2025-04-11
HomeEkintza SozialaHelduak eta Pentsiodunak"Hemen badago herri bat, mugaz bi aldeetara, pentsio duinen alde borrokatzen ari...

“Hemen badago herri bat, mugaz bi aldeetara, pentsio duinen alde borrokatzen ari dena”

"Pentsio duinak. Hemen erabaki" leloarekin, Irun eta Hendaiatik abiatu ditugun bi zutabeek Santiago zubian egin dute bat, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. Hala, Espainia zein Frantziako gobernuek pentsioen aurka sustatutako politikak salatu eta euskal pentsio sistema publiko bat aldarrikatu dugu Euskal Herri osorako.

"Gaurko ekimenarekin irudikatu nahi izan dugu, mugen gainetik, hemen badagoela herri bat, hemen bagaudela langile batzuk euskal pentsio sistema publiko baten alde borrokatzen. Bi estatuen parte gara eta bi estatuetatik Europatik ezartzen dituzten politika neoliberalak inposatzen zaizkigu, hainbat lan erreforma ezarrita, guztiekin prekarizazioa areagotuz".

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzak dira horiek, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko Santiago zubian egindakoak. Hain zuzen ere, zubian bertan batu dira Irundik eta Hendaiatik abiatu ditugun bi zutabeak, "Pentsio duinak. Hemen erabaki" leloarekin.

Garbiñe Arabururen hitzetan, antzekotasunak daude Espainia eta Frantziako gobernuak pentsioen aurka eramaten ari diren politiketan, eta horixe salatu dugu bereziki gaurko mobilizazioan. "Honen aurrean, Ipar zein Hego Euskal Herrian borrokatzen ari gara, pentsio sistema propio bat aldarrikatzeko; gutxieneko pentsio bat bermatu nahi dugu, eros-ahalmena bermatuko duen pentsio igoera bat nahi dugu, jubilazio adina aurreratu nahi dugu… Azken finean, bestelako eredu bat eraiki nahi dugu", adierazi du.

Hala, Garbiñe Aranburuk urtarrilaren 30eko Greba Orokorrerako deia luzatu du, baita Ipar Euskal Herrian bihar izango den mobilizazio egun berriari babesa erakutsi ere. Greba Orokorrarekin langileen batasuna irudikatuko dugula nabarmendu du LABeko idazkari nagusiak, lan, pentsio eta bizitza duinen alde, Ipar zein Hego Euskal Herrian. "Hemen badago herri bat, mugaz bi aldeetara, pentsio duinen alde borrokatzen ari dena", azpimarratu du.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

“Nazioa gara. Euskal langileak gara”, Aberri Eguneko adierazpena

Jarraian irakur dezakezue LAB sindikatuaren 2025eko Aberri Egunerako adierazpena:

UDALHITZ mahaia eratzea lortu da, negoziazioari ekiteko berme nahiko lortuta

15 urteren buruan, langileekiko arduraz eta begirunez joka dezala eskatzen dio LABek EUDELi. Izan ere, bada sasoia Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udal erakundeetan ezinbesteko erreferentzia den UDALHITZ marko arautzailea berritzeko.

Segurtasun juridikoa emango duen lege-babes berria eskatzen du LABek euskararentzat

LABek irmoki salatzen du Udal Legea garatzen duen dekretuaren aurka Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakia. EAEko Auzitegi Nagusiaren eta Auzitegi Gorenaren aurkako ebazpenen kateaketak...