial, sindikal eta politikoekin mintzatuko gara, gertakari larri hauen neurriko erantzun bat adosteko asmoz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.