2025-07-29
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaBizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek kaleak hartu dituzte hitzarmenaren defentsan

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek kaleak hartu dituzte hitzarmenaren defentsan

LAB, ELA eta UGT sindikatuok greba egunak deitu ditugu otsailaren 27rako eta martxoaren 4 eta 5erako, Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuan. Mobilizazio hauen helburuan hitzarmen berri bat lortzea da. Ia hiru urte igaro dira sektoreko langileak mobilizatzen hasi zirenetik. Denbora honetan 40 greba egun baino gehiago egin dituzte, baina patronalek eta udalek immobilismoan jarraitzen dute. Egoera horren aurrean, langileek mobilizazio gehiago antolatu beste aukerarik ez dutela izan azpimarratu dute. Hala, langileek Bilboko kaleak hartu dituzte gaur, greben lehen egunean, eta Bilboko Udala interpelatu dute osoko bilkura egin bitartean.

Langileek urteak daramatzate Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kalitatean ematen ari den galera salatzen, bai asistentzia arloan baita lan baldintzen arloan ere. Kontuan hartu behar da, gainera, dependentzia egoeran dauden pertsonen kopurua etengabeko hazkundean dagoela jendartean eta gurea ezinbesteko zerbitzua dela.

Asistentzia arloari dagokionez, handitzen doan kolektibo baten babes maila gutxitzen ari da. Prestazio orduak jaisten dira, egin beharreko lanak handitzen diren heinean, zerbitzuaren kalitatean galera emanez. Lan arloari dagokionez, 8 urte baino gehiago daramatzate soldata izozketa eta lan eskubideen galerarekin. Enpleguaren behin-behineko tasa handia da, eta lanaldi partzialak ugariak. Malgutasuna gero eta handiagoa denez, lanaren eta norberaren bizitzen arteko kontziliazioa oso zaila bihurtu da. Labur esateko, lan-baldintzak prekarioak dira.

Arduradunak seinalatzeko unean, argi utzi dute ez dutela beste alde batera begiratuko. Bizkaiko udaletako gobernu taldeak, mozioen erabilera partidista eta gerora hauen ez betetzearekin, eta patronalak, negoziaziorako gogo ezarekin, dira gatazka honen arduradun zuzenak. Lehenengoek, zerbitzuaren titular moduan eta bigarrenek, zerbitzuaren prestatzaile moduan, ezin dute euren ardura albo batean uzten jarraitu.

Martxoaren 8a gertu dago, eta instituzioek berdintasuna aldarrikatzen duten urteroko edukirik gabeko intentzio deklarazioak egiten hasi dira. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bezalako sektoreekin berdintasun erreal batera jotzeko benetako neurriak hartzeko aukerak zabaltzen dira. Emakumeen lan baldintzetan eta ondorioz, bizi baldintzetan, hobekuntzak sustatuz.

Gatazka honen atzean, emakumeok zapaltzen dituen sistema oso bat dago. Sistemak emakumeok zaintza lanak ezeren truke egitera behartzen ditu, bere biziraupenerako. Horregatik, lan merkatuan eta kasu honetan etxez etxeko laguntzan, uzten diete lekua bigarren mailakoa da. Zaintza lanak inolako aitortzarik gabe eta oso modu prekarioan ematen dira.

Greba egunez gain, hainbat mobilizazio ere egingo dira. Gaur, Bilboko Udala interpelatu dute osoko bilkura egin bitartean, kanpoaldean kontzentratuz. Martxoaren 4 eta 5ean, Arriagaren aurrean egun osoko elkarretaratzea egingo dute, sektorearen egoeraz informatzeko eta programazio anitza aurrera eramateko. Honetaz gain, langile guztiak animatzen dituzte mugimendu feministak Martxoaren 8aren testuinguruan antolatutako mobilizazioekin bat egin dezaten.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABen 2024/2025 ikasturtean: borroka sindikal aktiboa, zerbitzu publikoen kalitatea lan baldintzen hobekuntzekin uztartuz eta sektore feminizatuen protagonismo nabarmenarekin

LABek 204 borroka aktibatu ditu eta horietatik 75 gatazkatan greba baliatu du LAB sindikatuak 2024/2025 ikasturtean egindako lanaren balantzea aurkeztu du, eta datuek argi uzten...

Langabezia jaitsi arren, aktibitate tasak behera egin du

Langabezia tasa %7,3ra jaitsi da Hego Euskal Herrian, 103.600 herritar dago langabezian. Pasa den urtean baino 11.000 langabe gutxiago daude, baina 14.500 langile gutxiago...

Zamatze lanetan garraiolari azpikontratatua hilik Muxikan, istripu klasiko baten errepikapena

Atzo asteazkena, Muxikako Ebaki enpresan zamatze lanak burutzen ari ziren bitartean garraiolari bat zamatze makina batek kolpatu zuen. Azpikontratatutako garraio enpresako langilea, tokian bertan...