2024-12-20
HomeIrakaskuntzaHaur EskolakHaurreskolak Partzuergoa eta EAEko Hezkuntza Sailaren negoziaziorako gaitasun eza salatu dugu kudeaketako...

Haurreskolak Partzuergoa eta EAEko Hezkuntza Sailaren negoziaziorako gaitasun eza salatu dugu kudeaketako grebalariekin

Agerraldia egin dugu gaur Bilbon, abenduaren 23tik greban dauden Haurreskolak Partzuergoko kudeaketako langileekin batera. Bertan, Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailaren arduradunek duten negoziaziorako gaitasun eza salatu dugu.


LABek 2018ko akordioa sinatu zuenetik, bere garapena lortzeko helburuaren alde etengabe lan egin du; hori dela eta, akordio horretatik garatzeke gelditu ziren kudeaketa arloko hainbat punturen urtebeteko negoziazio prozesu honi amaiera emateko eta balizko akordio batean gauzatu ahal izateko, LABentzat ezinbestekoa da hurrengo irizpide hauek bere gain hartuko lituzkeen proposamen bat egotea:

-Kudeaketa arloko langileen lan zamak txikitzeko helburuarekin, Lanpostu Zerrenda handitzea.
-Kudeaketako langile guztion kategorien ekiparazioa berehala martxan jartzea.
-Langile hauen ordezkatzeko egoeren, ordezkoen araudiaren eta barne sustapenen dokumentuak borobiltzea.
-Egin beharreko EPE deialdi horretarako, zabaltzen ari den kontsolidazio prozesuekin konpromezu bat lortzea.

Aldez, abenduaren 9an burututako mahai negoziatzailean Partzuergoak aurkeztu zigun proposamenean Kudeaketako Lanpostuen Zerrendari dagokionez, ez zen jasotzen ezta komentu honetan dauden langileen kopurua ere, eta Hezkuntzako kudeaketako langileekin soldata eta kategorien ekiparazioari dagokionez, ez zuten zehaztu inolako prozedurarik. Aitzakia, aurrekontuen legea eta negoziatzen ari diren aurrekontuak.

Gauzak horrela, alde guztien artean urtebeteko lanketa egin ostean, aurkeztutakoa iruzurra zela salatzeko asmoarekin, LAB sindikatua mahai negoziatzailetik altxatu zen eta afiliatu zein gainontzeko langileekin kontrastatu ostea, greba erregistroa egitea erabaki genuen.

Greba deialdia mahai gainean egonda, abenduaren 23an berriro mahai negoziatzailea deitu eta aldaketa batzuk egon baziren ere, egin ziguten bigarren proposamena bide beretik joan zen:
-Egun dauden kudeaketako langileen kopuru bere eskaini ziguten. Hau da, ez dute inolako neurririk proposatzen kudeaketatako langileek duten lan zama handia txikitzeko.
-Lanpostu Balorazio Batzordeak proposatutako 4 lanpostu berrietatik, 3 baino ez dituzte eskaintzen eta 2020ko irailari begira, inolako bermerik gabe. Gogoratu behar da, Batzorde horretan Haurreskolak Partzuergoko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ere parte hartu zutela.
-Mahai orokorretik datorren eta Parlamentuan adosteko dagoen egonkortze prozesuekin, ez zuten inolako konpromisorik hartu nahi izan ez kudeaketa arloko langileentzat ezta hezitzaileentzat ere.

Haurreskolak Partzuergoak egindako proposamena nahikoa ez zela azaldu zuen LAB sindikatuak eta hurrengo egunetan beste ahalegin bat egiteko eskaera egin genuen. Aldiz, Haurreskolak Partzuergoko eta Hezkuntza Saileko arduradunek LABek egindako proposamena kontrastatzeko, data hauetan Lakuan baldintzarik ez zutela ikusita, urtarrilaren 9rako beste mahai negoziatzaile bat deituko dutela adierazi ziguten. Oporrei buruzko aipamen argia eginez, berriro ere, agerian utzi dute negoziaziorako gaitasun eza eta Haurreskolak Partzuergoarekiko adierazten duten utzikeria. Gu prest egon gara nahi bestetan biltzeko, haiek aldiz, oporretan.

Lotsagarria iruditzen zaigu Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak, azken asteetan izandako jarrera; ez dituzte kontuan hartu kolektibo honetan greban dauden langileak; grebak haurreskoletan, umeengan eta familiengan izan ahal duen eragina; departamentu honek duen lan zamak haurreskoletako kudeaketan duen eragina eta azken finean, haurreskoletan eskaintzen den hezkuntza zerbitzu honetako kalitatean izan ahal duen eragina.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren eta hurrengo urteko aurrekontuei babesa eman dieten talde politikoen ardura eza nabarmendu nahi dugu; Haurreskoletako arduradunen hitzetan, Negoziatzen ari ziren aurrekontuak izan baitira negoziazio honen blokeoaren arrazoia. LAB sindikatuaren ustez, ez da nahikoa twiterren bidez kudeaketako langileekin elkartasuna adieraztea, Podemos-Ahal Duguren Lander Martinezek egin zuen moduan. Aukera paregabea izan dute adosten ari ziren aurrekontuetan behar besteko diru kopuruak jartzeko, eta hauek, haurreskoletako matrikulak jaisteko egindako aurrerapausu txiki horrekin egin duten moduan, langileekin dagoen gatazka hori konpontzeko erabiltzeko.

Aipagarria iruditzen zaigu STEILAS eta ELAri luzatutako elkarlanerako eskaintzak ez duela fruiturik eman eta trukean, guk deitutako greba desitxuratzeko ahaleginak egiten ari direla. Horrekin lotuta, esan beharra dugu azken mahai negoziatzailean LABek akordio bat sinatu ahal izateko beharrezko ikusten ditugun puntuak biltzen dituen proposamen zehatza eraman bazuen ere, STEILASek zalantzak adierazi zituela eta ELAk argi esan zuela ez duela akordiorik sinatuko.

Hala ere, STEILAS eta ELA sindikatuei, orain arte bezala, elkarlanerako deia luzatzen diegu, garrantzitsua delako kudeaketa alorreko langileentzat, akordio egoki bat lortzeak lan baldintzak hobetuko lituzkeelako eta Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa eraginkorragoa izango litzatekeelako, zerbitzuaren kalitatea hobetuz.

Gauzak horrela, ikusiko dugu hurrengo mahai negoziatzailera Haurreskolak Partzuergoak ekarriko duen proposamena zelakoa den eta langileekin konpartitu ostean, eman beharreko hurrengo urratsak aztertuko ditugu.

Amaitzeko, eskerrik beroenak azken aste hauetan hezitzaileek adierazi dizkiguten elkartasun mezuengatik. Lanean jarraituko dugu Haurreskolak Partzuergoak ematen duen hezkuntza zerbitzuaren kalitatea hobetu dadin eta doakotasuna lortu arte!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek salatu du Bizkaiko aurrekontuak ez direla pribatizatutako zaintza langileek behar eta merezi dituztenak

Zaintzako sektore pribatizatuetako langileak langile publikoak dira. Zerbitzu publiko bat ematen dute, eta horren erantzukizuna eta titulartasuna administrazioei dagokie. Bizkaian 10.000 langile baino gehiago dira...

Madrilen sinatu duten erretiro partzialaren akordioa antzua da eta euskal langileoi negoziazio kolektiboa bahitzen digu

Gaur Madrilen bildu da Espainiako Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorra, zeinean LABen parte hartzeko eskubidea lehen aldiz onartu den.

EAEko Hezkuntza Saileko lan legepeko irakasle eta hezitzaileen hitzarmen berria lortu dugu

Hamaika borroka eta 20 urte luzeren ondoren, heziketa bereziko hezitzaileon aitortzarako eta lan baldintzak hobetzeko aurrerapausoak dituen hitzarmena lortu du LABek.