2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsasunbidea: Ospitalegunean, mugikortasuna modu arbitrarioan kudeatzen da

Osasunbidea: Ospitalegunean, mugikortasuna modu arbitrarioan kudeatzen da

Erizaintzako azken deialdien ondoriozko lanpostuen adjudikazioek berriz ere agerian utzi dute zuzendaritzen antolaketa ezin kaskarragoa dela langileen kudeaketari dagokionez, mugikortasuna arbitrariotasunez aplikatzen baitute modu sistematikoan, akoplamenduaren figura arautzen duen araudia behin eta berriz urratuz.

Langileen Zuzendaritzak bat egin du Erizaintzako Zuzendaritzaren trikimailuekin, interesatzen zaizkion pertsonak bere iritziz egon behar duten lanpostuetan jartzeko. Hori helburu, ez dute inolako lotsarik, Erizaintzako Zuzendaritzarekin batera, lanpostu batzuk diskrezionalki sortu, eta profesional "aukeratu" batzuk bertan kokatzeko, langile horien lan-ordutegia eta ordainsari ekonomikoa aldatu behar badute ere. Ez zaie inporta jokabide horrekin antolaketa-disfuntzio garrantzitsuak sortzea eta plantilla organikoa batere justifikaziorik gabe eta legez kanpo aldatzea.

Hori horrela, hemendik gutxira sartuko diren erizainak lanean hasten direnean, horietako batzuk ez dira sartuko puntuazioaren arabera bete beharko luketen lanpostuetan, baizik eta langile kontratatu gisa aritu diren lanpostu beretan, buruek eta zuzendariek hala erabakita. Hori etengabe egiten ari dira, baita langile finkoekin ere. Horrela, lanpostu horiek gainerako langileei eskaintzea galarazten dute, eta zenbait plaza erreserbatuta gelditzen dira, haiek nahierara betetzeko.

Zerbitzu-eginkizunak ere behatzez esleitzen dira, araudian jasotako prozesua batere errespetatu gabe. Eta hori estamentu guztietan gertatzen da: pisu handiagoa dute zuzendaritzek beren pupiloak ondoan atxikitzeko izaten dituzten "interesek" lan irizpide argiek baino. Gainera, zerbitzu-eginkizunen esleipen hori, askotan, behin betiko mugimendu gisa agertzen da plantilla organikoan, eta zaildu edo ezabatu egiten du gainerako profesionalek plaza horiek eskuratzeko duten aukera.

Ulertezina iruditzen zaigu profesionalen zuzendaritzak (zerbitzu zentralak eta Nafarroako Ospitaleguneko zuzendaritza) egoera horretaz ez ohartzea. Bitartean, zuzendaritza batzuk (Erizaintzakoa bereziki, horrelako barne-mugimendu asko egin dituelako) egoera horretaz baliatzen ari dira Ospitalegunea ospitale pribatu bat balitz bezala zuzentzeko, barne-mugikortasuneko prozesuak erabat kenduz, deialdien arteko denbora behin eta berriz luzatuz eta deialdietan oso lanpostu gutxi eskainiz (erakargarritasun gutxien duten lanpostuak, hain zuzen), horrela lanpostuak haiek nahi duten bezala esleitu ahal izateko. Eta hori guztia justifikatzeko esaten dute bidean zailtasun eta traba asko dituztela: Zuzendaritzak berak eragindako zailtasunak.

LABetik eskatzen dugu zintzoki errespetatu dezatela profesionalen mugikortasunari eta plantilla organikoari buruzko araudia eta publiko egin daitezela, Nafarroako Gobernuaren Gardentasunaren Atarian, plaza-zenbaki bakoitzaren hasierako destinoa eta izan duen mugikortasuna. Ziurtatu beharra dago Ospitalegunean urtero egiten direla akoplamendu prozesuak, eta behar diren bitartekoak jarri behar dira profesionalenganako legez kontrako egoera hori berehala konpontzeko.

Ez dugu uste denak balio duenik erakunde publiko bat kudeatzeko orduan, erakunde horren gobernamendu onaren aitzakiapean egiten bada ere. Kargu publikoetan ari direnak indarrean dagoen araudia behin eta berriz urratzea ezin da inola ere justifikatu.

Enegarrenez, Erizaintzako zuzendariaren eta haren menpeko arloko buruen dimisioa eskatzen dugu, haiek baitira Ospitaleguneko profesionalen kudeaketa desegituratu izanaren arduradun nagusiak, plantilla organikoan disfuntzio larriak sortuz eta funtzio publikoan oinarrizko lan-eskubideak urratuz.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.