2024-12-20
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaBarneko etxeko langile baten lan heriotza salatu dugu Bilbon, prekarietatearen eta esplotazioaren...

Barneko etxeko langile baten lan heriotza salatu dugu Bilbon, prekarietatearen eta esplotazioaren adibide

Euskal gehiengo sindikaletik elkarretaratzea egin dugu Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, 56 urteko barneko etxeko langile baten heriotza salatzeko. Aurten, gutxienez, 44 langile hil dira jada Euskal Herrian lanean zirenean edo lanaren ondorioz, eta aipatutako heriotza joan den astean gertatu zen. LABeko Lan Osasun arloko ordezkari Lurdes Erasoren hitzetan, "prekarietateak eta esplotazioak hiltzen dutela esaten dugunean hemen dugu, tamalez, horren adibide argi bat".  

Etxeko langileena kolektibo baztertuenetajoa da lan merkatuan. Ezartzen zaien lan araudi bereziak ahalbidetzen du, jadanik urriak diren gutxienezko lan eskubideen urraketa. Lanaldia, soldata eta lan baldintzak oro har salagarriak dira erabat. Gainera, egoera txar hau etorkinen kasuan larriagotzen da, lan egiteko baimena ukatuta, eskubiderik gabe lan ezkutuan jardutea beste aukerarik ez baitute.

Oraindik ere ez dago marko arautzailerik langile hauentzako, hau da, ez dute hitzarmenik eta, ondorioz, lan harremanak guztiz indibidualak dira, egoera hauetan oso zaila izanik beraien lan eskubideak defendatzea.

LABeko Lan Osasun arloko arduradun Lurdes Eraso.

Bestetik, ez dago inolako kontrol eta jarraipen mekanismorik finkaturik egoera irregular hauei guztiei aurre egiteko. Lan ikuskaritzak, etxebizitza esparru pribatua dela aitzakia harturik, ez ditu langile hauen lan baldintzen inguruko inspekziorik egiten, hauek babesgabetasunean utziz.

Etxeko langileen arazoa egiturazkoa da, egungo jendarte kapitalista heteropatriarkalak emakumeon esplotazioan oinarria baitauka. Lan hauen pribatizazioaren kontra borrokatu beharra daukagu eta zaintza lanak kalitatezko enplegutzat hartuko dituen zerbitzu publikoen aldeko defentsan aurrera urratsak eman.

Lan hauen pribatizazioarekin amaitu eta lan produktibo eta erreproduktiboak bateragarri egingo dituen lan merkatua behar dugu; zaintza lanei balioa eman eta enplegu hauetan hedatua dagoen prekarietaterekin amaituko duen lan merkatua, hain zuzen ere.

Etxeko langileen egoera diskriminatuari irtenbidea ematea premiazkoa da. Ez gara ezertan Madrili begira jarri behar. Arazo honi bertan eman behar zaio konponbidea. Horretarako, etxeko langileen kasuan, EAE eta Nafarroako gobernuen esku hartzea exijitzen dugu, bidegabekeria lehenbailehen ezaba dezaten; hau da, behar diren neurriak hartu eta bitartekoak jarri ditzaten diskriminazio baldintzak ahalbidetzen dituzten araudiak gainditzeko.

Mugak esplotazioari
Prekarietateak eta esplotazioak hiltzen dutela esaten dugunean hemen dugu gaur, tamalez, horren adibide argi bat.
Geure gorputzak, geure denborak, geure bizitzak ez dira mugagabeak… eta mugak jarri behar dira eskubideak urratzen diren momentuetan eta esplotazioa hasten den lekuetan.

Deskantsatzeko denbora, gaixotzen garenean edo lanak gaixotzen gaituenean osatzeko denbora ezin da pribilegio ezta kapritxoa izan, eskubidea da.

Zaintza lanen banaketa soziala justua antolatzen ez dugun bitartean horrelako kasuak emango dira. Pribatizatuta, feminizatuta eta ikusezin daudelako lan horiek, aitortu gabekoak.

Patricia sistemak erail du, horrelako egoerak onartzen direlako eta ez delako ezer egiten horiek ekiditeko.

Etxeko langileen barne figura desagertzen ez den arte esplotazio egoera horiek mantenduko dira, baita horrek dakartzaten ondorioak ere.

Etxeko langileen eskubideak aitortzen ez diren arte esplotazioa sustatzen ari da, bai erakunde publikoen aldetik bai lan osasuna babesteko sortuak diren erakunde aldetik. Osalan, Lan Ikuskaritza eta Eusko Jaurlaritza erailketa horren erantzule zuzenak dira, hori gertatzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu dutelako eta ez dutelako ezer egin, nahiz eta etxeko langileek egunero jasaten dituzten egoerak salatu behin eta berriro.

Gaurko mobilizazioaz gain, larunbatean ere aterako gara kalera, etxeko langileen deialdiari babesa emateko. Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egingo dugu protesta etzi, 19:00etan.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...