2024-11-22
HomeLAB SindikatuaLABBiltzar Arteko Batzarra egingo dugu Gasteizen; borroka sindikala, feminismoa, ekosozialismoa, burujabetza eta...

Biltzar Arteko Batzarra egingo dugu Gasteizen; borroka sindikala, feminismoa, ekosozialismoa, burujabetza eta lan osasuna ardatz


Biltzar Arteko Batzarra egingo dugu Gasteizen, martxoaren 26an, eta inoiz baino indartsuago iritsiko gara hitzordura, ideiak oso garbi edukita. Sindikatuak egiten duen lehen Biltzar Arteko Batzarra izango da, eta, bertan, 2017an egindako 9. Biltzar Nagusitik honako balantzea eta aurrera begirako erronkak landuko ditugu. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Antolaketa idazkari Izaskun Garciak agerraldia egin dute, martxoko hitzorduaren eta sindikatuaren egungo egoeraren berri emateko. "Garai berri honek behar duen sindikatu eraldatzailea izan behar ginela nabarmendu genuen Biltzar Nagusian; bada, bide onetik goazela ikusten dugu, LABen proiektuarekiko atxikimendu geroz eta zabalagoa delako langileen artean", adierazi dute.  


Gasteizko Europa Jauregian martxoaren 26an egingo dugun Biltzar Arteko Batzarrean, 9. Biltzar Nagusian hartutako erabakiak berretsiko ditugu. Garbiñe Aranburuk datorren Biltzarrera begira egin nahi dugun bidea azaldu du:

-Borroka sindikal berriak sustatu: ofentsibara egindako Greba Orokor batetik gatoz, eta horrek indarra ematen ditugu borroka sindikal berriak irekitzeko prekarietatearen aurka eta soldata eta bizi baldintza duinen alde.

-Sindikalismo feminista bateranzko trantsizioarekin jarraitu: sindikatu feministatzat dugu gure burua eta praktika feminista bateranzko bidea egiten ari gara: horretarako, formakuntza oso garrantzitsua da. Formakuntza Eskola Feministaren bitartez ematen jarraituko dugu.

Egungo sistema zorretan dago emakumeekin, zor patriarkala delakoa. Zaintza lanak emakumeek sostengatzen dituzte, eta horregatik eskatzen dugu aitortza politiko eta soziala eta lan guztien banaketa.

Lana sexuaren arabera banatzen dela kontutan hartuta, emakumeek egiten dituzten lanak okerrago ordainduak daude, eta lan baldintza kaskarrenak dituzte. Hau dela eta, soldata arrakalaren kontrako borrokak lehentasuna du.

-Ekosozialismora urratsak eman: larrialdi klimatikoaren errealitateak lekua izan behar du gure esku hartze sindikalean. Lan talde bat osatu dugu hurrengo Biltzar Nagusira erabaki berriekin eta proposamen berriekin iristeko.

-Programa Sozioekonomikoa osatu eta aurkeztu: programa honetan sindikatuaren proposamenak jasotzen dira, Euskal Herriaren eraldaketa soziala lortzeko bidean. Zaintza lanen afera nola bideratu, sektore publikoaren paperak zein izan behar duen, zein garapen eredu defendatzen dugun, langileek behar duten Estatutua, pentsio eta Gizarte Segurantzako proposamena…

Ekonomia feminista apurtzailearen eta ekosozialismoaren oinarriak barneratzen ari gara programa honetan. Programak egungo ekoizpen eta kontsumo eredua zalantzan jartzen du, eta bizitzaren sostengarritasuna erdian jartzen du.

-Herri burujabetzaren bidea defendatu: joan den otsailaren 5ean, Bilbon, CIG, ELA eta CSC sindikatuekin batera aurkeztutako agenda soziala eta erabakitzeko eskubidearen ildoan

Proposamenak ditugu, baina botere politikoa behar dugu horiek guztiak garatzeko. Estatuan ireki den fase politiko berriarren aurrean, egungo Gobernuaren eta EAJren apustua egungo erregimena mantentzea dela ikusten ari gara, aldaketa handirik egin gabe.

Bide autonomista bat da euren apustua, eta, azken urteetan ikusi den bezala, horrek ez du Estatuaren krisia konpontzen. Estatutua 40 urtez bete gabe egon ondoren, ezin da garaipen bezala hartu transferentziak akordatu izana, are eta gutxiago garrantzitsuena, Gizarte Segurantzaren kudeaketa (eta ez erabatekoa), ez dagoenean bermatua.

-Klase subjektuaren berrosaketaren aldeko apustua: Gure hurrengo erronka gure ekintza sindikalarekin iristeko aukera ez dugun prekarizatutako sektoreetan eskaintza sindikal bat egitea da (ustezko autonomoak, ordezkaritza sindikala izateko eskubiderik ez dutenak, ekonomia murgilduan lan egiten dutenak…).

-Lan osasunaren defentsa: zoritxarrez, lan egitera joateak gaixo egotera edo hiltzera eramaten gaitu. Errealitate odoltsu honen aurrean, erantzun bateratua ari gara ematen gehiengo sindikalarekin batera.

Sindikatu bezala, aldiz, ekintza sindikalean jarri nahi dugu fokoa prebentzio neurri egokiak exijitzeko, gaixotasun profesionalak eta lan istripuak saihesteko bidean. Aldaketak ari gara ezartzen gure antolakuntza ereduan gai honi hobeto erantzuteko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.