2024-11-25
HomeLan Osasuna IdazkaritzaLan istripuakGreba Orokorrerako deia luzatu dugu, lan istripuen etengabeko gorakadak eta odolusteak ere...

Greba Orokorrerako deia luzatu dugu, lan istripuen etengabeko gorakadak eta odolusteak ere erantzun irmo bat eskatzen dutelako


Administrazio publikoek emandako azken datu ofizialek adierazten dute lan ezbeharren kopuruak gora egin duela iazko urtearekin alderatuta. EAEn (azaroa bitarteko datuak) %2,3 igo da eta Nafarroan (iraila bitarteko datuak) %19,8. Azpikontratazio maila handia, behin-behinekotasuna eta lan baldintzen prekarietatea dira egoera hori eragiten duten faktore nagusiak. Halaxe jaso dugu euskal gehiengo sindikalak egindako txostenean, eta halaxe jakinarazi dugu 2019ko lan istripuen balantzea egiteko Donostian eta Iruñean egindako agerraldietan. 

Iruñeko agerraldia.


LABeko Lan Osasun arloko arduradun Lurdes Erasok eta sindikatuko Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak hartu dute hitza Donostian eta Iruñean egindako agerraldietan, hurrenez hurren. 2019ko lan istripuen txostena aurkeztu dugu, baina 2020. urtean odolusteak bere horretan jarraitzen duela ahaztu gabe. Hain zuzen ere, atzo bertan bi langile hil egin ziren, bat Olaberriako Arcelorren eta bestea Sunbillan, biak zamalanak egiten ari zirela. Urtarrilean, gutxienez, zortzi langilek galdu dute bizia dagoeneko.

Datuek eta errealitateak erakusten dute, lan osasun arloan ere, arrazoiak soberan ditugula urtarrilaren 30ean Greba Orokorra egiteko. Grebara atxikitzeko deia luzatu dugu agerraldietan, Greba Orokorreko aldarrikapen taula betez gero, enpleguaren kalitatea eta lan baldintzak zeharo hobetuko liratekeelako, prekarietatearekin amaitzeko bidean. Eta prekarietateak ekartzen ditu lan istripuak. "EAEko eta Nafarroako erakundeei eskatu behar diegu ardurak euren gain har ditzaten, baita bide horretan aurrera egiteko beharrezkoak diren neurriak ere", azpimarratu dugu.

Bilbo.

Bestalde, agerraldiez harago, lan istripuen etengabeko gorakada salatzeko, euskal gehiengo sindikaletik pankartak zintzilikatu ditugu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Iruñea.

Iaz bizia galdu zuten 46 langileak izan ditugu gogoan, eta erakundeei eta patronalari galdetu diegu zenbat hildako gehiago behar dituzten behingoz zerbait egin dezaten.

Donostia.

Hain zuzen ere, iaz, 16 langile hil egin ziren Bizkaian; 15, Nafarroan; 9, Gipuzkoan; eta 6, Araban.

Gasteiz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.