2024-11-26
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaOnartezina da langileak bihurtzea prebentzio falta eta laneko osasun galera eta heriotzen...

Onartezina da langileak bihurtzea prebentzio falta eta laneko osasun galera eta heriotzen erantzule

Egoera larri batek ekarri gaitu prentsaurreko bat egitera gaur Bilbon. Joan den otsailaren 23an, langile bat hil zen Murgako Zorroza Gestión de Residuos SL enpresan. Heriotza iluna izan zen. Hain zuzen ere, gertatutakoaren ondorioak aurrekaririk gabeak dira, langile bat inputatu baitute lankidearen heriotzagatik, ustezko estalketa delituagatik. Honekin, argi eta garbi ikusten dugu patronalak lerro berri eta arriskutsua ireki duela, prebentzio faltaren eta laneko osasun geleren eta heriotzen biktima garenok heriotzen erantzule egin nahi gaituztelako. Langileok biktima gara, ez erantzuleak.

Joan den otsailaren 23an, langile bat hil zen Murgako Zorroza Gestión de Residuos SL enpresan. Zaldibarrekoaren antzera, kasu hau ere zaborraren kudeaketa zikinari lotuta dago, hondakinen negozioan ari baita Zorroza Gestión de Residuos SL enpresa. Ikusten dugu kapitalaren diru-gosea ingurumena eta bizitzaren gainetik jarri dela oraingoan ere, eta bizitzak galdu du lehia eta langile bat hil egin da lanean.

Larria da beti egoera heriotza bat tartean dagoenean. Eta horrela gertatzen da Murgako istripuan, urte hasieratik Euskal Herrian lanean egondako 16 hildako eta 2 desagertuekin izan den antzera. Baina kasu honek alarma pizteko elementu guztiak ditu.

Enpresa bera, Zorroza Gestión de Residuos SL, eskubiderik gabeko eremu bat zen langileentzat, Guantanamo laboral bat, langileak erabateko babesgabetasunean uzten zituena.

Lantoki honetako lan-baldintzak ikuste hutsa nahikoa iruditzen zaigu goikoa ondorioztatzeko:

– Eguneko 10 orduko nahitaezko lanaldiak.
– Enpresak ez dizkie langileei beharrezkoak diren norbera babesteko ekipamendu guztiak ematen.
– Soldatak baxuak dira.
– Lan-erritmoak oso altuak dira.
– Ez dago fitxatzeko sistemarik.
– Instalazioen garbitasuna desegokia da.
– Langileek ez dute inolako prestakuntzarik jasotzen laneko arriskuen prebentzioaren arloan.
– Enpresako gerentziaren partetik hitzezko tratu txar jarraituak.
– Eraso fisikoko gertakari bat.

Kudeaketa iluna lehenagotik zetorren. Arau hauste oso larria egin zuen enpresak, Aiarako udal arkitektoaren txosten baten batera eta istripuaren aurreko hilabeteetan, enpresak 3 aldiz ukatu zien sarbidea lantegia ikuskatzera zioazen zerbitzu teknikoei. Azkenean, urtarrilean egin zuten bisita zerbitzu teknikoek, Ertzaintzak lagunduta.

Aiarako Udalak espedientea ireki zion enpresari istripua baino hilabete batzuk lehenago, pertsonen segurtasun eta osasun neurriak eta ingurumenaren babesaren ingurukoak ez betetzeagatik.

Aipatutako udal arkitektoaren txostenak aurreko txosten tekniko bat hartzen du oinarri moduan, 2017ko abenduaren 11koa, enpresak egindako bi arau-hauste larri jasotzen dituena: jarduera proiektuan zeuden definitu gabeko materialen kudeaketa eta ahal zena baino hondakin gehiago pilatzea.

Hemen salatzen ari garen laneko heriotzari dagokionez, otsailaren 23an izan zen. Arratsaldeko 17:00etan, B.D. langilea, bi lankide eta enpresaren arduraduna pabeloiaren teilatura igo ziren kanaloiak konpontzera, kudeatzailearen aginduak jarraituz. Eskailera bat hartu eta teilatura igo ziren, 9 metrotara, inolako segurtasun neurririk gabe.

Handik minutu gutxira, B.D. enpresaren barrukaldera erori zen teilatuaren zati bat erori ondoren. Han zeuden langileek B.D.rengana jo zuten eta larri zegoen arren, oraindik bizirik zegoela adierazi zuten.

Enpresaren kudeatzaileak behartu egin zituen langile batzuk B.D. mugitzera, bere ohiko lanpostura gerturatzeko eta ondoren, agindu zehatzak eman zizkien langile guztiei. “Badakizue zer esan behar duten, ez? Zintatik erori dela… Zintatik erori dela!”

Honekin lotuta, zenbait kontu nabarmendu nahiko genituzke. Hildako langilea berea ez zen postu batean zegoen lanean, zehazki, teilatuan. Gainera, ez zegoen prebentzio neurririk. Hirugarrenik, arduradunaren aginduz mugitu zutela langilearen gorpua.

Badakigu ez dela lehen aldia horrelako zerbait geratzen dena Zorroza Gestión S.L.n, langileak ez dagozkien lanak egitera behartzea bezalako negligentzia larria eta gainera, inolako segurtasun neurririk gabe, onartezina da, baina istripu bat izkutatu nahi izatea, are gehiago.

Gertatukoaren ondorioak ordea, aurrekaririk gabeak dira, langile bat inputatu baitute lankidearen heriotzagatik, ustezko estalketa delituagatik. Honekin, argi eta garbi ikusten dugu patronalak lerro berri eta arriskutsua ireki duela, prebentzio faltaren eta laneko osasun galeren eta heriotzen biktima garenok heriotzen erantzule egin nahi gaituztelako. Langileok biktima gara, ez erantzuleak.

LABetik, salatu beharrean gaude honen antzerako egoerak kudeatzailearen koakzio eta mehatxuek sortutakoak izan daitezkeela soilik. Aspalditik dugu horrelakoen berri, eta ahozko erasoak eta eraso fisikoak ere gertatu izan dira.

Gaia epaitegietan dago egun eta LABek dagokion bidea egin dezan eskatuko du. Sindikatu bezala dagokigun ardurarekin jardungo dugu eta kasuari gertuko jarraipena egingo diogu, egoera argitu dadin.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Elgoibarko Egondoko langileek mobilizazioei ekin diete enpresa-itunaren negoziaketaren blokeoa dela eta

Azaroaren 18an, Elgoibarko Egondo enpresako langileek mobilizazio ziklo bat jarri zuten martxan euren enpresa–itunaren negoziaketaren blokeoa dela eta. Gaur ere mobilizazioa egin dute, eta beste horrenbeste egingo dute aste honetako asteazken eta ostiralean ere.

EAEko aurrekontuak zehazterako orduan langileen parte hartzea bermatzeko eskatu diogu Jaurlaritzari

Gaur goizean egin den Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bileran, LABeko ordezkariek salatu dute EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu direla. Honetaz gain, proposamen zehatzak jasotzen dituen txosten bat helarazi diote Nöel D’Anjou Ogasun sailburuari.

Aldarrikatuko dugu Euskal Herriak ahots propioa izan behar duela CAF taldeko Enpresa Batzorde Europarrean

Azaroaren 27an bilduko da lehen aldiz CAF taldearen Europako Enpresa Batzordea izango denaren oinarriak adostu beharko lituzkeen negoziazio-mahaia. Bilera hau Beasaingo lantegian egingo da, 10:00etatik aurrera.