2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaBilbo-Basurto ESIan egindako zerbitzuen murrizketak salatu ditugu

Bilbo-Basurto ESIan egindako zerbitzuen murrizketak salatu ditugu

LABetik Bilbo–Basurto ESIan egindako murrizketa berriak salatu nahi ditugu. Langileen hutsuneak ordezkatzeko personal nahikorik ez dagoela dio Osakidetzak, hau da, udan, Aste Santuan edo Gabonetan, erabiltzen duten argudio bera, baina oraingoan udazken erdian, gripe kanpainan sartuta.

Osakidetzaren webgunean argitaratu duten bezala, hurrengo zerbitzuak ixtea eta murriztea erabaki dute:

– Alde Zaharra, Etengaberko Arreta Gunea (EAG): larunbatero 9tik 14ra. KENDUTA
– Txurdinaga, EAG: larunbatero 9tik 14 ra. KENDUTA
– Solokoetxe, EAG: larunbat, igande eta jaiegunero 9tik 24ra. MURRIZTUTA, orain 9tik 15ra
– La Merced, Osasun Zentroa: astelehenetik ostiralero 8tik 20ra. MURRIZTUTA, orain 8tik 15ra

Eta hau guztia gutxi izango balitz hainbat anbulatoriotan pediatra eta familia medikuen eza gehitu behar dugu, ZORROTZA OSASUN ZENTROA kasu, eta horrek suposatzen du pertsona gaixo bat kontsultaren zain aste bete egon behar dela.

LAB sindikatuari egoera onartezina iruditzen zaigu, murrizketok bai Osakidetzako langileoi bai erabiltzaile guztioi eragiten digutelako. Honako neurriak osasun publikoaren kontrakoak dira eta Osakidetza pixkanaka zerbitzuak kentzen ari da. LABek murrizketa hauek bertan behera uztea ezinbestekotzat jotzen du, eta gure eskubideak eta zerbitzu publikoen murrizketak gelditzea exijitzen diogu Osakidetzari. Osasun publikoaren deuseztatzea ez dugu onartuko. Hori dela eta, hainbat eragile eta elkarterekin harremanetan gaude mobilizazioak aurrera eramateko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.