2024-11-22
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaOfentsibara joko dugu urtarrilaren 30eko Greba Orokorrarekin, 30 aldarritik gora kaleratuz

Ofentsibara joko dugu urtarrilaren 30eko Greba Orokorrarekin, 30 aldarritik gora kaleratuz


Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren eragileetako ordezkariok agerraldia egin dugu Donostian, urtarrilaren 30eko Greba Orokorreko aldarrikapen taula aurkezteko. Hain zuzen ere, aldarrikapen taulak 30 neurritik gora jasotzen dituela jakinarazi du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, beti ere prekarizazioari mugak jartzeko, azken urteetako murrizketak atzera botatzeko, lan-prekarietatea ezabatzeko, lan-baldintzak duintzeko eta eskubide sozialen defentsarako. Azken batean, bestelako eredu sozio-produktibo baten aldeko neurriak direla nabarmendu du. Lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa, eskubide sozialen bermea eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldarriak daude, tartean.


Garbiñe Aranbururen hitzetan, "urtarrilaren 30eko Greba Orokorra lan, pentsio eta bizi duinaren aldeko greba da; aldarrikapen batzuen aldeko greba da, ez zerbaiten kontrakoa. Ez da erantzun bat emateko greba, ofentsibara jotzeko greba baizik".

Ofentsibara joko dugula esan eta gero, horretarako arrazoiak azaldu ditu LABeko idazkari nagusiak: "Bizi baldintzak duintzeko eta aberastasunaren bidezko banaketa baten alde, ekonomia fase berriari harresi bat jartzeko, patronala eta erakundeak interpelatzeko, demokrazia eta burujabetzaren bidean aurrera egiteko".

Langileen erabakitzeko eskubideen defentsan irtengo garela kalera berrretsi du: "Hemen erabaki nahi ditugu lan harremanak edo pentsio sistema, Lan Harremanetrako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldeko greba izango da".

Hala, borrokak merezi duela adierazi du: "Borrokaren bitartez eskubideak eskuratzen ditugu; borrokaren bitartez austeritate politikak eta patronalak prekarizaziorako duen grina gelditu ahal dugu. Urtarrilaren 30ean, zalantzarik gabe, Euskal Herrian planto egingo du".

Babes zabala
Urtarrilaren 30ean Greba Orokorra izango dugu, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta. Antolakunde honetan 100dik gora eragile sozial eta sindikal batzen gara: pentsiodunak, feministak, ekologistak, gazte-mugimendua, bazterketa sozialaren aurkako plataformak, ekonomia alternatibo eta solidarioaren sarea eta euskal gehiengo sindikala, besteak beste.

Grebaren bidez gure erantzuna emango diogu pentsiodunen mugimenduak egindako deiari. Egoera ikusita, beharrezkoa da pentsio, lan baldintza eta bizitza duinaren aldeko borrokan jauzi bat ematea. Badira arrazoiak gaurko eta etorkizuneko pentsiodunak kezkatzeko: pentsio-sistema publikoa babestea, lan-harremanetarako eta babes sozialerako bertako sistema ezartzea, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, edota eros-ahalmena legez bermatzea.

Grebarekin neurri jakin batzuk hartzeko beharrizana azpimarratu nahi dugu, prekarizazioari mugak jartzeko, azken urteetako murrizketak atzera botatzeko, lan-prekarietatea ezabatzeko, lan-baldintzak duintzeko, eta eskubide sozialen defentsan. Bestelako eredu sozio-produktibo baten alde, azken finean.

Grebara garamatzaten arrazoiak 30 neurritik gorako aldarrikapen taula batean bildu ditugu. Donostian egindako agerraldian aurkeztu ditugu:

2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio-murrizketak indargabetzea:

• Erretiroa 65 urterekin.
• Erretiro Aurreratua 61 urterekin, 30 urte kotizatuta izanez gero. Koefiziente murriztaileak arintzea.
• Erretiroa hartu ahal izateko adina jaisteko aukera zabaltzea sektore berrietara, bereziki nekagarriak eta arriskutsuak diren sektoreetara, adibidez, garraio-sektorea.
• Pentsioa kalkulatzeko 15 urte hartzea kontutan.
• Pentsioen eros-ahalmena bermatzea (gutxienez KPIaren pareko igoera)
• Pentsioen jasangarritasun-faktorea kentzea.

Beste neurri batzuk pentsioei buruz:

• 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
• Pentsio sistemaren finantziazioa bermatzea, kotizazio sozialen eta zergen bidez.
• Lanaldi partzialeko kontratuetan kotizazioak zenbatzerakoan zigorrik ez aplikatzea. Lan egindako egun bakoitzeko, kotizatutako egun bat.

Zapateroren eta Raxoiren lan-erreformak bertan behera uztea:

• Hitzarmen kolektiboetan ultraktibitate mugagabea.
• Herrialdeko hitzarmenen aplikazioa lehenestea estatu mailako hitzarmenen gainetik.
• Beheko esparruko hitzarmen batek goragoko esparruko beste baten baldintzak okertzeko aukerarik ez izatea.
• Lan-eskubideetan egindako murrizketak atzera botatzea.

Beste neurri batzuk enpleguari eta pentsioei buruz:

• Gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala eta pentsio-arrakala amaitzea.
• Hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata.
• Enplegu egonkorra sustatzea eta kontratazioan ematen den iruzurra zigortzea.
• Lanaldia 35 ordura jaistea, soldata gutxitu barik.
• Bereziki emakumeei ezartzen zaizkien lanaldi partzial inposatuak ezabatzea.
• Azpikontratatutako enpleguan subrogaziorako eskubidea bermatzea.
• Zerbitzu publikoak garatzea, ezarritako murrizketak atzera botatzearekin batera.
• Kontratazioan sexuaren, jatorriaren, ideologiaren, sexu-identitatearen, aniztasun funtzionalaren edo ekonomia-jardueraren araberako diskriminaziorik egingo ez dela bermatzea.
• Kontratazioan prekarizazio-formula oro kentzea (etxeko langileen erregimen berezia, autonomo faltsuak, uberizazioa…)
• Klausula sozialak ezartzea administrazioko azpikontratetan.
• Lanera bizirik itzultzeko eskubidea. Lan Ikuskaritzako plantillak handitzea, Europar Batasunekoekin parekatu arte, eta lan-istripuen eta laneko gaixotasunen aurkako ekintza plan zorrotz bat ezartzea.
• Etxeko lanak eta zaintza lanak duintzea eta gainerako enpleguetan dauden eskubide berberak aitortzea.

Eskubide sozialen bermea:

• Menpekotasun egoeran dauden pertsona guztiei laguntza-zerbitzu publiko, unibertsal eta doakoa legez bermatzea.
• Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta Errenta Bermatua %100ean parekatzea Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin, eta azken hori %50 igotzea bi pertsonak osatutako ohiko unitateetan,
eta beste %50 igotzea 3 pertsona edo gehiagoko unitateetan.
• Alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea legez bermatzea, EHko Eskubide Sozialen Kartaren Herri Ekimen Legegileak ezarritako baldintzetan.

Lan-harremanetarako eta babes-sozialerako esparru propioa:

• Euskal Herriko langileek eskubidea izatea pentsio sistema publikoa eta pentsio duinak bermatzeko modurik onena erabakitzeko.
• Lan-harremanetarako gure eredu propioa eta negoziazio kolektiboko marko propioa erabakitzeko eskubidea, kanpoko esku-hartzerik gabe.
• EAEko eta Nafarroako instituzioei dei egiten diegu euren erantzukizunak onartu eta bide horretan aurrera egiteko neurriak har ditzaten, gisa honetako ekimenekin:

1. Gutxieneko pentsioa legez 1.080euro arte osatzea, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuen bidez.

2. Enplegu publikoari dagokionean (zuzenekoa nahiz azpikontratatua): 1.200euroko gutxieneko soldata 35 orduko gehienezko lanaldia ezartzea; gutxienez herrialdeko hitzarmen sektoriala aplikatzen dela bermatzea, baita beste klausula sozial batzuk ere.

3. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan eta etxebizitza eskubidearen alde Eskubide Sozialen Kartak sustatutako Herri Ekimen Legegilea onartzea.

4. Lan arloan ematen den soldata arrakalaren, diskriminazioaren eta indarkeria matxistaren aurkako Lege bat onartzea.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.