2025-04-18
HomeEkintza SozialaEkosozialismoaBat egiten dugu Donostian erraustegiaren aurka larunbatean izango den manifestazioarekin

Bat egiten dugu Donostian erraustegiaren aurka larunbatean izango den manifestazioarekin

LABeko langileok arrazoiak soberan ditugu deialdiari atxikimendua emateko: langileon osasunagatik, lan eta bizi duinaren alde, gure ekonomia eta klimarengatik, bat egiten dugu erraustegia gelditzeko otsailaren 29an egingo den manifestazioarekin. 17:00etan abiatuko da protesta, Easo plazatik.

Ia bi hamarkada igaro dira hondakinen kudeaketa ereduen inguruko eztabaidak Gipuzkoan bizia hartu zuenetik. Zabortegiek gainezka egin eta sistema honen arazo larria agerian geratu zenean botere ekonomiko eta politikoek ez zuten zalantza egin errausketaren hautua egiteko. Zaldibar eta Zubietan gertatzen ari denarekin, auziak gaurkotasun handiz bizirik jarraitzen du: hondakinen kudeaketak aterabide egokirik gabe jarraitzen baitu, 2 langile desagerturik jarraitzen dute, lan eta bizi baldintzak kutsatu eta prekarizatuz jarraitzen dute. Gure elkartasun osoa Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren senide eta bertako bizilagun guztiei. Erantzukizuna eta neurriak orain!

Zaldibarreko zabortegiaren antzera, Zubietan eraikitzen ari diren erraustegia hasieratik irregulartasunez beteta egon da: hondakinen kudeaketa, instituzio publikoen eskumena, geure osasuna, lan eta bizi baldintzak, pribatizatu eta zaborra negozio aukera paregabe bilakatu baitute. Politika zuritzaileenek ekonomia zirkulartzat saldu nahi diguten erraustegia, trantsizio ekologiko baten testuinguruan energia sorrerarako aukerarik garestiena dela argi dugu, eta enplegu sorrerarako aldiz, eta beste bilketa sistemekin alderatuta, aukerarik ahulena. Hondakinen arazoari soluzio faltsua dela esaten jarraituko dugu, ekoizpen eta kontsumo sistema kapitalista auzitan jarri gabe berau elikatzen duen aukera delako, larrialdi ekologikoa areagotuz, Kapitala eta Bizitzaren arteko talka honetan, langileon lan eta bizi baldintzak mehatxatuz eta gure etorkizuna errez.

Gaur, hondakinen kudeaketa penagarria ezkutatu ezin den errealitatea da, eta larrialdi ekologikoa horren ondorio zuzena. Langileok ordea, badugu zeresana: lan eta bizi baldintza duinak exijitzen ditugu, geure osasuna eta ingurunearena erdigunean jartzeko; erabakietan parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, zuhurtzia printzipioaz, kontsumoaren murrizketan, berrerabilpen eta berziklapenean oinarritzen den hondakinen kudeaketa publiko, garden eta iraunkorra den alternatiba justu baten alde egiteko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.