LABek azken asteotan emandako polizia-ekintza desegoki, arbitrario edota neurrigabe ugariak salatu nahi ditu. Halaber, Espainiar Armada, Polizia Espainiarra eta Guardia Zibila zuritzeko abiatutako kanpaina instituzionala arbuiatzen dugu. Inolako lotsarik gabe, udaltzaingoa erabili dute propaganda birzentralizatzailea egiteko. Bereziki larria eta mingarria iruditzen zaigu Intxaurrondoko kuartelean antolatutako omenaldira hainbat udaltzain bertaratzea.
Testuinguru zail honetan, ezinbestekoa iruditzen zaigu Udaltzaingoaren jardunaren ardatz izan behar duten balioen garrantzia azpimarratzea, hurbileko polizia herritarra izan behar duen aldetik.
Jendarte osoak elkar zaindu behar duen une honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da Udaltzaingoa ezaugarritzen duen izaera komunitarioa nabarmentzea. Une honetan, lehentasuna langileon osasuna da eta alor honetan Udaltzaingoak ekarpen handia egin dezake (kasu askotan horrela izaten ari dela azpimarratu nahi dugu), funtsezko zerbitzuetan diharduten beharginentzako prebentzio neurriak ikertuz, esate baterako.
Egungo egoera latzean jokabide solidario eta arduratsuak behar dira, eta Udaltzaingo ezberdinen ekarpena derrigorrez pedagogikoa izan behar du.
Udalak instituzio publiko gertukoenak dira eta udaltzainok nor bere udalerrian, jendartearen mesedetan, auzolanean diharduten udal langileak izan behar dugu, salbuespenik gabe.
LAB sindikatuak herritarrekiko hurbiltasunean eta integrazioan oinarritzen den udaltzaingo eredu bat defendatzen du, komunitatea eraikitzen laguntzeko aktiboa, herritar ororen ongizatea bermatuko duen antolamendu sozial, ekonomiko eta politiko berri batetan kokatua.
Betiko errezeta zaharrek ez gaituzte aterako pairatzen ari garen krisi honetatik. Are gutxiago Kapitalak sustatzen duen eredu polizialak. Bada garaia pertsonak eta bizitza duina erdigunean jartzen dituen babes esparru publikoa eratzeko.
Apustu honetan Udaltzaingoaren ekarpena ezinbestekoa izango da.