2024-11-22
HomeNazioartea IdazkaritzaElkartasunaEspainiako Estatuaren izaera antidemokratikoa salatu dugu kale eta lantokietan, Kataluniako herriari elkartasuna...

Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoa salatu dugu kale eta lantokietan, Kataluniako herriari elkartasuna adierazita

Kataluniako procesaren epaia salatu eta elkartasuna adierazteko, 200 mobilizaziotik gora egin ditugu Hego Euskal Herriko hiri eta herrietan (ikus irudi galeriak), lantokiz lantoki, euskal gehiengo sindikalak deituta. Langileen erantzuna izugarria izan da, Katalunian egiten ari diren greba gogoan.

Hauxe da LAB, ELA, STEILAS, ESK, ETXALDE eta HIRU sindikatuok, hots, gehiengo sindikalak, egindako oharra, gaurko mobilizazioak direla-eta:

Botoa ematea ez da delitua. Ez behintzat demokrazian. Horregatik mobilizatu dira langileak gaur, euskal gehiengo sindikalak deituta. 12 pertsona zigortu egin dituztelako, zergatik, eta demokrazian delitua ez den, eta izan ezin den zerbait egiteagatik.

Bilboko plaza Biribila.

Elkartasuna adierazteko atera gara kalera, baina gure kezka askoz sakonagoa da. Epai honekin estatuak mezu beldurgarri bat helarazi nahi digu denoi: gure etorkizunari buruzko erabakia noizbait hartzeko itxaropena galarazi nahi digu. Epai eta zigor honekin erakusten ari dira nola joko duten edonoren aurka, baldin eta egunen batean gauzatu nahi bada Kataluniak edo Euskal Herriak ahotsa eta hitza izatea.

Urte askotan Kataluniako erakundeak behin eta berriz saiatu dira Estatuko gobernuarekin elkarrizketa bidez egoera konpontzen. 2005ean proposatu zuten estatutua hustu egin zuten; halere, herritar katalanek bozkatu zuten. Baina bozketa honen ondoren ere Auzitegi Konstituzionalaren epai batek ostera desitxuratu zuen. Alabaina, erakunde katalanek elkarrizketaren bideari ez zioten uko egin, herritarren gehiengoak zituen helburuel bide emateko. Estatuaren erantzuna, behin eta berriz, ezezkoa izan zen. Horregatik mobilizazio soziala, masiboa eta baketsua gero eta handiagoa izan zen; mobilizazio horren ondorioz etorri zen 2017ko urriaren 1eko kontsulta, gogor zanpatua eta gaurko epai honekin zigortua. Horregatik esaten dugu epai hau eskarmentu gisa datorrela: hori baita arduradun politikoek eta jendarte zibileko eragileek espero dezaketena, baldin eta estatuko nazioei ahotsa eman nahi badiete.

Gasteizko Andra Mari Zuria.

Hain zuzen ere, Gorenak Altsasuko kasuari buruz eman duen beste epai lotsagarriak agerian utzi du Estatuko botereen benetako interesa: gazte batzuk erabiltzea euskal herritarroi diziplina politikoa ezartzeko, mendekua eta zigorra medio,
Agerraldi hauek deitu ditugun euskal sindikatuok ondo asko dakigu Espainiako Estatuak zer nolako botere errepresiboa duen, baina estatuko instituzioei mezu argi bat helarazi nahi diegu: ez da sortu euskal herriaren eta herri katalanaren asmo politikoak isilaraziko dituen epairik, ez estaturik.

Gure mobilizaziorekin esaten ari gara kontu honetan azken hitza ez dela zigorra, errepresioa edo mendekua izango. Bilatuko dugu bidea beste herrialdeetako herritarren pareko izateko, guri eragiten digunari buruz erabakitzeko gauza izateko, baita beste estatuekin harremana izateko moduaz ere.

Iruñeko udaletxe plaza.

Premiazkoa da mobilizatzea; hortan ari dira dagoeneko Katalunian. Horregatik, elkarretaratze hauek deitu ditugun sindikatuok eutsi egingo diogu demokraziaren, elkarrizketaren eta politikaren aldeko jarrerari, baita printzipio horien aldeko mobilizazioari ere. Horregatik lan munduari dei egiten diogu parte har dezan Gure Esku deitzen ari den mobilizazioetan, batez ere Donostian datorren urriaren 19an izango den manifestazioan (Antigua, 17:30).

Bozkatzea ez da delitua. Preso politikoak askatu!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.