Langabezia eta prekarietatearen datuek argi erakusten dute premiazkoa dela lan erreformak indargabetzea, baita gaur egungo langabezia babesteko sistema eskas hau hobetzea ere. Gaur egun, bere estaldura-maila hiru emakume langabetutik batekoa da eta hamar langabetutik laukoa.
Enplegu zerbitzu publikoetako bulegoetan erregistratutako langabeziaren datuak 151.214 langabetu kokatu ditu Hego Euskal Herrian langabeen kopuru ofizialean, hau da, aurreko hiletik %0,2ko jaitsiera izan du eta iazko otsailean baino %1,6 langabe gutxiago zenbatu ditu.
Azken hilabeteetako bilakaera ikusita azken urteetako susperraldi ekonomikoaren ondorioz erregistraturiko langabeziaren murrizketa erabat gelditu denaren inpresioa ematen du.
Egoera kezkagarriagoa da egun ekonomiaren moteltze prozesuak okerrera egiteko arriskua duela kontutan hartzen badugu; batez ere, kontuan hartzen badugu gure langabezia tasa oso maila altuetan dagoela, zehazki %11,3ean.
Europar Batasunean langabezia tasa handiagoa duten bi Estatu kide baino ez daude: Estatu Espainiarra (%13,7) eta Grezia (%16,5).
Azpimarratzekoa da Nafarroaren kasua. Izan ere, langabeziaren bilakaera negatiboa izan da, baita gazteen eta emakumeen kasuan ere. Otsaila amaieran hilabete bat lehenago zeuden baino 308 gazte langabe gehiago zeuden eta duela urtebete baino 487 gehiago.
Azken hilabetean Hego Euskal Herrian 156 emakume langabe gehiago kontabilizatu dira, eta dagoeneko langabezian dauden biztanleen % 57 dira emakumeak.
Bestalde, garrantzitsua da gogoratzea lan-erreformaren ostean, lan-merkatuaren funtzionamenduak bere joera zaharretan eta kultura prekarioan harrapatuta jarraitzen duela: sinatutako kontratuen hamarretik bederatzi aldi baterakoak dira, enplegu-ezegonkortasuna EBko handienetakoa da eta eskulanaren txandaketa inoiz baino handiagoa.