2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsakidetzaren arduragabekeria larria salatu nahi dugu, langileek test-probarik egin gabe jarraitzen dutelako

Osakidetzaren arduragabekeria larria salatu nahi dugu, langileek test-probarik egin gabe jarraitzen dutelako

LAB sindikatuak salatu nahi du osasun alerta egoera zail honetan Osakidetzako zuzendaritza adierazten ari den jarrera arduragabea, hasteko, oraindik ez dizkielako testak egin bere langileei, oso arrisku handiko sektorea izanik. Arduragabekeria bikoitza da, alde batetik, Osakidetzako langileen osasun ez dutelako babesten, eta bestetik, Osakidetzako langileok erabiltzaileak kutsatzen egon gaitezkeelako. Hau oso serio eta larria da eta EAEko Auzitegi Nagusiak atera berri duen autoak berak horretara behartzen du Osakidetza, testak langile guztioi egitera eta gehiago itxaron gabe.

Komunikabideetan egindako agerraldi propagandistikoen atzean, oso bestelako errealitatea daukagu Osakidetzako egunerokoan. Kaosa, desinformazioa, gardentasun falta, ziurtasun falta, beldurra, antsietatea… Hori da Osakidetzako langileon eguneroko ogia. Gaur egun, ez langileok ez sindikatuok ere ez dugu jaso plantillari egin nahi zaizkion test horien inguruko inolako informaziorik, eta anabasa da nagusi: ez dakigu noiz, non, nola, zein test mota egingo diren. Bizkaiko ospitale batzuetan hasi dira test mota bat egiten; beste leku batzuetan beste mota bat erabiltzen ari da eta beste leku askotan ez dira egiten ari. LABek galdetu du honen gaineko plangintza non dagoen eta Osakidetzako Zerbitzu Zentraletan ez dakite. Onartezina. Txaloak baino, testak eta babes ekipoak nahi ditugu. Ez dugu heroi izan nahi, lana segurtasunez egiten duten langile publikoak baizik.

Osakidetzako zuzendaritzei leporatzen diegu behin eta berriro urratzen ari direla langileok zein langileon ordezkariok informazioa jasotzeko daukagun eskubidea. Gauden egoera larrian, are garrantzitsuagoa da benetako informazio gardena eta eguneratua izatea eta zoritxarrez, inprobisazio eta gardentasun falta dira nagusi. Osakidetzak egingo dituen eta egiten dituen jarduerei buruzko informazioa prentsatik jasotzen dugu Osakidetzatik bertatik baino gehiago.

Salatu nahi dugu Osakidetzako zuzendaritzek argi utzi dutela bere lidergo eza, inoiz baino beharrezkoago zenean. Langileok eta sindikatuok ez gara fio Osakidetzarekin, eta hori larria da. Konfiantza falta horrek langileon beldurra, antsietatea handitzen du, ez dakigulako noiz ari garen seguru lan egiten. Osakidetzak erabakiak modu inprobisatuan hartzen dituela dirudi, sindikatuon eskaerei entzungor. Soilik gai batek prentsara salto egiten duenean hartzen dira neurriak. Kasurik deigarriena, orain dela gutxi ikusi dugu: kutsatuta dauden Osakidetzako langileak lanera bueltatzea soilik proba negatiboa izan ondoren ezarri berri dute, mediku baten salaketa komunikabideetan agertu eta gero.

Gainera, Osakidetzako zuzendaritzak maltzurkeriaz jokatzen du, batzuetan argudiatzen dutelako Madriletik datorrena bete egin behar dutela, baina nahi dutenean, euren protokolo eta arau propioak ateratzen dituzte, orokorrak edo ESI bakoitzean.

Salatu nahi dugu Osakidetzako zuzendaritzak egoera hau aprobetxatu duela lanesku merkea lortzeko, ikasleak eta barruko mediku egoiliarrak lanean ipintzen, lehen lerroan, baina bekario prezioan, praktiketan egongo balira bezala. Hau ere aldatu behar izan dute, jasotako kritika eta presioengatik.

Osakidetzako zuzendaritzei leporatu nahi diegu Norbere Babeserako Ekipoen deskontrola eta honek suposatu duena langileon osasun fisiko zein mentalean, eta erabiltzaileen artean eragin dituen kutsatzeengatik. Irizpide komunik gabe, ESI bakoitzak bere modura jokatu du: leku guztietan material nahikorik edo egokirik gabe. Urrunago joan barik, hor daukagu maskara akasdunak banatu izana, langileon osasuna arriskuan jarriz berriro ere.

Salatu nahi dugu funtsezkoa izan behar zuen zerbitzu baten funtzionamendua: lan-osasuneko zerbitzuak. Zerbitzu hauek, ESI gehienetan eznahikoak izan dira, pertsonal faltarekin eta autonomiarik gabe. Langileon osasuna babesteko baino, Osakidetzak markatutako irizpideak eta protokoloak babesten aritu dira, eguneroko kaosa eta ardura falta zuritu nahian.

Azkenik, ezin dugu ahaztu Osakidetzako zuzendaritzen aldetik jaso dugun komunikazio eta informazio falta. Langileen lan-baldintza, eskubideak eta osasuna bera zalantzan jartzen dituzten neurriak hartu dira langile horien ordezkarioi inolako informaziorik eman gabe, gure galderei erantzun gabe, adibidez, propagandaz haratago, kontziliazio neurriak nola gauzatuko diren. Osasungintza pribatuarekiko kudeaketari buruz hitz bat bera ere ez dugu jaso, erresidentzietan egiten ari diren interbentzioen inguruan ezta… Tristea eta kezkagarria bada ere, informazio gehiago jaso dugu komunikabideetatik Osakidetzako zuzendaritzatik bertatik baino.

Hau guztia kontuan hartuta LABek Osakidetzako zuzendaritzei jarrera aldatzea exijitzen die. Langile guztiontzat test egokiak eta babes ekipo nahikoak nahi ditugu. Informazio gardena eta azkarra eta komunikazioa nahi dugu. Langile guztiekiko ardura eta enpatia nahi dugu. Errespetua eta lana balioztatzea nahi dugu. Horiek dira zuzendaritzen aldetik entzun nahi ditugun txaloak. LABek eskubide horien alde jarraituko du borrokan, orain arte bezala, lan zentroetan, epaitegietan eta beharrezkoa den lekuan. Ez gara isilduko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.