2024-11-22
HomeEkintza SozialaPolitika sozialaInoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu babes sozialeko sistemaren inguruko eztabaida integral bat...

Inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu babes sozialeko sistemaren inguruko eztabaida integral bat zabaltzea

LABek kezka handiz ikusten du Elkarrekin Podemosek DSBEaren erreformaren aurrean erakusten ari den jarrera, izan ere, EAJ eta PSEk aurkeztutako lege proposamena atzera botatzeari uko egin dio. LABetik behin baino gehiagotan salatu dugu lege proposamen honek murrizketak besterik ez dituela ekarriko. Pasa den ostiralean Eusko Legebiltzarrean izan genuen agerraldian berriro azpimarratu genuen ideia hori. Beraz, lege proposamen hau bertan behera uztea ezinbestekoa da. Gainera, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen aurrekontu proiektuak bide horretan sakontzen du, hau da, gastu soziala murriztean eta langileen ongizatearen kontrako politikak aplikatzean.

Lege proposamenak ez du kontutan hartzen genero-inpaktua, eta auzi hau oso larria da. Izan ere, emakumeak dira DSBEa kobratzen duten pertsonen gehiengoa. Beraz, murrizketak emakumeek pairatuko dituzte gehienbat.

Berriki EPDS inkestak eta Caritaseko datuek erakusten duten bezala, pobrezia handitu egin da EAEn. Pobrezia arriskuan dauden pertsonak %16,4tik %17,7ra igo dira azken urteetan. Gainera, kontuan izan behar dugu benetako pobrezian dauden pertsonan %30,7ak ez duela DSBEa eskuratzen.

Inoiz baino beharrezkoagoa da, gaur egungo eta etorkizuneko testuingurua kontuan hartuta, EAEko babes sozialeko sistemaren inguruko eztabaida integral bat zabaltzea. Argi dugu, EAJ eta PSEren lege proposamena ez doala horretara, ez edukian eta ez forman ere. Alde batetik, babes sozialean murrizketak ezarri nahi dituztelako, eta, beste alde batetik, eztabaida sozial ibat izan behar dena tramitazio azkar eta antidemokratiko bat bihurtu dutelako.

Lan, pentsio eta bizitza duina ahalbideratuko duen Babes Sozial eta Lan Harremanetarako sistema propio, justu eta kalitatezkoa behar dugu. Guk badugu alternatiba: Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aurkeztutako Herri Ekimen Legegilean jasotzen ziren edukiak.

Orain arte bide horretan gauzatu diren urratsak herri mobilizazio eta herritarron dinamikari esker lorturiko garaipenak izan dira. Horregatik, urtarrilaren 30ean, lan, pentsio eta bizi duinaren aldeko Greba Orokorrera deitu dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.