2024-11-22
HomeIndustriaMetalgintzaLanuzteak Asteasuko Siemens-Gamesan, enplegu berme baten defentsan

Lanuzteak Asteasuko Siemens-Gamesan, enplegu berme baten defentsan

Negoziatzen 10 hilabete baino gehiago eman ondoren, ezinbestekoa da enpresak idatziz enplegua bermatzeko konpromisoa hartzea.

Asteasuko Siemens-Gamesa enpresako LAB sindikatuaren atal sindikalak egindako oharra:

2018. urtearen amaieran gure lantokiaren hitzarmena iraungi zen. 2019an hitzarmen berri bat negoziatzen hasi ginen, non langileen gehiengoarentzat punturik garrantzitsuena enplegu-berme bat adostea zen. Asteasuko lantegian lasai lan egiten jarraitzeko aukera emango digun enplegu-bermea; izan ere, arrazoi ugari daude plantilla segurtasunik gabe sentitzeko eta etorkizunari kezkaz begiratzeko.

Enpresa mailan orokorrean, izugarri kezkatzen gaitu bizi dugun ziurgabetasunak. Akziodun taldeen arteko gatazkak, enpresaren etengabeko berregituraketak, beste herrialde batzuetan gauza bera fabrikatzen duten enpresen erosketak, dozenaka kaleratze, deslokalizazioak…

Gure fabrikaren kasu zehatzean, gure hiru lankide berritzeari utzi diote, ziurtzat jotzen ziren inbertsioak erori dira, erabaki estrategikoak zalantzagarriak baino gehiago… Ziurgabetasun horren aurrean, eta enpresak enplegu-bermeari buruzko proposamen bat egiteari uko egin ondoren, langileek batzarrean onartu zuten Enpresa Batzordeak sustatutako mobilizazioei eta lanuzteei ekitea (LABek 7 delegatu, independenteek 2 delegatu), enpresak beste lantegi batzuetan eskaini duena baino txikiagoa ez den enplegu-bermea aurkeztu arte.

Negoziatzen 10 hilabete baino gehiago eman ondoren, ezinbestekoa da enpresak idatziz enplegua bermatzeko konpromisoa hartzea. Asteasun 213 langilek egiten dugu lan eta langileen %100 bi orduko lanuzteak egiten ari dira. Arrakasta honek indartu egiten du langileek enplegua bermatzeko eta etorkizunean Asteasun lan egiteko duten konpromisoa. Lanuzteak aste osoan mantenduko ditugu, eta, enpresak berme hori ziurtatzen ez badigu, oporren ondoren lanuzteak eta mobilizazioak gogortzea proposatuko dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.