2024-11-23
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaHezkuntza lege berria, inposaketa zaharrak

Hezkuntza lege berria, inposaketa zaharrak

Bere burua aurrerakoitzat duen Madrilgo Gobernuak LOMLOE Hezkuntza Lege proiektu berriari bide eman dio. Kolore morea eta progresista eman nahi izan diote baina barniz horren azpian enbor bereko ezpala besterik ez dago.

Herri bezala hezkuntzan ditugun erronka bat bera ere ez du konponduko hezkuntza lege honek. Euskarararen ezagutza unibertsala edo euskal kulturaren transmisioa ezinezko egiteko pentsatua dagoen hezkuntza sistema inposatu eta zentralistak bere horretan jarraitzen du. Hizkuntza ereduek bere horretan jarraituko dute, euskararen ezagutza unibertsala, oinarrizko eskubidea dena, lortzeko beharrezkoa den murgiltze ereduaren hedapena ez da aipatu ere egiten; kontrara, ikasleek euskara ezagutzea ezinezko egiten duten ereduen sistema mantendu eta betikotzea nahi du legeak. Era berean, euskal kulturaren transmisioa bermatzeko beharrezkoa den Euskal Currilumari ateak ireki ordez, Espainiar Curriculuma inposatzen jarraitzen du estatuak: Madrilek erababakiko ditu edukien %55, Madrilek erabakiko ditu zein diren ikasgaiak, gure herria zapaltzen duen estatuak jarraituko du gure herriko ikasleek zer eta nola ikasi behar duten erabakitzen, selektibitatea bezalako azterketa zentralizatzaile, antipedagogiko eta atzerakoiak mantenduz.

Zentroen autonomia, parte hartzea, inklusioa, segregazioa gainditzea, hezkidetza… bezalako hitzak aipatzen ditu legeak, ia lege guztiek aipatzen duten bezala. Baina aipamenetik haratago zein neurri erreal proposatzen du legeak? Ezer gutxi. Baina oso urruti gelditzen da Euskal Herriko Hezkuntza Komunitateak behin eta berriz egiten dituen aldarrikapenetatik. Neurri zehatzak, baliabide ekonomiko, pertsonal eta formakuntzakoak beharrezkoak dira helburuak lortzeko.

LAB sindikatua ez dago Madrilera begira, oraingoan ere Madriletik ez delako konponbiderik etorriko. Espainiako Gobernuari gauza bat eta bakarra eskatzen diogu: utzi Euskal Herriko hezkuntza bakean, utzi zuen hezkuntza sistema gure herrian inposatzeari, guk gure hezkuntza sistema nolakoa izatea argi baitugu. Erabakitzeko eskubidea exigitzen dugu, eta Hego Euskal Herrirako hezkuntzaren eskumen osoa exijitzen dugu.

Hezkuntza sistema espainol-frantses, hetero-patriarkal, kapitalistak eta kolonialak eragin zuzena du gure herrian: desnazionalizazioa, balore patriarkal eta atzerakoien hedapena, sistema publikoaren pribatizazio basatia. Erroko aldaketa bat behar du hezkuntzak gure herrian.

Hezkuntza Lege Burujabe eta Nazionala eskatzen dugu: euskarararen ezagutza unibertsala bermatuko duen murgiltze eredua, Euskal Kulturaren transmisiorako Euskal Curriculuma, 0-3 ziklotik doakotasuna eta ekitatea eta aukera berdintasuna bermatu eta segregazioa gainditzeko neurri ausartak, hezkidetza bermatzeko Skolae bezalako programa feministak; eskola komunitatearen parte hartzean eta baliabideetan oinarritua pedagogia aktiboak eta ebaluazio hezitzailea; hezkuntza laikoa; finantzazioa, formazioa, jangela osasuntsuak eta hezitzaileak eta eskolan ematen den aniztasunari erantzungo dioten neurri inklusibo eta errealak. Eta, nola ez, lan baldintza duinak oso estuki lotuta daude kalitatezko hezkuntzarekin: langileen egonkortasuna, ratioen jaitsiera, soldata eta baldintzen ekiparazioa ezinbestekoak dira behar dugun hezkuntza lortzeko.

Espainiatik datorren lege proiektu honek ez du gure hezkuntzak behar duen arazoetako bat bera ere konponduko. Horregatik, LABek gaur ere deia egiten du Euskal Herrian behar duen hezkuntza sistema burujabe eta nazionalaren aldeko hezkuntza akordioa lortzeko. Espainia eta Frantziako Hezkuntza sistemetara begiratu beharrean, munduan aurreratuak diren sistemetatik ikasiz, Euskal Eskola Publiko Komunitariora iruten jarrai dezagun.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.