2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaJarraipen zabala izan du Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko lehen mobilizazio egunak

Jarraipen zabala izan du Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko lehen mobilizazio egunak

LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok lau orduko lanuzteak deitu ditugu gaurko, biharko lehen greba egunaren atarian, zerbitzu gehiago eta hobea eta enplegu gehiago eta hobea aldarrikatzeko.

Hauxe da langileek igorritako oharra:

Gutxieneko zerbitzu neurrigabeak gorabehera, ia langile guztiek zerbitzuren bat egin behar izan baitute, etxez etxeko laguntzaileak berriro ere kalera itzuli gara. Pasa den ikasturtearen 27 eguneko greben ondoren eta aurrekoaren hamar bat lanuzteren ondoren. Patronalen eta erakundeen jarrerak ez digu beste aukerarik utzi,mobilizatzea baino.

Langileok oinarrizko lan-aldarrikapenak eskatzen ditugu: soldata-igoerak, 7 urtez soldatak izoztuak izan ondoren; segurtasun eta osasun arloko neurriak, gaur egun ez daudenak; eta lanaldien malgutasunari mugak jartzea, gaur egun oso zaila baita bizitza pertsonala eta lan-bizitza uztartzea.

Aldarrikatzen duguna ez da mugatzen, ordea, lan hobekuntzetara, zerbitzua bera defendatzeko gaude kalean. Biztanleriaren zahartze egoera batean zerbitzua indartu egin beharko litzateke, baina kontrakoa gertatzen ari da. Urtez urte, zerbitzu-ordu globalak gutxitzen aritu dira, egiten diren mendetasun-ebaluazioak ez dira errealistak eta ordu eta erdi edo biko zerbitzuak ematen genituenean, gaur egun ordubetean egiten ditugu. Azken batean, behar handiagoak dituzten pertsonak denbora gutxiagoan eta baliabide teknikorik gabe kasu gehienetan artatzen ari gara. Horren atzean, zerbitzuaren kalitatea okertzeko batzuen erabaki politikoa dago. Azken finean, murrizketez ari gara. Egunero kamuflatuta ikusten ditugun murrizketa hauek, azken finean, eremu pribatura itzuli nahi dituzte zaintzak.

Irailean amaitutako azken negoziazio mahaietan patronalek ez zuten edukirik mahai gainean jarri, ez segurtasunean eta osasunean, ez malgutasuna mugatzean, ezta soldata igoeretan ere. Proposamen erabat arduragabea. 7 urtez ordainsariak bere horretan, eta soldata igoerarik gabeko hitzarmena proposatzen dute!

Udalak dira zerbitzuaren bermatzaileak, eta bazterrean mantentzeko hautua egin dute, izandako bilerak, interpelazioak eta mozioak gorabehera. Mozioak, bide batez, Bizkaiko udal nagusietan onartuak eta bete gabeak. Antza denez, etxez etxeko laguntza azpikontratatzeak zerbitzuaz ez arduratzea esan nahi du.

Gaur, langileok berriro erakutsi dugu kalean ez garela konformatuko gure lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea murrizten ikustearekin. Badakigu sektore feminizatua denez, zaintza-lanetan aritzen denez eta prekarietate-elementuak dituenez, ez dela erraza izango hitzarmen berri bat lortzea. Dagoeneko 4 urte dira aurrekoa berritu gabe dagoela. Baina mahai gainean eduki duinak ez dauden bitartean, mobilizazioekin jarraituko dugu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.