2024-11-22
HomeIndustriaMetalgintzaPatronalaren borondate falta agerian geratu da berriro, Bizkaiko Metalgintzako gatazkan benetako negoziazio...

Patronalaren borondate falta agerian geratu da berriro, Bizkaiko Metalgintzako gatazkan benetako negoziazio bat abiatzeko

Argi dago langileoi borroka beste biderik ez zaigula gelditzen. Horregatik, bihar FVEMen aurrean egingo dugun mobilizazio iraunkorrean parte hartzera deitzen ditugu langile guztiak, baita datozen egun eta asteetan egongo diren deialdietan ere.

Bizkaiko Metalgintzako negoziazio mahaiaren bilera egin da gaur,eta FVEMek gatazka bukatu eta benetako negoziazio baten alde ez egiteko duen jarrera nabarmena izan da. Azken bi bileretan sindikatuok urrats garrantzitsuak eman ditugu eta proposamen berriak jarri dizkiogu mahaiaren gainean:

1. Berdintasuna. FVEMen azken proposamena oinarri hartuta, egingarri eta betebeharrezkoa izateko beharrezko edukia gehitu genion.

2. ABLE bidezko kontratazioan hamar eguneko kontratuak onartzeko prestutasuna adierazi genuen.

3. Enpresetan malgutasuna erabili ahal izateko, behin behineko kontratazioaren portzentaia %12ra igo genuen.

4. Langileon lan osasuna bermatzeko eta zaintzeko beharrezko neurriak aurkeztu genizkion.

Horrekin guztiarekin batera, bi eskaera zuzen eta ezinbesteko ere mahai gaineratu genizkion:

1. Lan Osasuna zaindu behar denez eta alor honetan eskubideak lapurtzea onartuko ez dugunez, IT osagarrietan proposatu duten atzera urratsa mahai gainetik kendu dezatela lehenbailehen.

2. Subrogazioan egin zuten proposamena, ez subrogatzeko klausula bat denez (jarri dituzten muga eta baldintza guztiekin, ez baitio ia inori ere eragingo), benetako proposamen egingarri bat egiteko eskatu genien.

Gaurko bileran, hau izan da FVEMen erantzuna:

1. Berdintasuna: gaurko erantzun behar zutena, ostiralean ekarriko omen dute; baina gaur aurreratu dute borondatean oinarritutako proposamena izango dela berriro ere, ez dute derrigortasunik onartu nahi.

2. ABLEak: gaurko erantzun behar zutena, begiratuko dutela. Hala ere, sindikatuon proposamenak ez diela balio diote.

3: Behin behineko kontratazioa: gaurko erantzun behar zutena, begiratuko dutela. Hemen ere, sindikatuon proposamenak ez die balio.
4. Lan Osasuna: proposamena egingo dutela azaroaren 21 inguruan.

5. IT osagarriak: langileon osasunarekin negoziatu nahi dute eta ez dute atzera bota.

6. Subrogazioa: enpresek ez dietela puntu honetan negoziatzen uzten esan dute. Hala ere, harrigarriena da ez zekitela ongi sindikatuok subrogazioarekin zer den eskatzen duguna (urte eta erdi beranduago dator hau…). Beraz, zer da enpresei azaltzen dietena?

Horregatik guztiagatik, gaurko bileratik bi ondorio garbi atera ditugu. Batetik, patronalak ez du negoziatzeko borondaterik; ez du ezertan urratsik eman, ez du planteamendu berririk ekarri. Eta bestetik, gatazka denboran luzatu nahi du. Izan ere, berdintasuna, ABLE eta behin behinekotasun gaietan erantzungo zutela esan bazuten ere, gaur ez du ezer erantzun, baldin eta aho txikiz ezezkoak esateko ez bada izan.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.