2024-11-22
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaCristina Uriarteren planak ez die erantzuten hezkuntza-komunitatearen beharrei

Cristina Uriarteren planak ez die erantzuten hezkuntza-komunitatearen beharrei

Argi izan behar du Jaurlaritzak sindikatuekin eta hezkuntza-eragileekin landutako prozesuak izan behar direla bai ikasturte amaiera zein balizko itzulera, pertsonen osasuna, eta hezkuntza- zein lan-eskubideak oinarritzat izan behar dituztenak.

Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek prentsaurrekoan ezagutzera eman duen ikasturtearen amaierako Hezkuntza plana dela eta, LAB sindikaturik honako irakurketa hau helarazi nahi dugu:

-Berandu datorren plana da; gutxienez astebeteko atzerapenaz. Eta gaur entzundakoarekin, ulergaitza egiten zaigun atzerapen hau, izan ere, Madrildik ezarritako jarraibideei segidismoa egiten duen plana baita gaur aurkeztutakoa, eta Celaá ministroak iragarritako “malgutasun” elementu txiki batzuk baino ez ditu sartzen. Horretaz gainera, berriz ere hezkuntza-komunitateari bizkarra emanda egin den plangintza da aurkeztu zaiguna.

-Ikastetxeen eskuetan uzten du ikasturte-amaiera, malgutasun edo autonomiaren aitzakipean; beraz, zuzendaritza-taldeek eta klaustroek erabaki beharko dute zelan ebaluatu hirugarren hiruhilekoa zein ikasturtea. Ebaluazio jarraiaren aldeko aldarria egin arren, ez du horretarako baliabiderik eskaintzen.

-Atzean geraturiko ikasleen egoera onartzen du, hezkuntza zentroen artean arrakala digitalak sortutako egoera anitza dela aitortuz. Ikaske hauentzak plan espezifikorik ez egoteak arrakala sozioekonomikoa sakontzen du, eta haien hezkuntza-prozesuaren ardura irakasleak aginduko dion errefortzuan jartzen du. Gure ustez, honek planifikazioa behar du, diagnostiko batean oinarrituta.

-Era berean, azpimarratu behar da plan honetatik guztiz baztertuta utzi dituela haur hezkuntzako zikloak, eta bereziki irakasleengan eta ebaluazioan jarri duela arreta, zerbitzuetako langileak edota hezkuntzako espezialistak, besteak beste, alboratuta.

-Beste aldetik, ikuskaritzaren eskuetan uzten du ikaslearen kurtsoerrepikapena… Hau da, berriz ere, ez du irizpide argirik azaltzen.

-Argi geratzen da, LOMCEk ezarritako curriculuma oinarritzat hartuta, ikaskuntza-prozesuan zeri ematen zaion lehentasuna: ikasgai “instrumentalei” zein promoziorako baliagarriak diren ikasturteei, DBH-4 eta batxilergoa alegia. Ildo berean, eskola presentzialetara itzultzearen aukera maila hauei zein Lanbide Heziketari lotzen die kontseilariak, irakaskuntzaren eredu produktibo eta ekonomizista agerian utziz.

Beraz, ezer berririk ez, ezta hezkuntza-komunitateak plazaraturiko kezkei erantzunik ere: arrakala sozio-ekonomikoari nola erantzun, balizko itzulera baten eskenatokian kontuan hartu beharreko osasun-neurriak, egoera berriari egokituriko ratioak berrikusteko beharra, irakasle eta hezitzaileen plantillen errefortzua, Haurreskolak Partzuergoko matrikulazio-epea, ordezkapeneko langileen egoera konpentsatzea, birbaremazioa…

Eta hori guztia, propagandarako ekitaldia izateko antza gehiago izan duen aurkezpen batean, benetan irtenbide adostuak bilatzen dituen proposamena baino.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.