2024-11-22
HomeEkintza SindikalaLan eta bizi duinaren alde egin dugu arraun Donostian, prekarizazioaren olatura igota...

Lan eta bizi duinaren alde egin dugu arraun Donostian, prekarizazioaren olatura igota dagoen patronalaren aurrean

Maitemintzen duten enpresak, lanerako erakargarriak omen diren Gipuzkoako enpresak aurkezteko NewCulturers Gunea antolatu du Adegik Tabakaleran, eta bertara deitu ditu hainbat eta hainbat gazte. Marketing kanpaina borobila da.Enpresa eredu berri batez mintzo zaigu Adegi, ametsik gozoenetan ere irudikatu ezingo genituzkeen enpresak: gimnasio eta guzti, langileon denbora librea errespetatzen dutenak… idilikoak, idealak. Errealitatetik, baina, urrun dago eredu horretatik, ADEGIk egun eskaintzen dizkigun enpresa eta lan harreman eredutik oso urrun. Hain zuzen ere, horixe salatu dugu LAB sindikatuak eta Ernai gazte erakundeak, Tabakaleraren aurrean egindako parodia eta mobilizazioarekin.

Langileon prekarizazioan oinarritzen da patronala. Sindikaturik gabeko enpresak nahi ditu, antolatu gabeko langileak. Banakako harremanak lehenesten ditu, langileak bakandu, bakartu eta kolektibotasunak duen indarra desaktibatuz. Behin-behinekotasuna, lan baldintza kaskarrak eta miseriazko soldatak eguneroko ogi dira ADEGIko kide diren enpresetako langileentzat.

Are gehiago, gazteontzat. Lau txanponen truke praktikaldiak eginez hasten dugu lan munduan prekarietatearen ibilbidea. Lehen egunetik bizirautera kondenatuta gaude, emantzipatu eta bizi proiektu duin bat proiektatu eta eraikitzea ezinezkoa bihurtzen zaigu.

Hona hemen ADEGIko kide diren hainbat enpresen asmo onen eta eredu maitagarriaren adibide zenbait:

-FRESMAK: Esan asko eta egin gutxi. Hitzetatik ekintzetara ez dira pasatzen. Sari asko jaso ditu enpresak, baina langileontzat inoiz ez dago saririk.

-IBARMIA: Ez dute inongo sindikatuta afiliatutako langilerik kontratatzen. Sindikalgintza debekatuta dago de facto enpresan.

-SIDENOR: Propaganda asko eta ekintza gutxi. 348 langiletatik 328 dira gizonezkoak eta 20 emakumezkoak. Eta hori, “Berdintasunaren alde lanean” kanpaina martxa jarrita daukatenean.

-SARRALLE: Ez dute sindikaturen batera afiliatutako langilerik kontratatzen. Sindikalgintza debekatuta dago de fakto enpresan.

-GKN: Inbertsio funts espekulatzaile batek erosita dauka GKN, eta edozein momentutan hondoratu liteke “guztiona” den trainerua.

Bistan da. ADEGI eta langileok ez goaz traineru berean arraunean, ezta joango ere. Bere interesen alde, poltsikoak ongi beteta jarraitzeko patronalak aurpegia zuritzen jarraitzen duen bitartean, gazteok, langileok, aurrean izango gaitu. Prekarizazioaren olatura igota den patronalaren kontra, guk, lan eta bizi duinaren alde egiten dugu arraun.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.