Urriaren 29an N-1 errepidean, Andoainen, izandako istripu larriaren ondorioz, Rafaela Romero Mugikortasuneko diputatuak agerraldia egin zuen Batzar Nagusietan; 2019ko abenduaren 18an, Elkarrekin Gipuzkoak eskatuta, hiri arteko bidaiarien garraio-zerbitzu publikoan, oro har, eta, zehazki, Tolosa-Donostia linean, segurtasun-gabeziari buruzko azalpenak emateko.
Dirudienez, azken hilabeteetan gertatu diren azken gertakari larriekin alarmak piztu dira Aldundian, zerbitzu publiko bat emateko erabiltzen diren autobusen segurtasunik ezagatik. LAB sindikatutik hori salatzen eta horretaz ohartarazten dihardugu hainbat urtez. Baina istripu larririk gertatu ez den arte inork ez digu kontuan hartu etengabe aldarrikatzen aritu garena: flotaren hondatzea, segurtasun neurri eza eta abar.
Ez zaigu guztiz gaizki iruditzen ordutik aurrera Aldundiak neurri zehatzago batzuk hartzea erabiltzaileen eta langileen segurtasuna bermatzen saiatzeko. Baina, berandu izateaz gain, uste dugu neurri hauek ez direla nahikoak eta egiten ari diren gauza bakarra Aldundiari erruduntasunaren zati bat kentzea dela, zerbitzu publikoaren arduradun zuzena baita (izan ere, ezin dugu ahaztu lehiaketa publikoen baldintzak ez dituztela enpresa esleipendunek jartzen). Aitzitik, "istripuen" erru guztia enpresari eta langileei egozten die.
Eta ez dugu hau honela gertatzen utziko, Aldundiaren aurrean kontzentratzen jarraituko dugu behar den guztietan, beraien benetako erantzukizunak beren gain hartu arte, besteak beste:
– Aldundiak argitaratzen dituen pleguetan agertzen diren autobus bakoitzaren lineen ordutegien ratioak ezin dira bete, denborak jartzerako orduan ez baitituzte kontuan hartzen herri barruko abiadura-mugak, ez linea bakoitzean igaro behar diren badenak, ezta dauden autobus-geralekuak ere, eta abar.
– Aldundiak baimentzen dituen bidaiari-edukierak gehiegizkoak dira, ez baita bermatzen, kasu gehienetan, bidaiari guztiak eserita joatea, horrek dakarren arriskuarekin. Kontuan izan behar da, gainera, askotan, gehienezko edukiera gainditu ez arren, autobusak beteta joaten direla eta horrek zuzenean eragiten duela autobusen abiaduran ere.
– Gaur egun dauden autobus-geltokiak nahiko leku arriskutsuetan daude erabiltzaileentzat, eta, beraz, Aldundiak Lurraldebuseko autobus-geltokiak berrikusi beharko lituzke, herritarren segurtasuna bermatzeko.
– Ez dago segurtasun-neurririk gaueko ordutegian egiten diren zerbitzuetarako.