2024-11-25
HomeIrakaskuntzaHaur EskolakIruñeko Udalaren politika euskarafobo eta antisozialak salatu eta dei egiten dugu larunbatean...

Iruñeko Udalaren politika euskarafobo eta antisozialak salatu eta dei egiten dugu larunbatean euskarazko haur eskolen alde eginen den elkarretaratzera

Navarra Sumak jakin beharra du bere ahalegin euskarafobiko eta pribatizatzaileari aurre egingo dion gizarte oso bat duela aurrean. Horren adierazgarri gisa, larunbat honetan, otsailaren 1ean, eguerdiko 13.00etan Udaletxe aurrean egingo den elkarretaratzera agertzera animatu nahi zaituztegu.

Haur Eskolak Iruñeko Alkatetzaren jomugan daudela pentsatzeko arrazoi gutxi bagenituen, Donibane eta Printzearen Harresia haur eskoletan abian jarritako euskarazko lerroak bertan behera uzteko erabakiak erabat baieztatu ditu oldarraldi erreakzionarioaren ondorio gordinak. Gezurra da neurri horrekin Joseba Asironen alkatetzaren aurreko egoerara bueltatu garenik. Aurreko legealdian euskarazko lerroa eskaintzen zuten zentroen kopurua bitik laura handitu zen. Orain, aldiz, lautik bat t’erdira murriztuko da aipatu eskaintza hori (Goizeder eskolan, euskara hutsean ematetik gaztelerarekin eta ingelesarekin partekatzera pasa beharko da). Navarra Sumaren erabaki berriek hizkuntza lerroari ezezik Donibane eta Printzearen Harresi haur eskolen ildo pedagogikoari bete-betean eragiten die eta horrek guztiak hezkuntza kalitatean eragin dezake. Bestalde, udal gobernuak oraindik ez du zehaztu hartutako erabakiek langileen baldintzengan izango duten eragina.

Euskarari bakarrik ez, oro har, neurri horiek guztiek kutsu soziala duen hainbat atali eragiten diote.

Gogoratu Maya alkatetzara iritsi bezain laster haur eskoletarako deitua zegoen LEPa bertan behera utzi zuela. 91 plaza lehia publikora atera beharko lituzkeen deialdi hori oso garrantzitsua zen sektoreko langileek duten prekarietateari erantzuna emateko. Kontuan izan sektore horretan 2005etik LEPik egin gabe daudela. Bestalde, haur eskoletako kudeatzailetza eta zuzendaritza teknikoa aukeratzeko irizpideak erabat aldatu ditu. Aurreko legealdian funtzionarien merituetan oinarritutako sistema abian jarri zen arren, izendapen askeko aukeraketara bueltatu da berriro Mayaren bitartez.

Honi guztiari gehitu publikoa den zerbitzua pribatizatzen hasteko lehen urratsak hasiak direla Navarra Suman. Honek guztiak estrategikoak diren arloei eragingo die, esate baterako jantokiak, garbiketa zerbitzuak, hezitzaile ez diren hainbat lanpostu…

Oso larria deritzogun neurri sorta hori guztia abian jartzeko Maya erabiltzen ari den argudio nagusietako bat honokoa da: hizkuntza lerro bakoitzean zerbitzuak jasotzeko dagoen eskari sozialari egokitzen ari dela. Berez, ez zaigu argudio egokia iruditzen, diglosia egoera pairatzen duen hizkuntza gutxitu batek berezko babesa beharko lukeelako eta mentalitate horrekin hizkuntzak elkarrekin lehian jartzen direlako, baina argudio hori ontzat emanda ere argi eta garbi esan beharra dugu 0-3 adin tartean euskaraz zerbitzua jasotzeko dagoen eskaria ez dela inondik inora asetuko Mayak abian jarri dituen neurriekin. Beraz hor ere gezurretan ari da.

Amaitzeko, argi utzi nahi dugu egoera honen erantzule bakarra ez dela Navarra Suma, euskararen eta hainbat neurri sozialen aurka hartzen ari den erabaki orok PSNren oniritzia baitu. Alderdi horrek, politika egiteko garai berriak iragartzen dabilen bitartean, gai jakin batzuetan molde zahar eta baztertzaileak baliatzen jarraitzen duela salatu nahi dugu. Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren erabakiak errespetatzen ari omen dira biak. Hori da euren aitzakia, baina ez dute aipatu auzitegi horren ebazpenak esandako guztia aipatzen, esate baterako Udalak ez duela haur eskola bateko hizkuntza eredua aldatzeko eskumenik. Beraz, aurreko udal gobernuari kritikatu dioten gauza berbera egiten ari da Navarra Suma, PSNren oniritziarekin.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.