Negoziazio Mahai Orokorrak gaur goizean egin duen bileran erabakitzeke dauden hainbat gai jorratu dira, tartean Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei %2ko soldata-igoera onartzearena. 2020. urteari dagokion igoera da, eta, alde horretatik, ez dago ezer berririk…
Arazoa, ordea, lehenagotik dator. Krisia zela-eta langile guztiei ezarri zizkiguten murrizketei buruz ari gara. Murrizketak aldi baterako izango zirela ziurtatu ziguten, baina, ohiz kanpoko neurri hori ezarri zigutenetik urte batzuk igaro ondoren eta krisia gaindituta, oraindik ez digute itzuli kendu zigutena. Administrazioak urteko soldata-igoerak aplikatzen jarraitzen du, eta beste alde batera begiratzen du murrizketen zuzenketari dagokionez, gauza batek bestea estaltzen duela pentsatuta.
Ba… ez! Ez ditzagun gauzak nahasi! Gauza bat da soldaten urteko igoera, eta beste bat, oso desberdina, 2012an jasan genituen murrizketen zuzenketa, urte hartan, batez beste, ordainsarien %5 kendu baitziguten: E mailako langileei %0,24, D mailakoei %1,38, C mailakoei % 3,54, B mailakoei %4,86, eta A mailakoei %6,7. Horregatik, LABek murrizketa horiek zuzentzea eskatzen du.
Ez dugu ahaztu behar LABek aurreko legealdian egindako lan sindikalak fruitu oparoak eman zituela, adibidez: funts gehigarriak banatzeko akordioa, Nafarroako Gobernuan E maila desagertzeko eta zenbait kolektibo mailaz igotzeko (besteak beste, administrariak edo hezkuntzako zaintzaileak) balio izan zuena. Orain, legealdi berri honen aurrean, LABen espero dugu aurreko legealdian bezain baliotsuak izatea Nafarroako Administrazio Publikoetako langile guztientzako lan baldintza duinen alde lan egiteko, eta, horren ondorioz, baita herritar guztientzako kalitatezko zerbitzu publikoen alde egiteko ere.