Celsa Atlantic-Laminaciones Arreguiko langileek kontzentrazioa egin dute Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean kaleratutakoak berronartzea exijitu eta etorkizunerako bermeak aldarrikatzeko.
Laminaciones Arreguiko langile gehienek egin dute bat gaur kaleratutakoen berronartzea eta Arabako lantegien etorkizunaren alde deitutako lanuztearekin. Honekin batera, kontzentrazioa egin dute Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean, datozen egunotan kaleratutako langileek demanda judizialak eta kontziliazio papeletak aurkeztuko dituztelako euren berronartzea exijituz.
Mobilizazio honekin, langileek enpresaren jarrera salatu nahi izan dute, otsailean 8 langile kaleratu zituelako. Hauxe da, hain zuzen ere, kaleratze kolektiboagatik prozedura aurkezteko muga eta ziurrenik, beste jipoi judizial bat ekiditeko helburuarekin egin du enpresak.
Jukutria hau egin duten arren, argi utzi behar dugu langile hauek beste birritan kaleratuak izan zirela, modu aktiboan hartu zutela parte 2012ko greba mugagabean eta horren ondorioz, bapatean kaleratuak izan zirela eta ELA eta LAB sindikatuetako afiliatuak direla. Gainera, hauetariko batzuk bajan zeuden kaleratuak izan zirenean.
Ondorio argi batera garamatza honek: inposizioen bidea hartu du berriro enpresak, jazarpenarena, euren murrizketa eta kaleratzeen aurrean amorerik eman ez zuten Gasteiz eta Urbinako langile batzuen zigorrarena.
Honen aurrean, langileak errebelatu egin dira eta tinko erantzun dute, Gasteizko epaitegietan ere mobilizatuz. Izan ere, esparru guztietan aldarrikatuko dugu kaleratuek berriro lanean bueltatu behar dutela, enpleguari eutsi behar zaiola eta etorkizunerako bermeak behar dituztela Arabako lantegiek.