Joan den azaroaren 16an hasi zen Nafarroako Gobernuaren ardurapeko hamaika haur hezitzaile izendatzeko oposizioa. Egun horretan egin zen lehen proba, lanpostuari eta legeriari buruzko gai-zerrenda espezifikoei buruzko ezagutzak neurtzen dituena. Probaren emaitza kezkatzeko modukoa izan da: aurkeztutako 897 pertsonetatik 24k bakarrik gainditu zuten proba, eta oposizioarekin jarraitu ahal izango dute.
Gure ustez, datu horiek agerian uzten dute oposiziora atera diren hamaika plazak erabat bete gabe gelditzeko arriskua. Kaltegarritzat jotzen dugu plaza hutsak geratzea, gastu izugarria – denboran, baliabidetan eta dirutan- duen oposizio baten ondoren. LABen ustez, oposizio baten helburua da une jakin batean identifikatutako beharrak asetzea, eta helburu hori ez betetzeak porrota dakarkio administrazioari.
Era berean, aurkeztutako pertsonen kopurua eta gainditutakoena ikusita, zalantza sortzen zaigu probako galderen zailtasun-mailaren inguruan (bi proba izan ziren: bata, legeriari buruzkoa eta , bestea, oposizioan zegoen lanpostuari buruzkoa). Horren aurrean, LABek nabarmendu nahi du oposizio baten galderen zailtasun mailak bat egin behar duela lortu nahi den lanpostuaren mailarekin. Gainera, ez dugu ahaztu behar zailtasun horren mende egongo dela sortzen den kontratazio-zerrenda luzeagoa edo laburragoa izatea, eta, beraz, etor daitezkeen beharrak asetzeko balio izatea.