2024-11-22
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaPatronala eta Jaurlaritza lan heriotzen erantzule direla salatu dugu Bilbon, hildako eta...

Patronala eta Jaurlaritza lan heriotzen erantzule direla salatu dugu Bilbon, hildako eta desagertutako langileak gogoan

Euskal gehiengo sindikalak deituta, kalera irten gara berriro, lan heriotzen eta lan istripuen sarraskia salatzeko. Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitza okupatu genuen asteazkenean, erantzuleak seinalatzeko; bada, mobilizazioa egin dugu ostegun arratsaldean, Bilboko Arriaga plazan, Hego Euskal Herrian aurten hil diren 11 langileak eta Zaldibarren lur azpian desagertuta dauden biak gogoan. LABeko Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak hartu du hitza, eta lan istripuak ez direla kasualitatea, prekarietatearen ondorio direla berretsi du.

Xabier Ugartemendia

Xabier Ugartemendiaren hitzetan, "astebete bete da bi langile desagertuta daudenetik Zaldibarren. Bitartean, patronala mehatxuka dabil, iraingarriak diren adierazpenak egiten, eta Iñigo Urkullu buru duen Gobernuaren lehentasuna hauteskundeak dira, eta autopista irekitzea".

Urtea hasi zenetik Hego Euskal Herrian lanean 11 langile hil direla salatu du: "Langileen osasuna eta bizitza bermatzen ez duen eredu batek ezin du duina izan. Beraz, argi eta garbi esan behar dugu prekarietateak hil egiten duela".

LABeko Ekintza Sindikaleko idazkariaren esanetan, "lan istripuetan hltzen diren langileen ardura patronalarena da, beraiek egiten dutelako prekarietatearen aldeko apustua; lan istripuetan hiltzen diren langileen ardura Jaurlaritzarena da, behin eta berriz patronalarekin lerrokatzen delako eta beraiei babesa ematen dielako. Politikak aldatzeko garaia da. Behingoz garaia da. Nahikoa da. Lakra honekin amaitu behar dugu. Langileek eskubidea dute etxera osasuntsu eta bizirik itzultzeko".

Elkarretaratzearen ondoren, komunikatu bat irakurri dugu, eta minutu bateko isilunea egin ere hildako langileen omenez. Ondoren, txalo zaparrada handi batekin amaitu da mobilizazioa.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.