2024-11-22
HomeLAB SindikatuaLABOsasun emergentzia eta erabakitzeko eskubidea. Babes dezagun langile klasea, ez kapitala

Osasun emergentzia eta erabakitzeko eskubidea. Babes dezagun langile klasea, ez kapitala

Euskal Herria, Galiza eta Herrialde Katalanetako LAB, CIG, ELA eta Intersindical-CSC sindikatuok otsailean agenda sozialaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpena plazaratu genuen. Gobernu berriari galdegin genion ezetsi zitzala azken hamar urteetan ezarritako lege antisozialak eta aitor zezala gure eremuan lan harremanen, pentsioen eta gizarte babeseko eredua erabakitzeko eskubidea. Bi hilabete geroago, salbuespenezko egoera honetan, beste gogoeta bat egin dugu sindikatuon idazkari nagusien eskutik.

Galizia, Euskal Herria eta Herrialde Katalanetako CIG, ELA, LAB eta Intersindical-CSC sindikatuok otsailean agenda sozialaren eta erabakitze eskubidearen aldeko adierazpena plazaratu genuen.

Manifestu hartan egiaztatu genuen eskuin muturraren gorakada eta espainiar Estatuko indar politikoen zati handi bat jarrera autoritarioetara lerratu zela, baita autodeterminazio eskubidearen aitortza oinarritzat hartuko duen irtenbide baten aurkako jarrera ere. Halaber, Gobernu berriari galdegin genion ezetsi zitzala azken hamar urteetan ezarritako lege antisozialak eta aitor zezala gure eremuan lan harremanen, pentsioen eta gizarte babeseko eredua erabakitzeko eskubidea.

Bi hilabete igaro direlarik, salbuespenezko egoera honetan gogoeta hauek helarazi nahi ditugu:

1. Adierazpen hau sinatzen dugun sindikatuok osasun publikoaren krisia kapitalismoaren beraren krisiaren baitan kokatzen dugu. Aspaldidanik salatzen ari gara krisi sistemiko horrekin batera datozela hainbat arlotako krisiak: zaintzarena, zerbitzu publikoek jasan dituzten murrizketena, lan eta gizarte eremuetako prekarizazio eta indibidualizazioa eta, horrenbestez, lotura sozialen haustura.

2. Oraingoan ere gure nazioen soberania gabezia berriro geratu da agerian. Salatu behar dugu COVID-19aren pandemia baliatu dela 155. artikulu bat zeharka sartzeko, gure lurraldeek berez duten autonomia urria indargabetuz. Propaganda unionistaren kanpaina betean gaude, desfile militar eta guzti; eta haren asmoa ez da osasun krisiari aurre egiteko indarrak biltzea, baizik eta krisi hori erabiltzea gure nazioetako langileen bizitzarako funtsezko gaietan erabakitzeko eskubidea deuseztatzeko.

Erabakitzeko eskubidea galdegiten dugu modu egokian aurre egiteko osasun krisiari, baita ondoren etorriko diren erronka ekonomiko, sozial eta politikoei ere.

Bizi dugun salbuespenezko egoera honetan, gure sindikatuon iritziz lehentasuna da COVID19aren hedapena mugatzea eta langileen zein herritarren osasuna zaintzeko neurriak hartzea. Aldi berean beharrezkoak dira neurri sozialak krisi honen ondorioak ez diezaizkioten soilik langile klaseari leporatu.

Espainiar gobernua eta gobernu autonomikoak hartzen ari diren erabakiek eskubideak konfinatzen dituzte, berandu datoz, bidegabeak dira, eta langile klasearentzat zein kolektiborik zaurgarrienentzat motzegi geratzen dira.

– Lehenik, oinarrizko jarduerak betetzen dituzten langile guztiei beharrezko babes neurri guztiak eskaini behar zaizkie. Bermatu egin behar da ere lana modu egokian egiteko langile kopurua, hauen osasuna zaintzeko eta oinarrizko jardueretan lanean ari diren pertsona hauek gaixotasuna kutsa ez dezaten.

– Gure sindikatuek exijitu dute funtsezkoak ez diren jarduera guztiak geldi daitezela. Pandemiari muga jartzeko konfinamendu zorrotzagoa behar da; hau komunitate zientifikoak ere eskatu du.
Espainiar gobernuak ezarri zuen oinarrizkoak ez diren jardueren itxiera. Erabaki hau berandu hartu da, eta ezin okerrago kudeatu dute; areago, horren ostean argitzeko ohar bat argitaratu dute, dekretua aldarazi nahian. 48 ordu igaro ez zirelarik, amore eman zieten botere ekonomikoaren presioei, eta gero hartu zen erabakiarekin iruzur egin zuten ikuspuntu demokratiko eta juridikotik.

Gaur, inoiz baino areago, politika publikoak ezinbestekoak dira, eta baliabide guztiak gehiengo sozialen alde baliatu behar dira, neurri guztiak hartzeko inor baztertuko ez duen gizarte-babeserako, zeinak langile klase guztiari bermatuko dizkion enplegua, soldatak eta diru-sarrera duinak.

Erabaki ausartagoak behar dira finantzaketa publikoa ziurtatzeko, aberatsenen eta enpresa handien gaineko zerga bidez eta egun esku pribatuetan dauden ekonomiako sektore estrategikoetan (bankuak, konpainia elektrikoak, etab.) esku hartze publikoa bideratuz; hauek dira politika neoliberalak alde batera utzi eta hartu beharreko bidezko neurrietako batzuk.

Lau sindikatuok nabarmendu nahi dugu herritarrak oro har eta bereziki hainbat sektoretako langileak -osasungintza, garbitasuna, adinekoen zaintza, elikagaiak, garraioa eta nola edo hala jendea artatzen dutenak- zer nolako konpromiso zibikoa ari diren erakusten; haatik, salatu beharra dago lanean ari direla babesteko bitarteko nahiko eta egokirik gabe, eta ez dagoela aski langilerik eginkizun guztiei aurre egiteko. Krisiak agerian jarri du arlo publikoa zein garrantzitsua den eta azken aldiko murrizketek zenbateko kaltea eragin duten. Baina gainera, frogatu digute pertsonen bizitza kokatu behar dela politiken erdigunean. Krisiak adierazi du lanbide feminizatuak direla prekaritaterik handiena eta aitortzarik eskasena dutenak; hain zuzen krisia amaiarazteko ezinbestekoak diren sektoreak.

Sindikatuok ere salbuespenezko baldintzetan ari gara lanean. Horregatik dei egiten diegu gure afiliatuei lotura kolektiboak indar ditzaten eta modu aktiboan inplika daitezen jenderik ahulena defenditzeko, enpresetan zein hauetatik kanpo.

Azkenik, otsaileko adierazpenean adierazi genituen konpromisoak berretsiko ditugu. Ez dugu onartuko krisi berri honen ondorioak langileen gain erortzerik, horrela pobrezia areagotuz. Borrokan jarraituko dugu justizia sozial eta ekologikoa oinarritzat hartuko duen eredu baten alde eta lanaren zein aberastasunaren banaketa justuagoa izan dadin. Bide batez soberania betea galdegiten dugu eremu sozioekonomiko bat eraikitzeko, baita geurea den lan harreman eta gizarte babeseko marko bat ere.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.