2024-11-24
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaGarbiñe Aranburu: "Ostegunekoa greba egun bat baino askoz gehiago da"

Garbiñe Aranburu: “Ostegunekoa greba egun bat baino askoz gehiago da”

Urtarrilaren 30aren atarian gaude. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako Greba Orokorra izango da ostegunean, eta LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hitza hartu du Kartak berak Bilbon egindako agerraldian, grebaren azken zehaztapenen berri emateko. “Urtarrilaren 30ekoa indar erakustaldi oso garrantzitsu bat izango da, eta urtarrilaren 31tik aurrera borrokan jarraituko dugu lan, pentsio eta bizitza duinen alde, eraldaketa soziala eta aldaketa politikoa ekarriko dituen prozesu baten alde”, adierazi du.

“Lan, pentsio eta bizi duinak. Burujabetza aldaketa sozialerako” leloarekin, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Greba Orokorrera deitu du ostegunerako. Deitzaileok agerraldia egin dugu Bilbon, grebaren bezperetan.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “Greba Orokorrera deitu genuen egunetik, lan askoko asteak izan dira, eta jakin badakigu osteguna mobilizazio egun oso garrantzitsua izango dela, herri honetako historian jasota geratuko den eguna. Greba Orokorra arrakasta izateko garrantzitsuena langileek grebara jotzeko arrazoiak ondo ulertu dituztela da. Ulertu dute orain beharrezko indarra dugula arrazoi horiek guztiak balioan jartzeko”.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, "ostegunekoa greba egun bat baino askoz gehiago izango da. Hain zuzen ere, azken urtean baldintzak sortu ditugu grebarako jauzia emateko, mobilizazio sozial maila handi batekin. Greba Orokorrean borroka hauek guztiek bat egingo dute. Langile klasearen batasunaren isla izango da osteguneko Greba Orokorra".

Garbiñe Aranburuk berretsi du ez dela neurri edo eraso konkretu bati erantzuteko greba, ofentsibara jotzeko greba baizik: “Urtarrilaren 30a gure indarra ikustarazteko eguna izango da, bultzada hartzeko eta borrokan jarraitzeko eguna”.

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, “indarra dugu greba egiteko arrazoiak balioan jartzeko, eta proposamenak baditugu. Gasteiz eta Iruñeko Gobernuei zuzendu gatzaizkiei, baita Confebask eta CEN patronalei. Hauek guztiak Elkarrizketa Sozialaren defendatzaile sutsuak dira, baina, hori bai, edukirik gabeko Elkarrizketa Sozial bat defendatzen dute; denbora pasatzeko Elkarrizketa Sozial bat; patronalaren politikak legitimatzeko Elkarrizketa Soziala, non sindikatu batzuek uko egiten dioten borrokari”.

Madrilen hori bera gertatu da. Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata igotzeko akordioa CEOEren garaipen bat izan da, “CCOO eta UGT sindikatuek argazkian egoteari eman baitiote lehentasuna, patrionalarekin sinatutako akordioari berari uko eginez. Lanbide Arteko Gutxieneko Soltada 2020. urtean 1.000 eurokoa izateari uko egin diote, guk proposatutako 1.200 eurotik urrun”.

Patronalei gure proposamenak helarazi dizkiegula azaldu du Garbiñe Aranburuk: gutxieneko soldata negoziatu ahal izateko, 35 orduko gehienezko lanaldia eta 20 orduko gutxienekoa gauzatzeko, azpikontratetan subrogazio eskubidea aldarrikatzeko eta soldata arrakalarekin bukatzeko. “Isiltasuna besterik ez dugu jaso haien aldetik”, deitoratu du.

Iñigo Urkullu lehendakariari dagokionez, Euskal Herriko gehiengo sindikal eta sozialarekin biltzeko asmorik ere ez duela izan salatu du: “Ez du gurekin bildu nahi patronalaren lehendakaria bihurtu delako. Lehendakari honek ez gaitu ordezkatzen, langileen aurka aritzen baita”.

Garbiñe Aranburuk adierazitakoaren arabera, “Greba Orokorraren aurka azaldu diren patronalari, erakundeei, alderdi politikoei eta sindikatuei esan nahi diegu, argi eta garbi, borrokak aurrera jarraitzen duela. Oso oker daude pentsatzen badute urtarrilaren 30ekoarekin dena amaitzen dela eta ekaitzaren ostean barealdia datorrela. Urtarrilaren 30ekoa indar erakustaldi oso garrantzitsu bat izango da, eta urtarrilaren 31tik aurrera borrokan jarraituko dugu lan, pentsio eta bizitza duinen alde, eraldaketa soziala eta aldaketa politikoa ekarriko dituen prozesu baten alde”.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “ilusio gehiagorekin, indar gehiagorekin, gogo gehiagorekin jarraituko dugu borroka sektorial hauei guztiei bultzada berri bat emateko eta indarrak batzen jarraituko dugu, langile klasearen batasunaren aldekoa baita gure apustua, instituzioek eta patronalak gure aldarriak aitor dezaten behartu arte”.

Ehundik gora mobilizazio
Agerraldian ostegunean izango diren mobilizazioen berri ere eman dugu. Eguerdian mobilizazio nagusiak izango dira hiriburu eta zenbait eskualdetan. Arratsaldean, berriz, herrietan egingo ditugu protestak. Hemen, zerrenda.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.