2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakEusko JaurlaritzaZuzenean zerbitzuko langileek lan baldintzen okertzea salatu dute

Zuzenean zerbitzuko langileek lan baldintzen okertzea salatu dute

Zuzenean zerbitzuko langileek 012ko Lakuako bulego parean eta Legebiltzarrean elkartu dira gaur, euren egoera zaila jendarteratzeko. Hain zuzen ere, lan baldintza kaskarrak eta langileei ezarritako murrizketak salatu dituzte. Eusko jaurlaritzaren herritarren arretarako zerbitzua da Zuzenean delakoa. Bitartean, Eusko Legebiltzarrean langileen ordutegi-malgutasuna berrezartzeari buruzko proposamenari argi berdea eman diote; hau da, Legebiltzarrak lehengo eredura itzultzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Hauxe da herritarren artean banatu duten idatzia:

Zuzenean zerbitzuak lan baldintza bereziak dauzka ezarrita. Beste zerbitzu batzuetan baino askoz lotuago daude langileak lan tokiari, ematen duten zerbitzuaren ezaugarriak tarteko. Ez hori bakarrik. Txandaka egin behar dute lan, Zuzenean zerbitzuak ez baitu etenik 07:50etatik 20:10ak arte.

Langileentzako lan baldintza gogorrak direnez (txandakako lana, jendaurreko arreta jarraia, arratsaldeko lanaldia, malgutasun mugatua…) konpentsazio neurri batzuk zeuzkaten ordain gisa, baina antza denez Jaurlaritzak erabaki du konpentsazio larregikoak direla, eta murrizketa latzak ari zaizkie ezartzen langileoi, bereziki, kontziliazioaren beharrik handiena dutenei! Nahiz eta kontziliazioa guztiontzat den gehien bat emakumeak dira murrizketa hau pairatzen dutenak.

Izan ere, Lan Harremanetako Zuzendariak argi eta garbi adierazi zuen, kontziliazio-eskubidea berreskuratu nahi izanez gero, itunduta dauzkaten konpentsazio-orduak murriztu beharra zegoela, aurreko Lan Harremanetako Zuzendariekin sinatutako akordioak bazterrera utzita. Pentsa ezazue zenbait familia akordioan oinarrituz antolatuta zeuzkatela haien familia eta bikoteen lanen arteko antolakuntza eta egun batetik bestera bertan behera geratu zen.

Jaurlaritzak, 8 urtez indarrean egon den Lanaldi-zirkularra aldatu du, kontziliazio-eskubidea ukatu die, baimenak hartzeko gero eta traba gehiago ezartzen dizkie zenbait langileei lanaldi murrizketa ordutegi zehatzetara behartuz, sarrera- eta irteera-ordu finkoak inposatu dizkie zenbait langileri, arauz kanpoko kontratazioak egin dituzte… Langileen lan baldintzen eta zerbitzuaren beraren kalitatearen kaltetan. Orain, Zuzenean-agente ikastaroa ere ezabatu dute…

Urteotan guztiotan arazorik gabe aplikatu dira ordutegiak eta adostutako malgutasun neurriak, Zuzenean Zerbitzuko langileen malgutasunari eta prestutasunari esker batik bat.
Egungo Lan Harremanetako Zuzendariak ostera, kontziliazio-eskubidea ukatu die, baita txandaka ibiltzearen galerak pairatuarazi ere: familia eta lana bateratzeko zailtasun itzelak, presentzia jarraia eskatzen duten lantokitik kanpoko ekintzak egiteko ezintasuna, ostiraletan eta uda sasoian jantokia erabiltzeko debekua.

Debeku horien ondorioz, senideen zaintza-ardurak dauzkaten hainbat langilek lanaldia eta soldata murriztu behar izan dituzte. Horren ondorioz, bada lanaldia erdira ere ailegatzen ez den langilerik!

Hori guztia nahikoa ez, eta gero eta funtzio gehiago ari zaizkie agintzen langileoi…

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.