Otsailaren 28an argitaratu zen Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmena, denbora luzez zain egon eta gero. Horren ondorioz, bertan jasotakoak praktikara eramateko momentua da, erantzukizunez eta langileekin hartutako konpromisoak betetzeko ardurarekin. Ardura horien artean, Herrialdeko Berdintasun Batzordea sortzea dago. Honen zereginen artean dago soldata arrakalarekin bukatzeko urratsak ematea, sektorean emakumeen kontratazioa bultzatzea edota enpresei beraien berdintasun-planetan beharrezko laguntza eta aholkularitza eskaintzea.
LABek Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmen sinatu zuenean bertan jasotakoa betetzeko konpromisoarekin izan zen; ezinbestekoa delako berdintasunean urratsak ematea jendarte eredua aldatuko badugu. Beraz, Batzordea sortu, teknikari bat kontratatu eta sektoreko herrialdeko diagnostiko erreal bat egitea izango dira Patronalari exijituko dizkiogunak, hitzarmenak jaso bezala.
Batzorde hori emakumez osatuta egon beharko litzatekeela ere aldarrikatzen dugu, berdintasun ezaren ondorioak jasotzen ditugun heinean, gu geu baikara ekarpen aberatsena egin diezaiokegunak Batzorde horri; funtzio eta edukiak garatuz, beharrak mahai gaineratuz, eta iruzur saiakerak identifikatuz, beharko balitz.
Batzordearen lehen bilera martxoan bertan egin behar dela esan dugu eta data ezberdinak proposatu ditugu. Badakigu, Batzorde hori ondo eratuta egoteko bilera bat baino gehiago beharko direla eta ez dugu egoera hori denborak larregi luzatzen uzteko asmorik. Izan ere, 6 hilabete ditugu sektoreko diagnostikoa aurkezteko.
Beste barik, eta sektoreko emakume guztiei bidea egitera goazela argi utziz, LABek Bizkaiko metalgintzako emakumeon ondoan borrokan jarraitzeko konpromiso irmoa berretsi du gaurkoan.