2024-11-22
HomeEkintza SozialaEkosozialismoaSistema kapitalistaren baitan larrialdi klimatikoari ezin zaiola aurre egin ohartarazi du Garbiñe...

Sistema kapitalistaren baitan larrialdi klimatikoari ezin zaiola aurre egin ohartarazi du Garbiñe Aranburuk

Gaur, bi orduz eten egin dugu gure jarduna krisi klimatikoari eman beharreko erantzun ekosozialistari buruz gogoeta egiteko. 11:00etatik 13:00etara, bi orduz, LABeko egoitzak ixtea erabaki dugu. Larrialdi klimatikoaren aurrean, ekosozialismoaren apustua berretsi dugu. Hala adierazi du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak Bilboko egoitzaren kanpoaldean egindako agerraldian. "Bidegurutze batean gaude: kapitala ala bizitza", nabarmendu du. Bitartean, egoitzak ixtearekin batera, Gasteizen, mintegi bat egin dugu trantsisio energetikoa ardatz.

Garbiñe Aranburuk agerraldi bat egin du Bilboko egoitzaren kanpoaldean, eta, bertan, LABen irakurketa plazaratu du.

Hain zuzen ere, larrialdi klimatikoa ezkutatu ezin den errealitate gordina dela nabarmendu du. "Larrialdi klimatikoari ezin zaio aurre egin sistema kapitalistaren baitan. Bidegurutze batean gaude: kapitala ala bizitza. Bat ala beste, kontrajarriak baitaude biak. Bizitza jomugan du sistema honek: desberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira eta naturaren ustiaketa neurrigabea da, jasangaitza. Sistema aldatu behar da. Sistema auzitan jartzen ez duenak egungo eredua zuritu egiten du". 

Iruñea.

Kapitalak krisi orori kapitalismo gehiagorekin erantzuten diela esan du; eta krisi klimatikoari, esaterako, kapitalismo berdearekin: "Ez dago kapitalismo berderik, ez dago kapitalismo jasangarririk, sistemaren aurpegi zuriketa baino. Hori da instituzioen jarrera. Kapitalaren interesen jagoleak ditugu Euskal Herrian ere: AHT, erraustegia, Supersurra, Hegoaldeko Tren Saihiesbidea, Frackina sustatzea eta krisi ekologikoan sakontzea da. Bizitza merkantilizatzen ari dira, esplotazioan oinarritutako sistema babesten dute, sistema dira".   

Gasteiz.

Gaurko deitua zegoen mobilizazio eguna sindikatuaren agendan sartu dugu. Gaur gure egoitzak bi orduz itxi ditugu, geratu egin gara, aski da esan dugu: "Keinu honekin larrialdi klimatikoari aurre egiteko sindikatuaren konpromisoa agerian utzi nahi izan dugu. Eta keinu honekin gaurko deituta dauden mobilizazio desberdinak indartu nahi ditugu".

LABen eguneroko borroka da sistema hau gainditzea, bizitza erdigunean jartzeko, beste bizitza bat izateko, bizitza duina. Eredu sindikala berritu dugu, feminismoaren eta ekosozialismoaren oinarriak gure eginez.

Gasteizen egindako mintegia.

Larrialdi klimatikoari aurre egiteko trantsizio ekosozialista baterako bidea egin behar da. Eta zein izango da LABen ekarpena trantsizio ekosozialista horretan?

Eraldaketa sozialerako aktibo izan. Egungo produkzio eta kontsumo eredua aldatu egin behar da, eta, justizia sozialaren norabidean, sortzen den aberastasuna modu orekatuagoan banatu. Hori da gure borroka.

Demokrazia eta burujabetzan sakondu. Merkatuen eta enpresa trasnazionalen neurrira eginiko sistema antidemokratikoa da, eredu ekonomiko eta sozialari buruzko erabakiak elite ekonomiko batek hartzen ditu. Langileen erabaki ahalmena handitzea ezinbestekoa da.

Larrialdi klimatikoaren aurkako borroka, ildo sindikalean txertatzea. Klase borroka eta ekologiaren aldeko borroka uztartu egin behar ditugu.

Donostia.

Gabiñe Aranbururen hitzetan, "trantsizio ekosozialista sustatzeko jendartearen aktibazio soziala da gakoa. Borroka honetan, langileak aktibatu nahi ditugu. Langileekin pedagogia egin, eta ikustarazi egunero lan baldintzak duintzeko egiten dugun borroka eta mundua gainbehera daraman larrialdi ekologikoari aurre egitea borroka bera direla. Bizitza duina defendatzen ari gara".

Beraz, gai hau, sindikatuaren konpromiso izatetik langilegoaren borroka bilakatzera urratsa ematea da LABen erronka: "Gaur sindikatua geratu dugu, etorkizunean langileak geratzeko".

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.