2024-11-24
HomeIdazkaritzakEuskara Idazkaritza "Euskara ez dago osasuntsu Osakidetzan"

[IRITZIA] “Euskara ez dago osasuntsu Osakidetzan”

LABeko Osakidetzako euskara taldeko kide Gotzone Amurizak Osakidetzako langileek euskaraz lan egin eta erabiltzaileek euskaraz artatuak izateko eskubidea dutela aldarrikatu du iritzi artikuluan.

Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna igaro da. Egun horretan bertan, Osakidetzan, 2013ko abenduan abiatu zen Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Planari amaiera eman zitzaion. Orain, planaren balorazioa dator eta balorazio honen ostean, III. Planaren diseinua eta onarpena.

II. Plan honen helburuetako bat zerbitzu-hizkuntza gisa euskararen ahozko eta idatzizko presentzia eta erabilera bermatzea izan da. Begi bistakoa da helburua lortzeko oraindik bide luzea egiteko dagoela, gaur egun oraindik ez baita zerbitzu euskalduna bermatzen. Planaren arabera, lehentasun gorenekoak diren unitate askotan ere, umeen arreta guneetan edota informazio guneetan, adibidez, oraindik erabiltzaileen kexak sortzen dira zerbitzua euskaraz jaso ezin izanagatik.

Planaren arabera, Osakidetzan euskara lan hizkuntza izan dadin ere pausoak eman behar ziren urte hauetan. Zoritxarrez bide honetan ez da aurrerapauso txikiena ere eman. Euskarak baztertua izaten jarraitzen du lan hizkuntza izateari dagokionez, horretarako baldintza egokiak dituzten unitateetan ere. Zuzendari eta jefaturek, orokorrean, euskararen normalizazioarekiko anbizio eta konpromiso gabezia nabarmena izatea izan da Euskara Planak behar besteko emaitzak ez ematearen arrazoi nagusietako bat, eta euskara lan hizkuntza izatearen inguruan aurrerapausorik ez ematea horren erakusle garbia da.

LABetik, Euskararen Plana eta legedia betetzen direla motzean jarraitzen dugu eta horrek, urte hauetan, Osakidetzari hainbat eta hainbat interpelazio, kexa eta salaketa egin behar izatera eraman gaitu. Etengabe aritu behar izan gara zuzendaritza eta arduradun desberdinei gutxienez beraien araudiak, Euskara Planak, ezartzen dituen minimoak bete zitzaten eskatzen. Karteldegia, intraneta, kontratazioa, lanpostuen Hizkuntz Eskakizunak, ikastaroetako hizkuntza, erabiltzaileenganako zerbitzua, lan-hizkuntza… Behin eta berriro, Euskara Planaren arabera bete beharrekoak ziren hainbat minimo urratzen zirela ikusi dugu eta Osakidetzari etengabe eskatu zaio urraketa horiek zuzentzeko.

Osakidetzan Euskara sustatzeko lidergoa izan behar dutenak izan dira neurri handi baten normalizaziorako oztopo handienak jarri dituztenak. Publikoki bestelakorik adierazten duten arren, urte hauetan ikusitakoak ikusita, argi eta garbi esan dezakegu euskara ez dela izan, eta ez dela gaur egun, inolaz ere lehentasunezko gaia ez Osakidetzako Zuzendaritza Nagusian, ez Zerbitzu Erakunde desberdinetako zuzendaritza organoetan, ezta tokian tokiko jefaturetan ere. Salbuespen isolatu batzuk egon badaude, baino panorama orokorra benetan etsigarria da, eta zuzendaritzek euskararen normalizazioari arreta eta dedikazioa jarri arte nekez emango du euskarak aurrerapauso handirik Osakidetzan.

Osakidetzak langileen gain jarri du zerbitzua euskalduntzeko pisu gehiena, baina euskararen normalizazio prozesuak zuzendaritzen inplikazio aktiboa behar du ezinbestean.

Euskararen erabilera normalizatzeko III. Plana Osakidetza euskalduntzea lortzeko plangintza izatea espero dugu. Salto kualitatiboa, euskara jakitetik euskara erabiltzen duen Osakidetza, nahi dugulako. Osakidetza euskahalduna nahi dugu.

Horretarako, LABetik, Osakidetzako arduradunei, euskararen normalizaziorako lidergotza, inplikazioa eta erantzukizuna hartzea eskatzen diegu. Zerbitzua euskalduntzeko asmoz, trabarik gabe, lanean jardungo duen lidergotza.

Osakidetzako langileok euskaraz lan egin, eta erabiltzaileok euskaraz artatuak izateko eskubidea dugulako.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.