Nafarroako Gobernuaren Lan Departamentuak hilero ematen dituen datuen arabera, 2019ko abendua akitu zelarik, LAB sindikatua Nafarroa Garaiko ordezkaritza sindikalaren %17aren atarian gelditu zen; %16,95ean zehazki. LAB sindikatuak Nafarroan inoiz izan duen ordezkaritzarik handiena da hori.
Hauteskunde sindikalen nolakotasuna dela-eta -enpresa bakoitzak bere erritmoak baitaramatza-, zaila da ordezkaritzaren ehunekoetan berehalako aldaketak gertatzea. Kontrara, aldaketak oso mantso izaten dira. Hala ere, aipatzekoa da azken urteetan LAB izan dela Nafarroan gehien hazi den sindikatua. Konparazio batera, 2007an 827 delegatu zituen LABek (%12,48), baina hamar urte geroago 937 delegaturekin bukatu zuen urtea (%15,67); 2018 urtea 981 delegaturekin itxi zuen (%16,24) eta, erran bezala, 2019 urtea, 1.054rekin (%16,95).
Nafarroako ordezkaritza sindikalaren ia %90 duten lau sindikatu handien artean, LAB da etengabe hazten ari den bakarra, bertze hiruren ehunekoak oso-oso gutxi mugitu baitira urte oso batean: UGTk %25,16rekin bukatu zuen 2018 urtea eta %25,19rekin 2019; CCOO %23,97tik %23,99ra pasatu zen hamabi hilabeteetan; eta ELA, %22,76tik %22,78ra.
“Sindikatuok egunero-egunero eta lantokiz lantoki baliozkotzen dugu Nafarroako langileen babesa”, adierazi du Imanol Karrera LABeko bozeramaileak 2019ko datuei erreparatuta. “Eta ildo horretan, LAB esaten duena egiten duen sindikatua denez, koherentea denez, horregatik langileek LABekiko duten konfiantza gero eta handiago da. Lantoki eta gizartearen errealitatea eraldatzeko lantokietan grebak eta kalean borrokak egiten saiatzen gara langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko; Huerta de Peralta, Nafarroako Esku-Hartze Soziala eta urtarrilaren 30eko Greba Orokorra horren adibide gutxi batzuk baino ez dira. Baina hori lortzeko langileak behar ditugu, langileen babesa behar dugu. Eta horregatik esaten dugu LABek eskuratu duen langileen babes historiko honek aukerak sortzen dituela gure aldarrikapenak errealitate bihurtzeko”.
LAB sindikatuak, hauteskundeetan parte hartzen duen heinean, gero eta delegatu gehiago izan nahi ditu, noski. Baina ez sindikatua helburu bezala ikusten duelako, baizik eta sindikatua aldaketarako tresna garrantzitsu gisa ulertzen duelako. Eta tresna horrekin jarraituko du LABek, batetik, lan harremanak eta baldintza sozialak duintzearen aldeko eta prekarizazioaren kontrako borrokan, eta bertzetik, aldaketa sozialaren aldeko borroka bultzatzen.