2024-11-22
HomeLAB SindikatuaLABJaurlaritzak enpresetako segurtasun neurrien jarraipenik ez duela egiten salatu dugu, produkzioaren mesedetan...

Jaurlaritzak enpresetako segurtasun neurrien jarraipenik ez duela egiten salatu dugu, produkzioaren mesedetan eta langileon osasunaren kalterako


Alarma egoera ezarri zenetik, langileon osasuna ez zegoela neurri politikoen erdigunean salatu dugu behin eta berriro, instituzioak ez dabiltzala egoerak eskatzen duen erantzukizunez erantzuten. Oinarrizko Zerbitzuak alboratu dituzte eta, ondorioz, bertan lanean dabiltzan langileak, produkzioa eta multinazional handien kapitala babestuz. Horren adibide argia da azken egunotan Arantza Tapia kontseilaria produkzioa berriro martxan jarri izana eta beraiek sortu duten aktibitatea berriro martxan jartzeko Gidaren arrakasta goraipatuz entzun dugula behin eta berriro, porrot hutsa izan denean. Honen inguruan aritu da Industria Federazioko idazkari Eulate Zilonizaurrekoetxea.

LAB sindikatuak COVIK19-aren aurkako 160 ekintza Plan jaso ditu, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan industria eta eraikuntzako 5.200 enpresa inguru daudenean. Hori zen Eusko Jaurlaritzaren Gidan aktibitatea berriro martxan jartzeko jasotzen zuen neurrietariko bat. Horietatik %11-k jaso du gure teknikarien onarpena, Jaurlaritzak bere Gidan zerrendatzen zituen ezaugarriak soilik kontutan izanda. Beste %20 batek zuzenketa edo hobekuntzaren bat behar du, eta hori enpresetan jakinarazten ari gara. Gainerakoak onartezinak dira, bai guztiz ez nahikoak direlako (%34) edota kasu asko eta askotan Gobernu Espainolaren edota Jaurlaritzaren Gidako neurriak bere horretan kopiatu dituztelako (%35). Hau da, aholku orokorrak dira lan zentro bakoitzeko behar eta errealitatera egokitu gabekoak. Beraz ez dute ezertarako balio. Hau da, begiratu ditugun Planen %69-a oso orokorrak eta ez nahikoak dira; garbiketa eta desinfekzio neurri zehatzik gabe, EPIen erabilera zehaztu gabe, norbanakoentzako neurriekin, baina enpresari eragiten dioten neurri kolektiborik gabekoak, lanaren antolaketan erabakirik hartu gabe.

Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen Gida porrot izugarria da. Utzikeria horren aurrean, langileen ekarpen eta eskaerek, eta enpresaz enpresa egiten ari den lan sindikal eta borrokak, beharrezko prebentzio eta segurtasun neurriak erdiestea ekarri dute toki askotan, baina zoritxarrez ez da horrela enpresa guztietan. LAB sindikatuarentzako ez da egon Eusko Jaurlaritzaren Gida zintzorik, beste behin era marketing eta publizitate saio bat izanda, Covid19-aren kudeaketan erakusten ari diren ezgaitasunaren aurrean aurpegi zuriketa ahalegin berri bat.

Enpresetan hartu diren eta hartzen ari diren neurriak ez dira Gida horren ondorio izan, datuak argi adierazten dute hori, baizik eta langileek enpresetan eragiteko izan duten gaitasunaren ondorio. Konpromiso eta borroka horren ondorioz, nahiz eta enpresa askotan planik ez egon, Covid19-aren aurkako neurriak hartzen ari dira, baina batez ere enpresa handietan. Arazo handia dago, ordea, enpresa ertain eta txikietan, ez baitute ez Planik ezta neurririk ere ez (edota guztiz ez nahikoak dira).

Berriro ere, onartezina da Eusko Jaurlaritzaren ardura falta, patronalaren eskutik, datu errealak ezkutatu dituzte; baina, gainera, gezurra goraipatu dute, enpresetan oso ondo dabiltzala Planei esker eta beraien Gida oso arrakastatsua izan dela diote. Administrazioko zenbat teknikarik egin diote jarraipena edo begiratu dute langileen laneko egoera zein den? Zenbat txosten edo azterketa daude eginda?

Arazoa are eta larriagoa da ordezkaritza sindikalik ez dagoen enpresetan, langileak guztiz abandonatuta daude. Datu bezala, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako enpresen %65ean ez dagoela ordezkaritza sindikalik esan behar da, eta gehien-gehienak enpresa txikiak direla. Astebete baino gehiago da, Eusko Jaurlaritzak kontaktu bat eskatu ziguna ordezkaritzarik gabeko enpresetan Planak negoziatzeko. Baina, ez da eskaera bakar bat ere egon gerora Eusko Jaurlaritzatik, eta Komisio bat bera ere ez da sortu. Hau da, ordezkaritzarik gabeko enpresa batek ere ez du Prebentzio Plana negoziatzeko eskaerarik egin. Zer gertatzen ari da ordezkaritzarik ez dagoen eta Covid19-aren aurkako Planik ez daukaten enpresa horietan guztietan?

Azken asteotan, neurri ezberdinak bete ez izanagatik, hainbat salaketa jarri ditugu; beraien konpetentzia ez dela jaso dugu erantzunetan eta, oraindik ere, asko eta askotan erantzunaren zain gaude. 4 erantzun soilik jaso ditugu eta horietatik hirutan ez dira gaia aztertzera sartu. Oinarrizko ez diren aktibitateak berriro ere martxan daude, baina nola da posible oraindik aktibitatea martxan egon zitekeen edo ez erantzun gabe egotea?

Patronalaren mesedetan ari dira jokatzen berriro. Salaketak jartzeko mekanismoek ez dute erantzuten, berandu dabiltza eta ditugunetan, enpresetan gertatzen dena bertatik bertara ikusi gabe idatzitako ebazpenak izan dira. Ez da inspektore baten arazoa, erabaki politikoa da. Zenbat ofiziozko jarduketa egon dira alarma egoera ezarri zenetik? Behin eta berriro esan dugu Lan Ikuskaritza zein Osalanen langile gehiago behar direla; bestela langileak lan zentrotan dauden bitartean, inspektoreek telefono bidezko harremana besterik ez dutelako. Osalanek salaketak jaso, baina arazoak konpondu gabe jarraitzen du. Noren aurrean eta zertarako egin behar ditugu salaketak hau bada ondorioa? Instituzioak beste alde batera begira daude arazo larri honen aurrean. Guk, bestalde, lan zentroetan borrokan jarraituko dugu.

Honengatik guztiagatik:

1. Eusko Jaurlaritzari langileen osasun egoeraren jarraipena egiteko beharrezko neurriak har ditzala exijitzen diogu, baita datu horiek guztiak publiko egin ditzala ere. Covid19-aren aurkako zenbat Plan daude Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan? Zenbat inspektore daude aktiboan herrialde bakoitzean? Gure kaleak kolore guztietako poliziaz beteta ikusten ditugun egun hauetan, ez ditugu ez inspekzioko ez Osalan-eko ezta Gobernuaren funtzionariorik langileen osasuna berma dadin enpresetan ikuskatzeak egiten.

2. Argi esan dezatela, zein neurri eta zein zigor egongo diren Covid-19aren aurkako Plan duinak eta osatuak ez dituzten enpresetarako. Baita, egunak lanean ibilita ere, oraindik Planik ez dukaten enpresetarako ere?

3. “Faltsua de osasuna versus ekonomia eztabaida, biak bermatzea posible da” Arantza Tapiak esana; “ ez Ikuskaritzak ezta Osalanek ere, ez dute momentu honetara arte salaketarik jaso” Maria Jesus San Josek esana edota “gurasooi arduraz jokatzeko” larunbat honetan bertan Nekane Murgak esanak, edo ezgaitasun eta ikusmira politiko eza edota egiak desitxuratzea dakarte. Bizi dugun egoera honetan, bata zein bestea, oso larriak dira eta dimisioa aurkezteko arrazoia.

Arantza Tapiak ondo daki, eztabaida beti egon dela, eta erreala eta beharrezkoa dela. Inbertsio gutxiago AHT-ko lanetarako eta gehiago zahar egoitza eta ospitaletara; baina orain eztabaida inoiz baino beharrezkoa da. Eta Nekane Murgari, ozen esan nahi diogu, etxe zein lan zentroetan daukagun ardura indibidual zein kolektiboa eredugarria izaten ari dela; zoritxarrez ez dago maila berean Gobernuak hartzen dituen erabakiak eta lehentasunak. Patronal handien eskutik daudela argi ikusten da.

Finean, Eusko Jaurlaritzak aukera ezin hobea galdu du Prebentzio Plan duinak bermatzeko ez ohiko neurriak ezartzeko; enpresak kontrolatu beharra zeukan, baina, argi dago, ez duela nahi.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.