2024-11-22
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaGoiza aurrera joan ahala zerbitzu publikoak eta merkataritza ere atxiki zaizkie Greba...

Goiza aurrera joan ahala zerbitzu publikoak eta merkataritza ere atxiki zaizkie Greba Orokorrak industrian duen jarraipen zabalari

Urtarrilaren 30eko grebak gero eta eragin handiagoa du Euskal Herri guztian zehar, goiza aurrera joan ahala. Lehen orduetan industrian jarraipena oso handia zelarik, goiz erdian ikusi da Hezkuntza eta gainerako zerbitzu publikoek, baita merkataritzaren zati handi batek ere, “lan, pentsio eta bizitza duina” eskatzeko grebarekin bat egin dutela.

Pikete taldeak lantokiz lantoki dabiltza eta dagoeneko hasi dira lehenengo manifestazio-zutabeak osatzen; hauek eguerdian euskal hiri nagusietako mobilizazio zentraletan bilduko dira.

Greba jarraipen oso zabala izaten ari da industrian, ekoizpena geldirik dago enpresa handi askotan eta industrialde ugari itxita dago. Gipuzkoan ia erabatekoa da (Irun eta Beasaingo CAF, Jaso, Irizar, ABB Niessen, JMA, Elay, Indar, Bellota, GKN Legazpi, Sapa, Murias, Olaberria eta Bergarako Arcelor Mittal), baita Bizkaiko eskualde batzuetan (Lucart, Ormazabal, Onduline, Tecnichapa, Cementos Lemona, Eika, Zikautxo, Gestamp, Cie Automotive, Aludium) nahiz Nafarroako ipar-ekialdean (Magotteaux, Aceros Moldeados, Guerra Hermanos, Sarriopapel, Cementos Portland, Arcelor Lesaka, Funvera, Savera).

Greba jarraipen zabala izaten ari da beste eskualdeetako enpresa garrantzitsuetan: Bilbo Handian (Eldu, Construcciones Olabarri, Lucart, Tecnia, Navacel, Lamincer, Arisawa, Mesa, Arteche), Araban (Condesa, Inauxa, Amurrio Ferrocarril, Envases Metalúrgicos, Jez, Auria, SDA, Laminaciones Arregui, Guardian, Sidenor Legutio, Arcelor Agurain, Froneri) nahiz Iruñerrian (Lácteos, Perfil en Frío, Uscal, Argal, Kybse, VW Navarra, Faurecia Orkoien, Tecnoconfort, Videcart).

Zerbitzu pribatuetan ere jarraipena zabala da. Herri askotako merkataritza txikia itxita dago, baita eskoletako eta enpresetako jangela ugari ere, Hego Euskal Herri osoan, adibidez, Gurutzetako ospitaleko kafetegia gaur itxita izango dena. Merkataritza-gune handi batzuk ez dira ireki (adibidez, Donostiako Garberako Eroskik, bere historian bigarrenez grebarekin bat egin duena). Bizkaian eta Gipuzkoan saltoki handi gehienak itxita daude (BM, Eroski, Lidl, Dia…); Araban eta Nafarroan ere grebak eragin handia izan du sektorean (esaterako, Iruñeko Santo Domingoko azoka itxita dago).

Bilboko eta Pasaiako portuan jarduera oso txikia da

Garraio publikoko linea askotan gutxieneko zerbitzuak besterik ez dira eskaintzen ari, erabat gehiegizkoak, orain baino lehen ere salatu izan dugunez. Gainera, enpresek zerbitzu minimoak abusuz ari dira baliatzen, zerbitzu horietarako izendatu baitituzte greba egiteko asmoa zuten langileak. Osasun publikoan ere salaketa bera egin beharrean gaude.

Zerbitzu publikoekin jarraituz, administrazio publikoan, esaterako Gipuzkoan, dozenaka udaletxe itxita daude, batez ere Gipuzkoako udal handi batzuk (Beasain, Tolosa, Andoain, Lasarte, Arrasate, Bergara), eta jarraipena oso handia da Bilbon, Getxon, Agurain eta Laudion, besteak beste. Osakidetzaren Lehen Arretan oso jarraipen zabala izaten ari da.

Eskola publikoan jarraipena zabala da, %65koa EAEn (Nafarroaren kasuan gehiegizko zerbitzu minimoek greba eskubidea urratu dute); %80ko jarraipena Haurreskolak Partzuergoan eta %90etik gorakoa Hego Euskal Herriko Ikastoletan. EHUko zein Nafarroako Unibertsitate Publikoko jarduera gehienak bertan behera geratu dira eta Mondragon Unibertsitatean Enpresaritza eta Giza Zientzien fakultateak itxita egongo dira egun osoan.

EITBn grebak irrati zein telebistan du eragina: soilik albisteak eta grabatutako saioak emango dira. Egunkarien artean, gaur Gara, Deia eta Berria ez dira kaleratu, eta Naiz Irratian greba erabatekoa izan da.

Beste aldetik, greba deitu duten erakundeek salatu egin dituzte Ertzaintza eta beste polizia batzuk greba orokorrean parte hartzen ari direnei ezartzen ari diren debeku, isun eta oztopoak. Adibidez, Gasteizko grebalarien aurkako oldarraldi bortitza ala Basaurin bi lagun jasan duten jazarpena.
Hainbat erakundek manifestazio eta bilera askatasunaren aurka jokatu dute mobilizazio batzutako baimena ukatu dute (adibidez, Bilbon eta Iruñean aurreikusita zeuden zenbait zutabe). Saio politiko honekin urtarrilaren 30eko greba orokorrari indarra kendu nahi diote, baina herritarren mobilizazio handia galarazten ari da asmo hori.

Mobilizazio nagusiak lau hiriburuetan izango dira, eguerdian eta arratsaldean:

BILBO:

Zutabeak 11.45etan abiatuko dira Recalde zumarkaletik, Deustutik eta Jesusen Bihotzetik. Manifestazio nagusia 12.30ean hasiko da Moyuan (plaza Eliptikoa), eta Udaletxe aurrean amaituko da.

Arratseko manifestazioa plaza Eliptikotik 6etan abiatuko da.

DONOSTIA:

Zutabeak 11.45etan irtengo dira 11.45 Gros, Amara eta Antiguatik. Manifestazio nagusia 12.30ean hasiko da Artzai Onaren katedral aurrean, eta Boulevardean bukatuko da.

Arratsean, deialdia 18.30ean da Boulevardean.

GASTEIZ:

Manifestazio nagusia: 12etan Bilbao plazan.

Arratsean, 18etan Andra Mari Zuriaren plazan.

IRUÑEA:

Zutabeak 11etan abiatuko dira Sanduzelai, Berriozar, Txantrea, Arrotxapea, Atarrabia, NUP eta Barañaindik. Manifestazio nagusia, berriz, Gaztelu plazatik abiatuko da 12etan.

Arratsean, 17ean Autobusen geltoki zaharrean.

Eguerdian Karta Sozialak deitutako beste lau manifestazio izango dira, honako herrietan: Eibar (12.30etan, Unzaga plaza), Tutera (Foruen plaza, 12etan), Lizarra (Udaletxeko plaza, 12etan) eta Tafalla (Nafarroako plaza, 12etan).

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.