2025-04-11
HomeLAB SindikatuaLABIndustrian iruzurra egiterik ez dugu onartuko; langileen osasunaren defentsan jarraitzen dugu

Industrian iruzurra egiterik ez dugu onartuko; langileen osasunaren defentsan jarraitzen dugu

Igande gaueko Dekretuaren ondotik, arazo ugari salatu ditugu Hego Euskal Herriko lan zentroetan. Jaurlaritzako Kontseilari Arantxa Tapiak eta Confebaskek aholkatu bezala, enpresaz enpresa zirrikituak bilatzen dabiltza enpresaburuak. Horren adibide da, Domiberia, Aludium, Mecanizados Osatu edota ITP AERO bezalako enpresetan sartu ditugun salaketak; hala ere, lanean jarraitzeko aginduak bere horretan dirau.

Zirrikituetatik harago ematen ari den iruzurra salatu nahi du LABek. Oinarrizkoa ez den produkzioa mantendu nahi dute; adibidez, Aludiumen, oinarrizko produkzioa %10 izan beharko litzatekeenean, %75 produzitzera derrigortu nahi dituzte langileak. Edota ITP AERO enpresan, behin-behineko eta azpikontratetako langileak lanera joanarazi dituzte, oinarrizko ez den produkzioa aurrera ateratzeko.

Argi dugu, enpresaburuentzako, Patronalentzako eta Jaurlaritza zein Nafar Gobernuarentzako, langileen osasuna ez dela lehentasunezkoa. Eta, momenturen batean, kontrakoa antzeztu nahi izan badute ere, ezta Espainiako Gobernuarentzako ere.
Horren adibide da, Espainiako Gobernuak atera berri duen zehaztapen edo irakurketa berria. Igandeko dekretuaren irakurketa oso modu zabalean interpretatzeko aukera ematen du; hau da, enpresaburuek nahi dutena egiteko aukera zabaltzen du.

Honen aurrean, LABek argi adierazi nahi du:

– Ohar horrek ez dauka balio juridikorik, une honetan indarrean dagoena eta balio duena 17/2020 Errege Dekretua da, igandeko dekretua.

– Ezinbesteko jarduera egiten dutenek, edota euren hornitzaileek, gutxieneko jarduera egin ahalko dutela dio ohar horrek. Bereziki, martxan jartzeko arazoa edota martxan ez izateak istripu arriskua ekar lezakeen enpresetan. Hori da azken orduetan Hego Euskal Herrian arazo gehien sortzen ari den puntua, izan ere, enpresa askotan zirrikitu eta iruzurrerako erabiltzen ari dira.

– Nazioarteko kontratuak bete behar dituzten enpresetan, esportazio edo inportazio lanetan dauden langileak ere lanera joan beharko dutela dio; ezinbesteko hornikuntzarako edota nazioarteko konpromisoak betetzeko.

Azken puntu hori ez zegoen dekretuan jasoa, beraz, ez da aplikagarria. Gainera, oharrak soilik esportazio-inportazio jarduera aipatzen du, inola ere ez produkzioa.

Honengatik guztiagatik, anbiguotasunak eta iruzurrak alde batera utzi eta behin betikoz langileen osasuna (eta ondorioz herritar guztiona) erdigunean jartzeko eskatzen dugu; oinarrizko ez den jarduera oro eten egin behar da.

LABetik kasu guztiak salatuko ditugu. Une honetan borrokan eta plantoan dauden langileei gure babesa eskaini nahi diegu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

“Nazioa gara. Euskal langileak gara”, Aberri Eguneko adierazpena

Jarraian irakur dezakezue LAB sindikatuaren 2025eko Aberri Egunerako adierazpena:

UDALHITZ mahaia eratzea lortu da, negoziazioari ekiteko berme nahiko lortuta

15 urteren buruan, langileekiko arduraz eta begirunez joka dezala eskatzen dio LABek EUDELi. Izan ere, bada sasoia Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udal erakundeetan ezinbesteko erreferentzia den UDALHITZ marko arautzailea berritzeko.

Segurtasun juridikoa emango duen lege-babes berria eskatzen du LABek euskararentzat

LABek irmoki salatzen du Udal Legea garatzen duen dekretuaren aurka Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakia. EAEko Auzitegi Nagusiaren eta Auzitegi Gorenaren aurkako ebazpenen kateaketak...