2024-11-22
HomeErrepresioaJosu Murueta eta Anton Fernandezen omenaldian parte hartzeko deia luzatzen diegu langileei

Josu Murueta eta Anton Fernandezen omenaldian parte hartzeko deia luzatzen diegu langileei

Erandioko gas kutsaduraren aurkako gatazkatik 50 urte bete dira. Erandioko Oroimena plataformak omenaldia antolatu du urriaren 27rako, igandearekin, Astrabuduan, polizia frankistak orduko protestetan hildako Josu Murueta eta Anton Fernandez oroitzeko. Erandioko Oroimena plataformaren kide izanik, langileei dei egiten diegu igandean Astrabuduako Josu Murueta plazan, 13:00etan, antolatu den omenaldian parte hartzera.

1969ko urrian, orain 50 urte, Erandio Bilbo zen oraindik, eta bertako Alkatea Pilar Kareaga frankista ezaguna zen. Erandio Ibaizabal erreka alboan zulo batean sartua dago, langileak lantoki kutsakorren alboan bizi ziren eta hauek sortzen zuten gas kutsakorra herrian bertan geratzen zen.

Hilabeteak zeramatzaten erandioztarrek arnasa garbia arnastu gabe, ordu batzuetan ahoan zapia jarrita joan beharra zeukaten kaletik, sikatzeko kalean eskegitzen zen arropa zuloz beteta eta horituta agertzen zen. Medikuek ere arreta deitu zuten, handik gutxira emakume askok umeak galdu zituzten beraien haurdunaldietan, birikietako eta eztarriko minbiziak agertu ziren.

Herria laster antolatu zen, esan daiteke, Erandioko gasaren aurkako gatazkan kokatu daitezkeela euskal mugimendu ekologistaren hastapenak. Lehenengo eskolako ateetan antolatu zirenak emakumeak izan ziren, beraien umeen osasun egoerak larriturik. Handik gutxira, auzo batzordea sortu zen erakundeekin negoziatzeko, baina ez zuten inongo emaitzarik lortu. Negoziazio horien berri Altzagako plazan ematen zitzaien herritarrei, eta bertan hasi ziren mobilizazioak antolatzen.

Borroka historikoa izan zen, borroka honek, borroka honetan poliziak hildako biktimek, Imanol kantautoreak idatzitako abestia ere izan zuen: “Caminito de Erandio”. Egoera jasanezina zen eta herritarrak kalera atera ziren, manifestazioak antolatu ziren eta errepideak eta trenbideak moztu zituzten. Polizia frankistaren errepresioa neurrigabea izan zen. Benetako suarekin burutu zituzten kargak, eta herritarren harriek ez zeukaten zereginik balen aurka.

1969ko urriaren 29ko manifestazioa Anton Fernandezen etxe aurretik igaro zenean, hau eta bere familia balkoira atera ziren karga poliziala ikustera, Anton izan zen etxera sartzen azkena, eta bala batek harrapatu zuen. Egoera oso larrian eraman zuten ospitalera. Gertaera honek tentsioa areagotu zuen herrian eta lantokietan grebak antolatu zituzten. Greba horietan ere karga polizialak benetako suarekin izan ziren, eta bala batek Josu Murueta grebalariaren bizitzarekin bukatu zuen.

Erandioko gasaren aurkako gatazka honetan, balaz Josu Murueta eta Anton Fernandez hil izan baziren ere, bi abortu izan ziren gatazka honetako errepresioaren biktima, eta ez dago inongo ikerketarik. Gas kutsakor haren ondorioz, zenbait langile eta herritar gaixotu eta hil egin ziren eztarriko eta birikietako minbiziarekin.

Mobilizazioetan, hainbat herritar ospitaletara larriki zauritu eta atxilotuak eraman zituzten, aurrerago, epaituak izan ziren eta auzitegi militarrak absolbitu egin zituen. Josu eta Anton hil zituzten poliziak ere zigor gabe geratu ziren modu honetan.

Josu eta Antonen hiletetan milaka lagunek parte hartu zuten; errejimenak, baina, lagun, herritar eta etxekoek behar bezala agurtzen ere ez zieten utzi, zaldi gaineko polizia armatua eta tanketak bidaliz.

Hamarkada hauetan ez da inolako ardura politikorik ez aitortzarik izan. Arduradun guztiek inpunitate osoa izan dute. Biktimek ez dute aitortzarik ez justiziarik izan orain arte.

Euskal mugimendu ekologistaren hastapenak langile borrokan eta langile mugimenduan eta Bilbo Handian kokatzen ditu LABek. Erandioko borroka hau izan zen Lemoizko zentral nuklearraren aurkako borrokaren iturria, bai AHTaren borrokarena, Itoizko urtegiarena, frackingarena… Eta 2019tik aurrera ere, LABek borroka horretan sakontzeko eta ekosozialismo feministaruntz pausoak emateko konpromisoan berresten gara.

50. urteurren honetan, Erandioko Oroimena plataformaren kide izanik, langileei dei egiten diegu igandean Astrabuduako Josu Murueta plazan eguerdiko 13:00etan antolatu den omenaldian parte hartzera.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.